APUSTU ETXEAK

Eusko Jaurlaritzak ez du emanen joko aretoak irekitzeko baimen gehiagorik, behin-behinean

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, Jokoaren Araudi Orokorreko plangintza berraztertzea erabaki dute, eta, prebentzio neurri gisa, baimenik ez dute emanen araua aldatu bitartean. Neurriak ez die eraginen jada emanak dauden baimenei.

Apustu etxeen aurka egindako protesta bat, Gasteizen, iazko ekainean. JAIZKI FONTANDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 14a
13:28
Entzun

«Datozen hiru urteetarako plangintza berrikusteko araudia onartzen den bitartean, bertan behera utziko dira joko aretoak instalatzeko eta abian jartzeko baimenak emateko eta gauzatzeko prozedurak». Halaxe adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur eguerdian, Gobernu Kontseiluaren ondotik egindako agerraldian. Joko aretoetan aldaketak egiteko baimenik ere ez dute emanen, «lokalaren eremua handitzea ez dakarten obren kasuan izan ezik», eta joko makinak ustiatzeko baimen berririk ere ez.

Erkorekak nabarmendu du gazteen artean arazoa sortzen ari direla apustu etxeak: «Jokorako aukerak asko ugaldu dira eta gazteen artean, bereziki, zaletasun hori areagotzen ari da». Egoera zein den ikusita «ezinbestekoa da neurriak hartzea», Erkorekaren erranetan, «plangintza berria egiteko prozesua osatu eta egin beharreko arautegi aldaketak egin arte». Bederatzi hilabetera arte luzatu daiteke neurria.

Erabakiak ez die eraginen jada baimena lortua dutenei: gaur egun oraindik irekiak ez dauden zazpi lokalek, bortz joko aretok eta bi bingok lortua dute baimena. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi du jokoak dakartzan arriskuak apaldu nahi dituztela: «Gazteen artean menpekotasun arazoak saihestu nahi ditugu, ahal den neurrian». Horretarako, bertzeak bertze, joko aretoetarako sarbidea gehiago kontrolatu nahi dute, eta lokalen eta ikastetxeen artean baimenduriko distantzia berraztertu.

Nafarroan ere ez

Joan den urrian eta azaroan, hurrenez hurren, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ere jakinarazi zuten ez zutela halako baimenik emanen, behin-behinean. Nafarroako Gobernuak sei hilabeteko tartea jarri zuen, eta Iruñeko Udalak, berriz, urtebetekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.