Erreakzio soka luzea ekarri du Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltran bilatzeari utzi izanak. Zaldibar eta inguruko herrietako herritarrek osatutako Zaldibar Argitu plataformak erantzukizunak «argitzeko» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari: «Eusko Jaurlaritzak bilatzen ez jarraitzea erabakitzen badu, une egokia da gertatutakoaren ondorioak bere gain hartzeko eta erantzukizunak argitzeko, behar diren dimisio eta karguekin, eta kargugabetzeekin».
Zaldibarko zabortegia erori zenetik «informazio eta gardentasun falta» egon dela salatu du plataformak. Beltranen gorpua aurkitu ez izana erabateko «porrota» dela nabarmendu du, eta mobilizazioetara deitu ditu gaur 19:00etarako Zallan, Eibarren, Ermuan eta Elgetan, eta 19:30erako Zaldibarren bertan.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik nabarmendu du berri «lazgarria» dela bilaketa lanak eten izana. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ardura hartzeko auzian: «Sinetsita nago enpresak ez duela lanen dirua itzuliko. Esku pribatuetan utzi du administrazio publikoaren erantzukizuna den eremua, ez du kontrolatu, eta, azkenean, guk ordainduko dugu. Hori da kudeaketa izugarri honen zirkulua», nabarmendu du Otegik.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ere egun lazgarria dela erran du, eta Eusko Jaurlaritzari ere ardura bete ez izana leporatu dio: «Gorpuak aurkitu arte ez geratzeko konpromisoa iragarri zuen aurreko zein oraingo gobernuak, eta ez da helburua bete».
Carlos Iturgaitz PPko eledunak ere gogor gaitzetsi du erabakia: "Gaizki hasten dena gaizki amaitzen da, eta adibidea Zaldibarko zabortegia da. EAJren kudeaketaren porrot izurgarria erakusten du. Oso argi utzi nahi dut EAJren kudeaketa onaren mitoa Zaldibarko zabortegian lurperatuta dagoela».
Enpresaren dolumin mezua
Zaldibarko zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresak doluminak bidali dizkio Beltranen alargunari, sendiari eta familiari, eta «une latzetan» laguntzeko edozer egiteko prest daudela nabarmendu du. «Gure tristezia erakutsi nahi dugu ez dutelako Joaquinen gorpuzkia topatu», nabarmendu du enpresak bidalitako oharrean. Halaber, eskerrak eman dizkie azken hilabeteetan zabortegian lanean ibili diren langileei, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko dutela nabarmendu du gertatutakoa argitzeko.
Zaldibarko Udalak familiari elkartasuna luzatu dio, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aukerarik txikiena badago, bilatzen jarraitzeko. Halaber, bilaketa lanetan aritu diren langileei beren esker ona helarazi die udalak.