Autogobernuak irabazi du. Garaipen apatikoa ala eraberritze grina, segurtasun beldurtia ala iraultza isila?
Gehiengo soziologiko baten gogoak dira Euskadi politikaren erdigunea izatea, erkidegoaren aitortza sinbolikoa eta autogobernu gaurkotua berregituraketa juridikoaren bidez taxutzea, euskal kulturari begirunea izatea, zentro-ezkerreko diskurtso ekintzaile eta solidarioa ahotan erabiltzea. Ibarretxe garaile atera da, horiek ondo irakurri eta ordezkatzen dituelako, fidagarritasun ekonomikoaz harago.
Izan ere, abertzaletasun militantea ez bada ere herritargoaren pasio bat, bere ironia da unionisten jarrera erreaktiboak jendea herriaren maitasuna egiaztatzera gonbidatzen duela; herri-galdeketa eta bere ukoa jendearen memorian dago: jeltzaleei beldurra lagungarri izan zaien bezala, Aralar ere boto pragmatiko eta abertzalea biltzeko kapaza izan da. Itxaropena eta leialtasuna uztartzearekin, helmuga zehatzek sinesgarritasuna dute. Sozialisten hedapena mugatua da eta badaki gainera botoak ez datozena bat eserlekuekin; bart eta beroaldian «ez dut aurkeztea baztertzen» sintomatikoa da.
Sozialistek aukera bi dituzte: bide-lagun hartu -gobernu zein oposizioan- beren rol atzerakoiarekin PP, UPD eta CCOO, izan ere IX. legegintzaldian arlo sinboliko eta linguistikoan jokatuko da egiazki identitate-politika, edo autogobernuaren inguruko eztabaida integralean parte hartu. Jeltzaleek momentuz errazagoa dute: Ibarretxe eta bere politika onartu, ekonomia zuribide hartu gabe, eta ausartu diskurtsoa herri-gogoan zentratzen, «akordio zabalak» ukatu gabe. Sozialistek margena dute, jeltzaleek ezin dituzte sozialistak gutxietsi, sozialistek kostata onartuko dute Ibarretxe lehendakari bezala, baina horrek bi arazo lodi ditu: Ibarretxe da hauteskundeetako garailea eta unionisten «anti-nazionalismoa eta anti-sozialismoa» (Lopez) litzaioke inbestiduran babeslea.
Abertzaletasunak bereizi egin beharko ditu agenda politikoan taktikoa dena eta estrategikoa dena. Oroz gain, gizarte zibil autoeratuarekin elkarlanean bere indarrak euskalgintzaren oinarri gaurkotuak borrokatzean ipini behar lituzke. Gainontzean, izpiritu berritzailea (polo soberanista) beranduegi heldu ote da euskal jendartera? Burujabetza-mugimenduaren izate politikoa mugatua da eta proposamen garden bezain tangibleen premian dago.
Emaitzak ulergarriak dira, hauteskunde-kanpaina ikusita. Herritarren portaera aktibo bat da, moderatua eta fidagarria, baina identitate nazionalean oinarrituz zehazten dituena autogobernuaren gaurkotzea eta herri-aitortza. Errespetagarriak eta bideragarriak litezke gobernu-koalizioak, baina joera batzuk ere nabariak dira.
EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Abertzaletasuna da, ergela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu