Gernikako Estatutuak dioena betetzeko, eta espetxe sistemaren kudeaketa EAEra eskualdatzeko eskatu du gaur, ia aho batez, Eusko Legebiltzarrak. EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk adostu duten erdibideko zuzenketak egin du aurrera gaurko osoko bilkuran. PPk bakarrik eman du kontrako botoa. Hala, legebiltzarreko gehiengoaren babesarekin egin du aurrera proposamenak. Lau taldeek onartutako testuan, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diete "lehenbailehen" has daitezela negoziatzen espetxe sistemaren eskumena, eta, hartarako Transferentzien Bitariko Batzordea dei dezatela. Negoziazio horiekin espetxe zerbitzuen eskumena EAEra eskualdatzea lortu beharko lukete bi aldeek, hala jasota dagoelako Gernikako Estatutuan, testuak dioenez.
Gaurko eztabaidan, EAJko Joseba Zorrillak gogora ekarri du Kataluniak aspaldi duela espetxe eskumena eskualdatuta, eta "zentzuzkoa" dela Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean ere elkarrizketa abiatzea helburu hori lortzeko. EH Bildutik Jone Goirizelaiak ezinbestekotzat jo du EAEk eskumen hori izatea "espetxe politikoa propioa" izan dezan. Alexia Castelo sozialistak, bestalde, eskatu du ez dadila "nahastu" eskumen horren eskualdaketa espetxe politikarekin. Elkarrekin Podemoseko Juan Luis Uriak txalotu egin du eztabaidan lortutako adostasun maila handia, eta nabarmendu du eskumen hori eskualdatzeak balio behar duela presoekiko "tratua" hobetzeko. PPk ez du babestu ekinbidea, eta Nerea Llanosek gainerako taldeei leporatu die "beti Madrilera begira egotea".