EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Ibarretxe: «Aurrera aterako dugu herria EAJren lidergoarekin»

EAJren «emaitza zoragarriekin» herritarrek «Ibarretxe gobernutik kanporatzeari ezetz» esan diotela ondorioztatu du Iñigo Urkulluk

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aurpegi luzeak ziren nagusi Sabin Etxean azken unera arte. Alaitasunik ez zen nabari. Isilik begiratzen zieten bertaratutakoek sarreran jarritako telebista pantailei. Txisturen bat entzun zen kasuren batean. Unai Ziarreta EAren presidentea telebistan agertu zenean gehien bat. 22:50etan irauli ziren animoak. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea hedabideen aurrean hitz egiten ari zela. Sabin Etxea osoan entzun zen oihu ozenak beheko solairuan ari zen Urkulluren hitzak estali zituen. Zenbaki bat aldatu zen. EAri ordura arte ordezkari bakarra ematen zioten zenbaketek. Bat-batean, bigarrena ere bazuela azaldu zuten telebista pantailan. PSE-EEk galduko zuen ordezkari hori. Ondorioa: ordura arte datuek PSE-EEren eta PPren ordezkariek gehiengo osoa zutela baieztatzen bazuten, Bat-batean, UPDrena beharko zuela jakin zen. «Herri honek ezetz esan dio Ibarretxe gobernutik kanporatzeari», adierazi zuen Urkulluk lehen balorazioan. «Herria aurrera aterako dugu EAJren lidergoarekin», esan zuen Ibarretxek berak Sabin Etxera joandako herritarren aurrean, politikoki «oso pozik» eta pertsonalki «hunkituta» zegoela adierazi ondoren.

«Ospatu egin behar dugu», zuzendu zen militante jeltzaleengana Ibarretxe, behin eta berriz. «Irabazi egin ditugu hauteskundeak». Eta, aurrera begira, lan egitera deitu zituen, herritarren oihu eta txaloek hizketaldia etengabe moztu eta isiltzen zutela. «Hemendik aurrera guri dagokigu herri hau lideratzeko erantzukizuna». Onenak gara!, Ari, ari, ari Ibarretxe lehendakari! eta Patxi, entzun, Ibarretxe txapeldun! izan ziren herritarrek errepikatutako oihuetako batzuk.

«Ospatzea ondo dago», esan zuen berriz lehendakariak, hemendik aurrera ere lanean indartsu aritzeko deia egiteko. EAJ eta Ibarretxe bera gainontzeko alderdietako ordezkariekin hizketan gaur bertan hasiko dela jakinarazi zuen. «Guri dagokigu elkarrizketak abiatzea eta herriarentzat onena dena bilatzea».

Aurrean zuen «poza eta pasioa» lanera bideratzeko eskatu zien alderdikide eta militanteei. Politika gizatiarrago egin, eta herritarrengana egunero egunero gerturatzeko. Esker hitzak ere ez ziren faltatu. Botoa eman diotenei konfiantza eskertu zien. Eman ez dioten arren hauteskundeetan parte hartu dutenei ere bai. «Heldua» den euskal gizarteari ere bai, eta alderdikideei. «Errekonozimendu» bereziena, halere, familiari eskaini zion, aurrean zuen emaztea hunkitu arazita.

«Emaitza zoragarriekin» EAJ «oso pozik» dagoela azaldu zuen Ibarretxeren hizketaldiaren aurretik Urkulluk. Alderdirik bozkatuena izan zela eta bigarren alderdiari bost eserlekuren aldea atera ziola adierazi zuen, datuen aldaketa etorri eta aldea seikoa zela jakin zuen arte. Ibarretxe lehendakari izateko aukerak egi bihurtu ziren arte.



Zuzendaritza partekatua

Lidergoa EAJk izango duela ohartarazi zuen, ondoren, pozarren. Baina, zuzendaritza hori partekatua izango dela jakinarazi zuen. «Enfrentamendu etengabeen aroa amaitzeko garaia da». Hortaz, gaurtik aurrera, EAJren hiru erronka nagusiak bere egiten dituzten alderdi guztiekin akordioa bilatuko duela hitz eman zuen. Krisiari aurre egin, «etika maila gorago jarri» eta «herria euskal erakundeetatik eraiki» nahi dutenekin. «Batzeko garaia da eta gizarteak esan du EAJk izan behar duela gobernua zuzenduko duena. Ezetz esan dio Ibarretxe kanporatzeari».



BOTOAK

396.5575

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Juan Jose Ibarretxe, Mikel Martinez, Jone Berriozabal, Nerea Antia, Javi Carro, Garbiñe Saez, Norberto Aldaiturriaga, Carmen Liñares. Bizkaia: Izaskun Bilbao, Andoni Ortuzar, Arantza Aurrekoetxea, Fatima Ansotegi, Ricardo Gatzagaetxebarria, Iñigo Iturrate, Leire Corrales, Amaia Arregi, Juan Antonio Arieta-Araunabeña, Estibalitz Hernaez, Jose Maria Gonzalez Zorrilla, Unai Errementeria. Gipuzkoa: Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria, Maria Eugenia Arrizabalaga, Luke Uribe-Etxebarria, Eider Mendoza, Jose Luis Garitano, Maribel Vaquero, Alex Etxeberria, Ane Urkiola, Garbiñe Mendizabal



ESERLEKUAK

30

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.