Kazetaritza. Rikardo Arregi sariak. Unai Zubeldia. BERRIAko kazetaria

«Euskarazko kirol kazetaritzari egindako aitorpena da sari hau»

Maite Asensio Lozano.
Andoain
2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
2012ko Olinpiar Jokoetan egindako lanagatik Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia jaso dute BERRIAko Kirola sailak eta webguneko taldeak. Jokoen berri Londrestik emateko aukera izan zuen Unai Zubeldiak (Donostia, 1982), baina aitorpena talde lanaren emaitza dela nabarmendu du.

Kirol kazetaritzaren duintasuna aldarrikatzeko modua da saria?

Bai. Euskarazko kirol kazetaritzari egindako aitorpena dela iruditzen zaigu. Bere garaian Xabier Usabiagak jaso zuen saria, baina normalean halakoetan ez da kirol kazetaritza saritzen. Duela bost urte ere Pekingo Jokoetan oso lan ona egin genuen; iaz multimedia erantsi genion, paperetik Internetera eta telebistara ere jauzi eginda. Sukalde lan luzea egon zen atzean, eta lan handia atera zen.

Lan handia, eta talde lana.

Londresera bi lagun joan ginen, han gertatzen zena kontatzeko bi betaurreko. Baina hemen, Kirol sailean lantalde bat geratu zen. Jokoez besteko kirol informazioa ere eman behar zen; eta, gainera, diseinu lana dago, teknikoa, Internetekoa... Hogei pertsonako taldeak denbora askoan eginiko lanaren emaitza izan zen, denon lana lotuta joan zelako.

Euskarazko kirol kazetaritza desberdina al da?

Inguruko kirol egunkariekin alderatuta, bai. Gu saiatzen gara, beti lortu ez arren, kirol kazetaritzan errotutako ohitura matxistak alboratzen, eta emakumeen presentzia orekatzen, adibidez, arraunean. Asko geratzen zaigu egiteko kirol gutxituagoak lantzean. Eta justu Olinpiar Jokoetan horiek izan zuten arrakasta: euskal kirolariek lortutako hiru dominak —Maialen Chorraut, Maider Unda eta eskubaloi taldeko lau jokalariak— emakumeenak izan ziren, eta egunerokoan hainbesteko oihartzunik ez duten kiroletakoak.

Olinpiar Jokoetan apustu indartsua egina du BERRIAk aspalditik.

Krisi garaian bazegoen txikitzera jotzeko aukera, baina apustua handira egin zen, serioa. Argitaratutako produktuaren kalitateak orekatu zuen gastua; sariarekin ikusi da.

Zein oroitzapen duzu Londresen izandako esperientziaz?

Asko: hasierako ekitaldiaren zuzeneko kontakizuna, Wimbledonen Federer eta Del Potroren arteko sei orduko partida... Eta oso bereziak izan ziren Chorrauten eta Undaren dominak: familiak han zeuden, elkar ezagutzen genuen...

Azken egunean zuk esana: «Handitan kazetari».

Jokoak ikasgaia izan ziren: oso esperientzia humanoa; kirolariek tentsio eta pasio handiz bizi zuten; elkarrizketak oso benetakoak izan ziren, eta gozatu handia hartu genuen Imanolek [Magro] eta biok. Esperientziak irakatsi zidan maite ditudala euskara, kirola eta kazetaritza, eta hemen dagoela nire lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.