Komunikazioa

Euskarazko blogen inguruko lehiaketa bat eta inkesta bat, abian

Azkue fundazioak inkestako emaitzak jakinaraziko ditu. Martxoaren 30ean jardunaldi bat egingo dute, eta sariak banatu. [youtube]https://www.youtube.com/watch?v=ioaOG7HnGvo[/youtube]

urtzi urkizu
2017ko otsailaren 24a
16:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkue fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketa jarri du martxan. Bigarren aldia da lehiaketa antolatzen duena —lehena 2014an izan zen—, eta euskarazko 129 blogek parte hartuko dute oraingoan; kultura arlokoak dira nagusi, 58 blog aurkeztu baitira; aisialdia kategorian, 27 daude; gizarte eta politika kategorian, 21 blog; eta, zientziaren eta teknologiaren alorrean, 23. Parte hartuko dutenetako bat Castillo Suarez idazleak BERRIAren webgunean duen Iparraldeko neska literatur bloga da: www.berria.eus/blogariak/iparraldekoneska/.

Azkue fundazioko ordezkariek nabarmendu dute urte hasieran lehiaketa zabaldu zutenean hainbat galdera etorri zitzaizkiela burura: «Zenbat blog daude euskaraz? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa al da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen al dituzte blog horiek?». Zalantzekin batera, kezka bat ere badute Azkuen: «Ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketarik edo azterketarik».

Horregatik guztiagatik, inkesta publiko bat martxan jartzeari ekin dio Azkue fundazioak. «Helburua hasieratik izango da inkesta horren emaitzak jendeari zabaltzea eta partekatzea, eta hausnarketarako eta neurriak hartzeko tresna baliagarria bilakatzea», azaldu dute fundazioko iturriek. Inkesta egiteko fundazioko ordezkariak hainbat eragilerekin jarri ziren harremanetan. «Guztiek esan ziguten ez zegoela halako azterketarik, eta horregatik sortu genuen».

Azkue fundazioko ordezkarien ustez, ikuspegi ezberdinetako baliabideak beharrezkoak dira euskarazko blogintza sustatzeko: «Formakuntza eta trebakuntza, bai teknika aldetik eta bai hezkuntza aldetik, diru laguntzak, eta blogak gehiago zabaldu eta sustatu ahal izateko baliabide eraginkorrak lortzea».

Jardunaldi bat martxoan

Martxoaren 30erako, blogintzaren inguruko jardunaldi bat antolatu du Azkue fundazioak, Bilbon. Hantxe aurkeztuko dituzte inkesta publikoaren emaitzak. Halaber, lehiaketako sariak banatuko dituzte; sari bat egongo da kategoria bakoitzean, eta sari berezi bat euskal blogari berri onenarentzat. Jardunaldian, zenbait hitzaldi eta bi mahai inguru egingo dituzte; hitzaldietan, egoeraren azterketa egingo dute, inkestako datuak emateaz gain; mahai inguru batean, garapen arloa landuko dute, eta, beste batean, marketin arloa. Jardunaldira joan nahi duenak izena eman beharko du, eta aukera hori datozen egunetan iragarriko dute blogetan.eus atarian, egitarau osoa plazaratzearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.