EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Bi eserleku lortu ditu EAk, eta kargua zuzendaritzaren esku utzi du Unai Ziarretak

Araban soilik zortzi boto ateratzen dizkio PSE-EEri, eta atzerriko botoen zenbaketan emaitza alda dezake

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aurpegi tristeak Eusko Alkartasunan (EA). Alderdiak bi eserleku lortu ditu hauteskunde gaueko zenbaketan, baina Araban eskuratu duena oraindik ez dago guztiz finkatuta. Izan ere, PSE-EEri zortzi botoko aldea ateratzen dio EAk, eta atzerriko botoa erabakigarria izan liteke horren jabea finkatzeko. Edonola ere, emaitza txarra izan dela onartu eta dimisioa eman du Unai Ziarreta alderdiko presidenteak. Adierazgarria izan da lehendakarigaia bera eserleku gabe geratu dela.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeotan «porrot» egin dutela adierazteko 22:30ean atera zen Ziarreta, zuzendaritzako beste kideekin batera. Gaurko bilera bat izango du zuzendaritza horrek, datuen irakurketa sakonagoa egiteko. Hala ere, kargua uzteko asmoa iragarri zuen Ziarretak, eta apirilean EAk ezohiko batzarra egingo duela aurreratu zuen, zuzendaritza berria aukeratzeko.

Ziarretaren irudiko, hautesleek ez dute ulertu polo soberanistaren alde EAk egin duen apustua. Edonola ere, bide hori egokia dela, eta «epe ertainera» alternatiba hori eraiki beharko dela defendatu zuen. EAko buruzagiaren irudiko, inor gutxi gogoratu da kanpainan bakegintzaz, eta polo horrek zeresan handia izango du alor horretan. «Irtenbidea abertzale soberanisten batasunetik etorri beharko du». Halaber, hauteskunde emaitzetan ez dela herrialdearen errealitatea islatu uste du.

Hedabideekin haserre

Hauteskundeen irabazleari, Juan Jose Ibarretxeri, eskerrak eman nahi izan zizkion Ziarretak. Haatik, hedabideek, batez ere publikoek, EAri eman dioten tratua salatu zuen. «Alderdi ezerosoa gara hedabide askorentzat», adierazi zuen. Laguntza ez emateaz gain, tertulietan EAren aurkako iritzi korrontea sortzea egotzi zien.

Gauaren hasiera ere ez zen samurra izan EArentzat. Emaitzen jarraipena Gasteizen egitea erabaki zuten, Prudentzio Deuna kaleko Alkartetxean. Inkestek eserleku gutxi ematen zizkien, eta horien inguruan adierazpenik ez egitea erabaki zuten alderdiko buruzagiek. EAJrekin zuen koalizioari esker, azken legealdian zazpi eserleku izan zituen EAk Gasteizko ganberan.

Emaitzen jarraipena pribatuan egin nahi izan zuten alderdiko kargu eta militanteek, Ziarretak prentsaren aurrean agertzeko erabaki zuen arte. Txalo zaparrada batekin eta «Aupa Unai» oihukatuz ongi etorria eman zioten alderdiko kideek. Paretan ere Mila esker Unai ilusioa pizteagatik zioen afixa paratu zuten.

Orotara, EAk 37.820 boto eskuratu ditu hauteskundeetan. Espero zuten kopurutik oso urrun geratu dira. Esaterako, noan den urteko Espainiako bozetan 50.000 boto pasatxo lortu zituzten, eta duela bi urte egindako foru eta udal hauteskundeetan 69.000 hauteslek aukeratu zuten Ziarretaren alderdiaren alde.



BOTOAK

37.820



LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Rafa LarreinaGipuzkoa: Jesus Mari Larrazabal



ESERLEKUAK

2

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.