Eusko Jaurlaritzak 4.000 milioi euro aurreztu nahi ditu energian 2020rako

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko energia politika hamar urtez gidatuko duen agiria aurkeztu du Undak

Elgeako parke eolikoa, Araban. Energia iturri hori sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
2020. urterako 4.000 eta 5.000 milioi euro bitartean aurreztu nahi ditu energiaren arloan Eusko Jaurlaritzak; horretarako, exekutiboak hiru bide erabiliko ditu: erabiltzen den energia kopurua murriztearen, eredu berriztagarrien eta arlo horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diharduen industriaren aldeko apustua egingo du. Gainera, 2005ean isuritako berotegi efektuko gasak %18 gutxitzeko asmoa du Jaurlaritzak.

Atzoko gobernu kontseiluan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 2020ra arteko energia plana, eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak ezagutarazi zuen agiria. Hamar urtez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako energia politika gidatuko du planak, eta 200 eragiletik gora aritu dira plana diseinatzen; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen, udal administrazioen, Energia Klusterreko hainbat enpresaren, kontsumitzaile elkarteen eta talde ekologista batzuen artean egin dute dokumentua. Guztira, sei hilabetez jardun dute horretan lanean.

Espero duen helburura ailegatzeko, neurri ugari jaso dituzte txostenean. Energia eskaera jaistea da horietako bat. Gaur egun kontsumitzen dena %17 gutxitzea du helburu Eusko Jaurlaritzak, besteak beste petrolioaren erabilera %9 jaitsita. Horretarako, 2020an 37.100 ibilgailu elektriko martxan egotea nahi du. Garraioaz gain, eraikinetan ere energia gutxiago kontsumitzea sustatuko du Jaurlaritzak. Gainera, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko energia ekoizpen osoan iturri berriztagarriek egin beharreko ekarpena indartuko du. Gaur egun, ekoizpenaren %7 dator iturri berriztagarrietatik; kopuru hori %14ra igo nahi dute hamar urtean. Halaber, energia eolikoa garatzeko beharra nabarmentzen du txostenean, eta 2020an energia iturri hori berriztagarrien %45,45 izango delakoan da.

Undak esan duenez, energia eolikoa iturri berriztagarrien %45,45 izateko helburua «errealista eta komenigarria» da. Hala izateko, gaineratu du arlo horretan probak egiteko poligonoen sorrera sustatuko duela Eusko Jaurlaritzak. Planean jasotako neurrien bitartez energia sistema iraunkorrago bat sortu nahi dutela azaldu du Undak, eta erantsi du energia eskaeraren %61 gas naturalaren eta berriztagarrien bitartez betetzea dela helburua.

Guztira, 10.710 milioi euroko kostua izango du planean jasotako helburuak betetzeak. Diru hori, ordea, sektoreko enpresek egindako inbertsioen bidez ordaintzea espero du Jaurlaritzak. Horretarako, EAEko energia industria sendotu nahi du, sektore horren irabaziak %25 handitu daitezen. Bestalde, 10.710 milioi euroko gastu horren %16,5 exekutiboak berak ordainduko du, laguntza eta inbertsio publikoen bidez.

24.400 lanpostu

Energia industriak enpleguan eta ekonomian duen garrantzia nabarmendu du Undak. Hain zuzen, azaldu du 24.400 pertsona ari direla lanean sektore horretaneta horiek 356 enpresatan daudela banatuta. Guztira, 15.469 milioi euroko fakturazioa sortzen dute, eta horietatik 188 milioi ikerkuntzan eta garapenean inbertitzen dituzte.

Undak adierazi duenez, energian eta ingurumenean dauden «erronka handiei» emandako erantzuna da plana, eta enpresei «hazteko aukera paregabea» eskaintzen diela erantsi du. Enpresek hazkunde hori «teknologiaren garapenaren, lankidetzaren eta negozio bide berriak identifikatzearen bidez» eskuratuko dutela ziurtatu du Undak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.