EUSKARA

Euskarazko Interneten Eguna ospatu dute lehen aldiz

Sarean.eus agerkari digital berria eta euskarak Interneten izan duen ibilbidea jasotzen duen Gailurra beti dago gorago ikus-entzunezko animazioa aurkeztu dute.

Iruñeko Katakraken egin dute ospakizun ekitaldia. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2016ko maiatzaren 17a
08:13
Entzun

Interneten Nazioarteko Egunean, jai-giroan ospatu dute I. Euskarazko Interneten Eguna Iruñeko Katakraken. PuntuEUS Fundazioak, Topaguneak eta Euskalerria Irratiak antolatuta, euskararen, kulturaren eta Interneten alorreko ordezkari ugari elkartu dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak ireki duen ekitaldian. Lehen edizioaren helburua "arloaren errepasoa egin, berrikuntzak aurkeztu, etorkizunaren soslaia egin eta euskarazko Interneten alde topa egitea" izan da. Horrela, eguna urtero ospatzea da asmoa.

Interneten 25 urteotan euskarak egin duen ibilbideari errepaso eginez abiatu da ospakizuna eta Gailurra beti dago gorago ikus-entzunezko animazioa aurkeztu dute. Marrazki bidezko bideo laburrak euskarak Interneten historian eman dituen pauso nagusiak eta izan diren mugarriak jasotzen ditu. Bideoaren edukiak Interneten arloan aritzen diren pertsonen ekarpenez osatu dira eta "agerian uzten du gauza on eta asko egin direla euskaraz interneten, oso komunitate aktiboa dela euskararena, baina indarrak dituenarentzat gailurra beti dagoela gorago eta oraindik asko dagoela egiteko".

Ekitaldiaren azken zatian Sarean.eus ataria aurkeztu du PuntuEUS Fundazioak. Internet eta Teknologia, IKTei buruzko agerkari digital berria da. Hedabide horren misioa "informatu, entretenitu eta kultura teknologikoa euskaraz zabaltzea" da. Laboral Kutxa da agerkari honen babesle nagusia. Horretarako, kolaboratzaile aditu ezagun eta esanguratsuen sarea eratu da: Alex Gibelalde, Dabid Martinez, Edurne Larraza, Eneko Agirre, Iñaki Alegria, Iñaki Lakarra, Iratxe Esnaola, Iruri Knörr, Josu Waliño, Josune Gereka, Joxe Rojas, Lorea Arakistain, Manex Garaio, Rafa Bañales, Unai Bilbao, Xabier Arrieta, Xabier Martin, Xabier Unanue eta Ana Vitorica.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.