Eusko Legebiltzarreko kideak gaur hasiko dira akreditatzen

Datorren astelehenean hasi, eta hamabost eguneko epean, Diputazio Iraunkorrak Legebiltzar berria eratzeko eta mahaia aukeratzeko osoko bilkurara deitu beharko du.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. BERRIA
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. BERRIA
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 2a
16:00
Entzun

Eusko Legebiltzarreko kideak gaur hasiko dira akreditatzen. Legebiltzarkideen heren bat (25) akreditatu ondoren, Diputazio Iraunkorrak legebiltzarra eratzeko eta mahaia aukeratzeko osoko bilkurara deitu beharko du hurrengo hamabost egunetan. Astelehenean hasiko da atzerako kontaketa, gaur bi lagun baino ez direlako akreditatuko: Jon Hernandez Sumarreko ordezkaria eta Amaia Martinez Voxekoa. Sumarrek jakinarazi duenez, Alba Garcia Hernandezekin batera joanen da Sumarreko ordezkaria.

Astelehenean 27 legebiltzarkide gehituko zaizkie bi horiei, EAJko ordezkari guztiak akreditatuko baitira. Egun bat geroago batuko zaizkie sozialistak. Dagoeneko martxan da Eusko Jaurlaritza berria osatzeko prozesua, eta jeltzaleek eta sozialistek hartu dute negoziazioen ekimena; EH Bilduk EAJk bezainbertze eserleku baldin baditu ere, orain arte ez dute jakinarazi bilera batean elkartu direnik. EAJk PSE lehenetsi du, eta litekeena da negoziazioak askorik luzatu gabe akordio bat lortzea. Dena den, bi horiek 39 eserlekuren gehiengo osoa dute Imanol Pradales lehendakari izendatzeko.

EH Bilduko kideak, berriz, hilaren 13an akreditatuko dira. 27 eserleku izanen ditu koalizio subiranistak aurten, inoizko talde parlamentariorik handiena. Jakinarazi dutenez, koalizioaren mahai politikoak proposatu zuen Nerea Kortajarena izatea talde parlamentarioaren bozeramailea, eta oinarriek  berretsi egin zuten. Hala, Kortajarenak aurreko legealdi amaierako eginkizun berarekin jarraituko du.

PP da akreditazioaren egunari buruz informaziorik eman ez duen alderdi bakarra.

Europaren itzalean

Akreditazioen afera gaindituta, Legebiltzarra eratzeko eta mahaia aukeratzeko osoko bilkura da hurrengo pausoa. Diputazio Iraunkorreko presidenteen egitekoa da hori, Bakartxo Tejeriarena. Bateraezintasunen Batzordea izendatzeko osoko bilkura dator gero, zeinak hogei eguneko epea izanen duen bere irizpena plenora eramateko. Saio horren amaieran jakinaraziko da noiz izanen den lehendakariaren inbestidura saioa.

EAJk mahaia eratzeko bilkura eta Bateraezintasunen osoko bilkura Europako Parlamenturako hauteskunde «kanpaina hasi baino lehen» egin nahi ditu, hau da, maiatzaren 23a baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.