Eusko Jaurlaritzak asmoa du ikastetxeetako irakurketa estrategia indartzeko

Hezkuntza Sailaren esanetan, proiektu berrien eta zehatzen bidez ikasleen irakurketa «sendotzea» nahi dute.

irakurri
Ikasle bat irakurtzen, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 14a
17:52
Entzun

Proiektu berrien eta zehatzen bidez ikasleen irakurketa «sendotzea». Horixe du helburu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakurketa estrategia eguneratuak, eta gaur aurkeztu du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak, Bizkaiko sei ikastetxetako zuzendariekin eta Berritzeguneko ordezkariekin batera.

Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, irakurketa estrategia berrituak ikastetxeetako irakurketa estrategia antolatzen eta artikulatzen du. Berez, lan ildoa ez da berria, baina estrategia «sendotzea» erabaki dute: «Proiektu berrien eta zehatzen bidez irakurketa sendotzera dator estrategia eguneratua». Hain zuzen ere, bost zutabe nagusi indartu asmo dituzte: esku hartzeko proiektu zehatzak eskaintzea, ikastetxe bakoitzaren gobernantza, irakasleen formakuntza, ikasleen protagonismoa eta familien eta komunitatearen inplikazioa. Alegia, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuan ikastetxeko irakurketa estrategia ardatzetako bat izan beharko da, eta zenbait helburu izango dituzte: irakurtzeko konpetentzia garatzea, ikastetxeetako liburutegiak «benetako baliabide zentro»  bihurtzea...

Eta zergatik indartuko dute estrategia? Pedrosak azaldu duenez, irakurtzea ezinbestekoa da hizkuntza eta hezkuntza garatzeko: «Ikasleek gai izan behar dute era askotariko testuak ulertzeko eta interpretatzeko; ikasleek gaitasuna izan behar dute informazioa jasotzeko, gogoeta egiteko eta mezuak transmititzeko».

Proiektu zehatzak

Zenbait proiektu zehatzen berri ere eman du Pedrosak. Esaterako, ikasteko zailtasun espezifikoak goiz atzemateko eta esku hartzeko prozedura bat jarriko dute martxan, eta plataforma digital bat ere jarriko dute martxan, «irakurzaletasuna modu egituratuan eta jarraituan pizteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.