Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek Ezagutza Gizartean Zabaltzeko Egitasmoa aurkeztu du gaur Donostian. Helburua da zientziari esparru publikoan lekua egitea eta ezagutzaren hedapenean parte hartzen duten eragileak lankidetzan aritzea. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzat eta ezagutzaren zabalkundean dihardutenentzat izan da aurkezpena. Zientzialariek «ikusgaitasun eta prestigio sozial handiagoa» izatearen garrantzia nabarmendu dute.
Egitasmo horren barruan, askotariko ekintzak egingo dituzte. Gaur, lehenengo bien berri eman dute: kultura zientifikoaren aldeko aliantza bat sortu dute, eta webgune bat abiarazi, Zientziaklik. Aliantza askotariko erakundeen lana bateratzeko izango da, eta webgunea, berriz, ekitaldien berri emateko.
Perez Iglesiasek uste du ezinbestekoa dela zientzia gizarte osoaren eskura dagoen ondasun publiko gisa hartzea eta hura sustatzeko jardutea, eztabaida publikoetako eta prozesu demokratikoetako parte hartze kritikoa indartzeko. Garrantzia eman dio informazioa eskuragarri izateari: «Funtsezkoa da administrazio publikoek zientzia eta jakintza gizarte osoarentzat eskuragarriago jarriko dituzten proiektuak eta ekinaldiak sustatzea, eta gizarte hori osatzen duten esparru denetara eta pertsona guztiengana iristea».
Hala, baliabideak jarriko dituzte —bai giza baliabideak eta bai baliabide ekonomikoak— herritarrak zientziaren eta berrikuntzaren sistemara hurbiltzeko eta sistema horren aurrerapenak eta lorpenak ezagutarazteko. Proiektuak 7,4 milioi euroko aurrekontua izango du lau urterako, 2025etik 2028rako aldirako.
Esparru publikoan kokatzen
Kontuan hartuta bai gizartean zientziaren inguruan dagoen pertzepzioari buruzko azterlanak, bai jakintzaren hedapenari buruzkoak eta bai zientzia dibulgazioko jarduerei buruzkoak, Perez Iglesiasek beharrezkotzat jo du «ahalegin are handiagoa» egitea zientzia eta jakintza esparru publikoan kokatzeko. Jakintzaren hedapena indartzea proposatu du, helburu horretarako bereziki diseinatutako hainbat ekintza bilduko dituen proiektu baten bidez.
Proiektuaren helburu nagusia da zientziari lekua egitea esparru publikoan, ikusgaitasuna emateko eta gizartean duen ospea eta erakusten zaion begirunea handitzeko. Helburu horrek ondorio politikoak dituela azaldu du Perez Iglesiasek: «Botere publikoek zientziari eta ezagutzari orokorrean ematen dioten indarra aldatu egiten da gizartean ematen zaion balioaren arabera. Balioa ematen bazaio, botere publikoek garrantzi handiagoa emango diote».
Gai zientifikoen hedapen inklusiboa sustatzea da beste helburuetako bat: «Ezagutza ez da iristen neurri berean gizarte talde guztietara: badaude kolektibo batzuk bereziki urrun daudenak goi mailako ezagutzatik, eta hor dagoen arrakala gainditu nahi dugu». Gainera, gizartearen parte hartzea sustatu nahi dute.
Aliantza eta webgunea
Aliantza bat sortu dute kultura zientifikoaren aldeko erakunde eta eragile guztien ahaleginak batzeko. Jakindari izena jarri diote. Helburu nagusia da erakundeek jakintza zientifikoa jendeari hurbiltzeko egiten dituzten ahaleginak batzea, jarduera kolektiboak eta jardunbide egokien trukea sustatuz. Desinformazioaren eta manipulazioaren aurkako funtsezko tresnak emango dizkiete herritarrei, gainera.
«Aliantzaren bidez, eragileen arteko lankidetza eremuak sortu nahi ditugu, helburu berak lortzeko orduan eraginkorragoak izateko», azaldu du Perez Iglesiasek. «Ezinbestekoa izango da, egun berean eta herri berean ez daitezen antolatu publiko bera izan dezaketen bi ekitaldi».
Elkarteek antolatzen dituzten jardueren berri zabaltzeko, Zientziaklik webgunea sortu dute. Jakindari kultura zientifikoaren aldeko aliantzaren erakusleihoa da, eta kultura zientifikoaren arloko ekitaldi guztiak kontsultagai egongo dira hartan. «Kultura zientifikoaren arloko ekintzak erakusteko eremu bat izatea nahi dugu», esan du Maria Rubio saileko aholkulari eta proiektuaren arduradun nagusiak.
Webgunearen bidez, herritarrek erraz ikusiko dute ekitaldi eta jarduera zientifikoen eskaintza, eta, aldi berean, eragileen arteko lankidetza sustatzeko balioko du. Rubiok azaldu du erabiltzaileen eskura egongo direla, besteak beste, agenda bateratu bat, bilaketa geolokalizatua, albisteak argitaratzeko euskarri bat eta buletinetara harpidetzeko sistema bat.