Mementoko, ikastola berri hau ama eskola da, 12 haurrekin. Ekainean 14rekin bururatzea aurreikusten dute. Herriaren sarreran, lehengo Izarra jatetxe eta hotelean kokatua da. Obrak Seaskak diruztatu ditu. Laguntzeko, Basaizea Baigorriko kultur elkartea hor izan dute, baita ikastola berri horren proiektua bultzatu duen guraso taldea ere. Artean, Erramun Martikorena kantaria bere semea bertan sartu duena. Artista ilusioz betea dago: «Izugarri pozik gaude eraman lanagatik. Ikastola bat lortu dugu Baigorrin, azkenean!».
Saiakera bat egin zuten orain dela 20 urte, baina ez zuen iraun. Hortik laster Ortzaizen ireki zuten bat eta hara joan ziren baigorriarrak, auzoan baitzuten. Egun 95 bat ikasle daudela, hau da, gehiegi lekuaren arabera, kopurua emendatzeari aurre egiteko duela pare bat urte Baigorriko gurasoek hartu zuten beren gain herrian ikastolaren sortzeko ekimena.
Eta azkenean egiaztatu. Ipar Euskal Herriko hogeita bosgarren ikastola da hau. Orotara 2.263 haurren irakaskuntza segurtatzen dute. Erran nahi baitu, iaz baino 90 ikasle berri. Jakinez eredu guztiak gehiturik, Pirinio Atlantikoetako departamendu osoan 300 ikasle berri daudela, alde handia da proportzionalki.
Horrek guztiak, beraz, urte baikorra izan daitekeela erakusten du. Baina poza ez da arrunt osoa. Euskara ikasteko zinezko eskaera soziala badela berretsi badu Ixabel Xarriton Seaskako lehendakariak, horren asetzeko betiko frenoak agertzen direla gehitu du. Izan ere, Baigorriko andereñoa eta beste irakasle lanpostu bat Seaskak hartu behar izan ditu bere gain. Eta ezohiko erabaki hori gabe Baigorriko ikastola ezin izango zen ireki. «1994an [Frantziako] Ministerioarekin izenpetu hitzarmenaz geroztik, lehen aldia da Seaskak erabakitzen duela kontratuz kanpoko bi posturen finantzaketa».
Une honetan, Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin negoziatzen ari dela, preseski, hitzarmen bat izenpetzeko xedez, arazo hori gainditzeko esperantzan dago. Heldu den bilkura irailaren 14rako finkatua dute. Negoziaketen indar joko hori dagoela, Xarriton baliatu zen adierazteko hamar urte hauetan Seaskaren funtzionamendurako diru laguntzak ez direla emendatu. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eman diru laguntza 95.000 eurokoa izan da aurten ere. Konparazione, Bretainiako murgiltze eredua proposatzen duten Diwan eskolak arras beste egoera batean daude. Bretainia osoa kontutan hartuz, eta, jakinez, Diwanen Seaskan baino 500 ikasle gehiago baizik ez direla, Bretainiako Lurralde Kontseiluak eta Kontseilu Nagusiak 1,3 milioi euro atxikitzen dizkiote eredu horri.
Seaska atzoko hitzorduaz baliatu da EEPri murgiltze irakaskuntzaren garapenaren alde azkarki engaia dadin dei egiteko. Besteak beste, Seaskak bere gain hartu dituen bi postu horien finantzaketa eskatzen du.
BALIABIDERIK EZ. Betiko arazoarekin segitzen dute bai Seaskaren kasuan, bai beste hezkuntza ereduetan. Euskaraz ikasteko eskaria handituz doa, baina Parisek ez ditu beharrezkoak diren baliabideak ematen horri aurre egiteko.
Euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten beste eskolek ere postu eskasekin jarraitzen dute. Euskal Haziak federazioak, Eskola giristinoetan irakaskuntza elebiduna proposatzen duenak, ahal berekin segitzen du, ikasle gehiago ukanki. Horregatik, bost postu erdi gehitu ditu elebidun sailari, eta ondorioz, bost kendu frantsesez baizik irakasten dutenei.
Iaz, 1.547 ikasle baldin bazituzten ama eskola eta lehen maila elebidunetan, otsailean egin aurtengo prebisioek aurten 1.792 ikasle ukanen dituztela iragartzen dute. Orotara 29 eskola elebidun dituzte. Kolegio eta Lizeoen kasuan, zifrarik komunikatzeko ez dute oraino. Baina, hor ere baliabideak eskas. Bereziki galdegiten dutena da bigarren kutxa berezi bat izatea euskararen irakaskuntzarentzat. Baina aukera hori ez die onartzen Frantziak: «Betiko arazoa da. Ez dute postu berezirik sortu nahi. Eta hori, EEP izan ala ez», dio Maite Oxandabaratz Euskal Haziak ereduko kideak. Federazioak biltzar nagusia heldu den astean du.
IKAS-BIK GELA BERRIAK. Ikas-Bi eskola publiko elebidunen sareak ez du zehaztu zertan dagoen irakasle postuen aldetik. «EEPk baieztatu digu gela berriak irekiko direla Bidarten eta Getarin, baita Baiona inguruan ere, bi tokitan», azaldu du, halere, Mixel Esteban Ikas-Biko arduradunak. Baionan eta Miarritzen gela bana irekitzeko proiektuak ere badirela gehitu du, baina horiek oraino ez dira baieztatuak. Irailaren 5ean bilera bat izanen da Pauen, irakasle postuen banaketaren azken kalkuluak egiteko. Ikas-Bik orduan jakinen du ea behar dituen irakasle postuak emanen dizkieten ala ez.
Baigorriko ikastolaren sorrera segurtatzeko, Seaskak bere gain hartu du irakaslearen soldata
Euskal Haziak federazioak bost postu erdi elebidun zabaltzeko, frantsesezkoak kendu ditu
Bidarten, Getarian eta Baiona inguruko bi tokitan Ikas-Bi ereduko gelak irekiko dituzte
Zenbakia
2.000 Gastuak. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako familiek batez beste 500-2000 euro xahutuko dituzte aurten ikasleen ikasturte hasiera gastuak ordaintzeko: ikasmateriala, jantokia, garraioa, iraileko kuota, aisialdiko ekintzak eta jantziak kontuan hartuta. EAEko Kontsumitzaileen Federazioaren datuak dira.Lau eguneko asteakez du eztabaidarik sortzen
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako eskolek (kolegio eta lizeoek salbu) lau eguneko astea dute. Haurrak ez dira eskolara joaten asteazkenetan eta larunbatetan. Frantziako eskolen %66tan, aldiz, larunbat goizetan edo asteazken goizetan klasea izaten dute. Neurri horrek Frantzian eztabaidak sortzen baditu ere, Euskal Herrian «aho batez» onartua da, Michel Bouteiller Paueko Hezkuntza Ikuskari ordearen arabera. Euskal Herrikoa «salbuespena da». Baina horregatik hasten dira ikasleak eskolan bertze lekuetan baino goizago.Duela hamar bat urte hartu zen lau eguneko astea egiteko erabakia. Urtero eragileak biltzen dituzte hurrengo ikasturtean berdin jarraitu ala ez erabakitzeko. «Eta urtero lau eguneko egutegia errepikatzen da. Neurri horri esker haurrek asteburu luzeagoa pasatzen dute gurasoekin. Astelehenean pausaturik etortzen dira eskolara», dio Bouteillerrek. «Batzuetan arazo da, gurasoek ez badute astirik edo dirurik haurrei aktibitateak eskaintzeko».
Bidarteko eskola okupatu dute, hamargarren irakasle postua eskatzeko
Hiru oren laurden iraun zuen atzoko klaseak, Bidarteko eskola publikoan (Lapurdi). 09:15ean gurasoek eskola okupatu zuten. Irakasle postu bat gehiago sortzea eskatzen dute, hots hamargarrena. 247 ikasle daude eskolan, bederatzi geletan banaturik. Iaz baino 31 gehiago. Batez beste 27 haur gela bakoitzeko. Gela bakoitzean 25 ikasle izan behar lirateke gehienik. «Hamargarren gelaren irekitzea galdetzen dugu, jakinez egoitza bat badugula», dio guraso batek. Duela bi urte arte hamar gela baziren, baina ikasle kopurua apaldu zela-eta, postu bat kendu zuten. Orain, gela betetzeko adina ikasle daukate, baina ez irakaslerik.Hezkuntza Ikuskaria eta Bidarteko auzapeza Bidarten ziren atzo, ikasleak zenbatzeko. Zenbatu ondoren, erabakia ostiralean hartuko zutela jakinarazi zien ikuskariak gurasoei. Hemendik hara, eskola okupatzen jarraituko dute gurasoek.
Akamarreko eskolako gurasoek ere antzeko kexuak zituzten, eta eskola okupatu zuten. Irakasle postu eskasak salatu zituzten Donibane Garazin, Beskoitzen eta Baionako bi eskoletan ere. Bestalde, irakasleak haserre daude gero eta baliabide gutxiago dutelakoan. Irakasle sindikatuek mobilizazioa eginen dute irailaren 6an, Baionan.
Paperik ez duten ikasleak kanpora ez ditzaten eskatu dute
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan asko jota bost familiak eskatu dute erregularizatzeaEneko BidegainBaiona
«Ez daiteke irudikatu gure haurren lagunak hegazkineko aulkiari eskuburdinez loturik igor ditzaten, ikaskideek Zure izena idazten dut, Askatasuna testua lasai-lasai lantzen duten bitartean». Mugarik Gabeko Hezkuntza Sareak (RESF) horrelako egoerak gerta daitezkeen beldurra erakutsi zuen atzo Baionan. Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroaren legeen ondorioz, Estatuan 24.000 familia kanporatuak izateko arriskuan izan daitezke, nahiz eta haurrak bertan eskolatuak izan. Alabaina, 30.000 paperik gabeko etorkinek aurkeztu dute beren egoera erregularizatzeko dosierra. Baina Frantziak 6.000 familiaren egoera baizik ez zuela konponduko iragarri zuen. Gaineratekoak kanpora.
Ipar Euskal Herriko kopururik ez dago. Hamazazpi familiak aurkeztu dute dosierra Paueko prefekturan. Horietatik hamabi RESF sareak laguntzen ditu, eta guztiak Biarnokoak dira. Gainerateko bost familiei buruzko xehetasunik ez dago, eta ez dago jakiterik ea Ipar Euskal Herrikoak diren ala Biarnokoak. Kasu guztietan, horiei buruzko erabakirik ez du oraino hartu Paueko prefekturak.
Paueko prefekturak hamazazpi familietatik lauren egoera erregularizatu du. Beste baten eskaera atzera bota du eta alde egiteko eskatu. Gaineratekoei buruz ez du oraino erabakirik hartu. Ontsalaz, gaur emanen du erabakia.
Eskaera horiek atzera botatzen badituzte, familia horiek botatzeko aukerak handitzen direla dio RESF sareak. Alabaina, dosierra bete duten familien datuak eta helbideak badituzte. Horregatik, beste familia andana batek ez du erregularizatze eskaerarik aurkeztu, ez baitituzte Frantziako Gobernuak eskatzen dituen baldintzak betetzen. Eskaera aurkeztu gabe bazekiten haien eskaerak atzera botako zituztela, eta beraz kanporatuak izateko arrisku handiagoa zutela.
Hainbat baldintza bete behar dira paperak lortu ahal izateko. Azken bi urte hauetan Frantziaren menpeko lurraldeetan bizitzea, 2005eko irailetik hona haur bat eskolatua izatea (haurrak sei urte ukan behar ditu, gutxienez) eta haurra Frantzian sortua izatea edo 13 urte bete baino lehen etorria izatea dira baldintza «objektiboak». RESFen ustez, «subjektiboak» diren beste hiru baldintza gehitu dituzte, hala nola gurasoek haurren hezkuntza argiki laguntzea, haurrak jatorrizko herriarekin loturarik ez izatea eta familiaren integratzeko borondatea. Frantziako Gobernuak horrelako baldintza zorrotzak ezarriz paperik gabeko etorkin gehiago sortzen duela salatu du RESFek, hots, etorkinak klandestinitatera bultzatzen dituela.
EUSKAL HERRIAN GUTXI. Erregularizatze eskaera egin duten Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko etorkin familiarik ez izatea litekeena da. Asko jota bost leudeke. Baina hogei bat familia izan daitezke erregularizatzea lortzeko baldintzak betetzen ez dituztenak eta, beraz, dosierrik aurkeztu ez dutenak.
Etorkinen kontrako politika anitz gogortzen ari direla salatu du Laurence Hardoain abokatu eta Cimade elkarteko kideak. Ipar Euskal Herrian edo Frantzian lan egiten duten etorkinek familia ekarrarazteko baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte orain. Lehen urte baten buruan ekarraraz zezaketen familia, orain hemezortzi hilabetez zain egon behar dute. Horrez gain, lanbidearen bidezko diru iturriak justifikatu behar dituzte. Gizarte laguntzak ez dira nahikoak izanen, eta familia osoarentzako lekua duen etxebizitzan bizi behar dute.
Haurraren ezagupena egiterakoan ere gauzak alda daitezke. Gurasoek haurraren sortzea deklaratzen dutenean eta udaletxeko langileari «iruditzen bazaio» bietariko bat ez dela haurraren aita edo ama, fiskalari abisua eman ahal dio, gero inkesta bat egin dezaten. Haur bati hiritartasuna emateko «iruzurrak» ekidin nahi ditu Frantziak. Halaber, frantses hiritartasuna duen bat atzerritar batekin ezkontzeko baldintzak zorroztuko dituzte.