Eusko Legebiltzarra. Baketzeari eta elkarbizitzari buruzko eztabaida

Eusko Legebiltzarra desegitearen alde agertu da ezker abertzalea

«Gatazka bat ezin da konpondu ukatzen bada», ohartarazi dio Maribi Ugarteburuk Lopez lehendakariari

Oskar Matute, Juanjo Agirrezabala eta Maribi Ugarteburu, atzo, Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. RAUL BOGAJO/ ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Gasteiz
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean sortzekotan dagoen elkarbizitzari buruzko lantaldean indar guztien parte hartze iraunkorra eta aukera berdintasuna bermatzen ez badira, Eusko Legebiltzarra desegin eta eta hauteskundeetara deitzearen alde agertu zen atzo ezker abertzalea. Horrela adierazi zuen Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan bertan.

Maribi Ugarteburu, Oskar Matuterekin eta Juanjo Agirrezabalarekin batera agertu zen prentsa aretoan, Patxi Lopezen agerraldia baloratzeko. Haiekin batera Aralarreko Dani Maeztu eta Mikel Basabe legebiltzarkideak joan ziren prentsaurrekora, baina ez zuten hitz egin.

«Lantalde horrek ez badu bermatzen indar politiko guzti-guztien parte hartze iraunkorra eta baldintza berberetan izatea, ezker abertzaleak eskatzen du lehenbailehen desegiteko zilegi ez den parlamentu hau, eta hauteskunde prozesu demokratiko bati hasiera emateko», adierazi zuen Maribi Ugarteburuk goizeko saioaren amaieran.

Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute oso kritiko izan ziren Patxi Lopezen ildoarekin. Ugartebururen ustez, Patxi Lopez, urriaren 20an bezala, «oso urruti» dago euskal gizartetik. «Lopezek gatazka politikoaren existentzia bera ukatzen duen eskema bat darabil, eta, noski, gatazka bat ezin da konpondu gatazka hori ukatzea bada hasierako jarrera». Ugartebururen ustez, Lopez mugitzera behartuta sentitu da, baina ez dio erantzun gehiengoaren nahiari.

Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak, berriz, herritar guztiei bere egia inposatzen saiatzea leporatu dio Patxi Lopez lehendakariari. Halaber, bazterketa alboratzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.