Juan Jose Pujana

Eusko Legebiltzarreko habeen egilea

Eusko Legebiltzarreko lehen bi legealditako presidentea hil da. Egungo funtzionamenduaren oinarriak jarri zituen. Belaunaldi baten eredu, eta abertzale eta euskaltzale «sutsu» gisa oroitu dute.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Erredakzioa
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko egoitza abian jarri eta araudiari gaur egun dauzkan oinarriak jarri zizkion gizona zendu da: Juan Jose Pujana (Bilbo, 1943). Gernikako juntetxean izandakoosoko bilkuran izendatu zuten Eusko Legebiltzarreko lehendakari, 1980ko martxoaren 31n. Lehen legegintzaldi hartan, Gasteizen finkatu zuen legebiltzarraren egoitza, egungo eraikinean. Bigarren legegintzaldian berriro ere presidente aukeratu zuten; 1987ko urtarrilaren 8ra arte iraun zuen legegintzaldi hark.

Lehen legebiltzarra osatu aurretik, ordea, Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Ingurumen sailburua izan zen Euskal Kontseilu Nagusian —EAEko estatutu autonomia onartu aurretik, ondoren Jaurlaritza izango zenaren erakunde aurrekaria, 1978tik 1980ra indarrean izan zena—.

Aurretik, 1977an, alderdi abertzaleek Xibertan egindako elkarrizketetan parte hartu zuen EAJko ordezkari gisa, Koldo Amezketa, Joseba Azkarraga eta Gerardo Bujandarekin batera.

80ko hamarkada erdialdean, EAJ barruko gatazkan, dimisioa eman zuen legebiltzarreko presidente gisa, eta Eusko Alkartasuna alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. 1986ko hauteskundeetan, sortu berria zen alderdiko legebiltzarkide izendatu eta berriro ere legebiltzarreko presidente izan zen. Beste urtebete eman zuen karguan; 1987tik aurrera, Eusko Legebiltzarrak izendatuta, senatari autonomiko izan zen, 1991ra arte. Bizkaiko EAko presidente ere izan zen.

Ohorez oroitua

Eusko Legebiltzarrak doluminak agertu ditu Pujanaren heriotzarengatik, eta hala helarazi die gertukoei. Banderak haga erdian eta suontzia piztuta egongo da legebiltzarraren sarreran, dolu eta errespetu seinale, bihar arte. Halaber, bertan behera geratu dira gaur eta biharko osoko bilkurak.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hunkituta oroitu du Pujana. Haren konpromisoa azpimarratu du. Haren esanetan, aintzat hartzekoa da zein testuingurutan hartu zuten Pujanak eta bere belaunaldiko politikoek erakundeen gidaritza:«Herria suntsituta zegoen; herria egituratzea eta zutik jartzea lortu zuten; erakundeak egituratu zituzten; eta gaur egun garena bera bezalako gizon emakumeei esker da, zor zaie».

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ere izan du gogoan Pujana: «Gizon jantzia zen, bere herria, hizkuntza, tradizioak bihotzez maite zituena».

EAJk doluminak zabaldu ditu sare sozialen bitartez. Mezu horietan, alderdi jeltzaleak nabarmendu du Pujana «abertzale eta euskaltzale sutsua» zela. «Euskadi sakonki maite zuen, baita askatasuna ere», adierazi du txio bidez.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ere txio bidez hartu du gogoan: «Elkarrizketa, eztabaida eta herrigintzaz aritzeko beti prest. Goian bego, Juan Jose Pujana».

Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkideak ere doluminak helarazi dizkie senideei.

Eusko Alkartasunak Pujanaren izaera goratu du: «Kulturaz, Euskaraz eta eztabaida sakonez Euskal Herri berriko erakundetzea busti zuen gizon diplomatiko, burugogor eta bihotzberoa. Eskerrik asko, Juanjo, EAri eta Euskal Herriari eman diozun guztiagatik».

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Pujanaren ibilbidea oroitu du txio bidez: «Herri honen historian beti presente izango dugu. Besarkada familia eta lagunei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.