Eusko Legebiltzarrak 2005eko ekainaren 22an izendatu zuen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari, hirugarrenez. Dagoeneko zortzigarren legegintzaldiaren hiru laurdenak bete egin ditu Ibarretxeren gobernuak. Duela hiru urteko inbestidura saioan, EAJ-EAko hautagaiak hiru helburu nagusi finkatu zituen zortzigarren legealdirako: bake prozesu baten alde egitea, alderdi politiko guztien arteko normalizazio akordioa lortzea eta gobernagarritasuna bermatzea.
EAJk, EAk eta Ezker Batuak2005eko udaren hasieran sinatutako gobernu akordioan zehatzago finkatu ziren legealdi honetarako Jaurlaritzak hartutako konpromisoak. Gutxiengoan egonda, etengabeko negoziazioa bultzatuko zutela nabarmendu zuten hiru alderdiek hitzarmen horretan, ekimenak aurrera ateratzeko beste taldeen babesa ezinbestekoa zutela jakitun.
Akordioak bilatzeko prestasuna izanda, gobernuaren jardunari dagokionez bi helburu finkatu zituen hirukoak legealdiaren hasieran: bakea eta normalizazio politikoa lortzea, eta gizarte aurrerapena bermatzea. Xede horiek gauzatzeko, ekimen, plan, eta lege zerrenda luzea garatzeko konpromisoa hartu zuen hirukoak 2005ean. Horietako asko aurrera atera ditu, beste batzuk bideratu gabe ditu oraindik, eta beste hainbat tramitazio bidean daudeEusko Legebiltzarrean.
Egindakoa eta egin gabekoa
Hogeita bost lege baino gehiago onartu ditu Eusko Legebiltzarrak legealdi honetan -lege berriak eta aurretik onetsitako legeen aldaketak, tartean-. Halaber, aurreko legealditik adostasun faltagatik bidean zeuden hainbat proiektu ere berreskuratu zituen Ibarretxeren gobernuak legealdi honetarako, baina horietako bakar batzuk aurrera atera ditu orain arte: EAEko Lurzoruaren Legea, eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legearen erreforma. Hain justu ere, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzea ahalbidetzen duen legea izan da Eusko Legebiltzarrak onartu duen azkenetarikoa. Premiaz tramitatu ostean, udako sasoia hasi aurretik onartu zuen ganberak EAB ez gainerako alderdien babesarekin Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea.
Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean, berriz, erabaki eskubideari atea ireki eta herritarrei hitza emateko konpromisoa hartu zuen lehendakariak inbestidura saioan. Asmo horri helduta jakinarazi zuen iazko iraileko politika orokorreko eztabaidan aurtengo urriaren 25ean herri galdeketa egin nahi zuela. Hartarako, aurtengo ekainaren 27an, ikasturte politikoa amaitu eta bat, galdeketa arautu eta deitzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak .
Normalizazio politikoa lortzeko bidean bestelako urratsak egiteko konpromisoa hartu zuen Ibarretxeren gobernuak duela hiru urte, eta bide horretan hainbat ekimen garatu ditu: besteak beste, Normalizaziorako Kontseilu Politikoa sortu du, eta Giza Eskubideen eta Bakearen Aldeko Hezkuntza Plana eta Eskubide Zibil eta Politikoen Alde Lan Egiteko Programa martxan jarri ditu. Halaber, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legea aurrera ateratzea lortu du Legebiltzarrean, nahiz eta alderdi eta biktima elkarteen ika-miken ondorioz, uste baino beranduago izan .
Hirukoaren gobernu akordioan hitzartutako bestelako ekimenak, ordea, gauzatu gabe ditu oraindik Jaurlaritzak. Hala, aurreko legealditik gauzatu gabe geratu zen Giza Eskubideak eta Askatasunak Babesteko Behatokia egitasmoak ez du oraindik bideratu Eusko Jaurlaritzak, legealdi honetarako berreskuratzeko konpromisoahartu bazuen ere.
Gizarte alorrean, berriz, legegintzaldiaren erdira iritsi baino lehen etxebizitzari buruzko lege proiektua Legebiltzarrera bidaltzeko konpromisoa hartu zuen hirukoak gobernu akordioan. Haatik, legearen proiektuaurrea oraindik ez du onartu gobernuak, nahiz eta Etxebizitza sailburuak hitz eman zuen uda aurretik igorriko zuela egitasmoa Legebiltzarrera, legealdia amaitu baino lehen onartua izateko. Edozelan ere, etxebizitza alorrean bestelako ekimenak egin ditu Jaurlaritzak: besteak beste, iruzurrari aurre egiteko Babes Publikorako Etxebizitzen Erregistroa sortu du.
Legealdia amaitzeko urte erdi baino ez denean falta, Jaurlaritzak oraindik bideratu gabe dituiragarritako hainbat egitasmo: tartean, Hezkuntza Sistemaren Legea, Enpleguaren Legea, Lanbide Heziketaren Legea eta Etxebizitzaren Legea. Ordea, dagoeneko tramitatzen ari da Gizarte Zerbitzuen eta Familien Sostengurako Legeak.
Legeen balantzea
BIDERATU GABEKOAKEtxebizitzaren Legea .
Hezkuntza Sistemaren Legea.
Udal Legea
Lurralde Historikoen Legearen erreforma
Enpleguaren Legea
Lanbide Heziketaren Legea
Portuen Legea
Ehizaren Legea
Artxiboen Legea
Ikus-entzunezkoen Legea
Kutsadura eta Lurraren Kutsadura Zuzentzeko Legea
TRAMITATEAN
Gizarte Zerbitzuen Legea.
Kargu publikoek bete behar dituzten jarduera eta karguekin bateragarri diren jarduerei buruzko legea.
Turismoa Antolatzeko Legea aldatzekoa
Familien Sostengurako Legea
Okupazio-Terapeuten Elkargoa Eratzearen Legea.
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea.
Erkidegoak hirigintza jarduerek sortutako gainbailioetan izan behar duen parte hartzea aldatzeko legea.
ONARTUTAKOAK
Uraren Legea
Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren Legea aldatzekoa.
Herri galdeketa deitzeko eta arautzeko legea.
Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea
Museoen Legea
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Legea
Garapenerako Lankidetzaren Legea
Etxepare Euskal Institutua sortzeari buruzkoa.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzekoa.
Euskadiko Liburutegien Legea.
Familia Bitartekaritzaren Legea
Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legea
Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikieen Legea.
Merkataritza Jardueraren Legearen bigarren aldaketa.
Euskal Eskola Publikoaren Legea bigarrenez aldatzekoa.
Foru Aldundiek EAEko aurrekontuei egin beharreko ekarpenak zehazteko 2007-2011 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoa.
Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoeen Legea.
Nekazaritza Ganberak azkentzekoa.