Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak eten egin ditu Irale ikastaroak, «izurriaren egoeragatik»

Hezkuntza Sailak zirkular baten bidez jakinarazi dio Iraleri. Hilaren 28ra arte etenda egongo dira ikastaroak, eta orduan berrikusiko dute erabakia

Iralen egindako murrizketak salatzeko elkarretaratze bat, 2020ko udan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gaixo agiria duten irakasleen kopuru altua dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eten egin zituen atzo irakasleak euskalduntzeko Irale programako ikastaroak. Zirkular baten bidez jaso zuten Iralen erabakiaren berri. «Pandemiaren egungo egoeraren eta ordezkapenak betetzeko beharraren» ondorioz hartutako erabakia dela arrazoituta eman zuen Hezkuntza Sailak erabakiaren berri. Agiriak zehazten du Irale programarako liberatutako irakasle guztiak bihar bertan «beren erreferentziazko ikastetxeetara» itzuliko direla, eta lanpostu horretan egongo direla urtarrilaren 28ra arte, egun hori barne. Gainera, epe horretan ikastaroak berriz hasteari buruzko informaziorik eman ezean «etenda jarraitzen dutela ulertuko» dela dio gutunak.

Urtarrilaren 31n berrekingo diete Iraleko klaseei, betiere «egoerak hobera egingo balu». Iraleko irakasleak ordezkatzen ari direnei dagokienez, Hezkuntza Sailaren gutunak dio eutsi egingo zaiela «ikastetxeetan egindako ordezkapenetarako kontratatutako pertsonen kontratuei». Horrela, espero du «zentro batzuen egoera arintzea» eta «ordezkapenen estaldurak beste batzuetan egin ahal izatea».

Gaixo agiriarekin dauden irakasleen kopuru handiarekin lotuta hartu du erabakia Hezkuntza Sailak: «Pandemia dela eta, ikusi dugu irakasleetan bajak daudela, eta, egoera horri aurre egiteko, erabaki dugu ikastaroak etetea». Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak herenegunjakinarazi zuen 1.350 zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera horretan zeuden irakasleak, eta horiek utzitako hutsuneak betetzeko ahaleginean ari dela Hezkuntza Saila.

Atzo, ordea, Iraleren jarduna geratzeko erabakia jakinarazi baino ordu gutxi lehenago, baja kopurua «zertxobait txikiagoa» dela adierazi zuen, Ser irrati kateari emandako elkarrizketa batean, eta, horrenbestez, hutsuneak «egonkortzen» ari direla. Halaber, «ia baja guztiak» estalita daudela esan zuen. Ordezkapenak egiteko sistema ere defendatu zuen Bildarratzek. Haren arabera, «zerrenda oso zabalak» daude, eta, horrez gain, hutsuneei «egun batetik bestera» erantzuteko gai da sistema informatikoa.

ELAren salaketa

Hezkuntza Sailaren erabakia kritikatu zuen ELA sindikatuak, ohar bidez. ELAren iritziz, «inprobisazioaren» beste adibide bat da erabakia, eta atzera egiteko eskatu zion Hezkuntza Sailari. Sindikatuaren arabera, berrehun ikasle inguru dira ikastaro hauetarako liberatu direnak, eta Hezkuntza Sailari galdegin zionikastaroak eta liberazioak berrezartzeko, euskalduntzearen aldeko «benetako apustua» egiteko, eta osasuna bermatzeko baliabideak jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.