Eusko Legebiltzarrak irailaren 3an egingo du inbestidura saioa

Ezustekorik ezean, Iñigo Urkullu izendatuko dute berriro lehendakari. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak eman du inbestidura saioaren dataren berri, osoko bilkura egin ostean.

Irailaren 3an hasiko da inbestidura saioa. EUSKO LEGEBILTZARRA / EFE
2020ko abuztuaren 13a
11:41
Entzun

Datozen asteetan ezustekorik ez bada, Iñigo Urkulluk hirugarren legegintzaldia abiatuko du irail hasieran. Hilaren 3an egingo du Eusko Legebiltzarrak inbestidura saioa, eta EAJren hautagaia izendatuko dute lehendakari; lehen aldiz, ez dute bigarren itzuliaren bozketa egin beharko, EAJk gehiengo osoa izango baitu, jeltzaleen 31 botoei PSE-EEren hamarrak batuta.  Oraindik ez dute inbestidura akordioaren berri eman, baina bien arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dute, eta azken legealdiko formula errepikatzea espero da. Gauzak hala, Urkulluk irailaren 5ean egingo luke karguaren zina Gernikako Arbolaren aurrean, eta, aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritza berriak irailaren 7an hartuko luke XII. legegintzaldiaren kargua Ajuria Enean.

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eman du gaur inbestidura saioaren dataren berri. Alderdiek abuztuaren 28ra arteko epea izango dute euren hautagaiak aurkezteko. Oraingoz, baieztatuta dagoen bakarra Urkullu bera da, baina EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek gaur goizean azaldu du koalizio subiranista aztertzen ari dela Iriarte bera aurkeztu edo ez; duela lau urte hala egin zuten, inbestidura eztabaidan ahots propioa izateko asmoz. Halere, ez dute gehiengoa lortzeko aukerarik, 21 eserleku baitituzte. Ezkerreko alderdien balizko akordio batek ere ez luke gehiengo osorik emango: EH Bilduren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen artean 37 eserleku dituzte.

Gaurko osoko bilkuran, bestalde, 75 parlamentarien ondasun eta jarduerak bateragarriak direla onartu dute bozketarik gabe.

Vox geratzeko neurriak

Gaurkoan ez dituzte inbestiduraren ingurukoak bakarrik tratatu. Talde mistoaren presentzia murriztea adostu dute Legebiltzarreko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamena onartuta adostu dute hori. Talde mistoko kide bakarra Vox alderdiko Amaia Martinez legebiltzarkidea da.

Beste hainbat neurriren artean, talde guztiek, mistoak izan ezik, gehienez bi ekinbide aurkeztu ahal izango dituzte bilkura bakoitzeko. Voxek, berriz, hiru bilkuratik behin ekinbide bat aurkezteko aukera izango du. Eztabaidetan ere, gainerako taldeek duten denboraren herena izango du hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.