EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. EMAITZEN IRAKURKETA. Bai EAJ bai PSE-EE, biak leihatuko dira lehendakaritza eskuratzeko

PSE-EEk EAJri lehendakaria kenduz gero, EAJk Madrilen PSOEri ematen dion babesa gal daitekeela iradoki du Anasagastik

Aitziber Laskibar / Jokin Sagarzazu
2009ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Joan da hauteskunde eguna, baina ez dago ezer erabakita. Emaitzek ez dute argitu zein joeratakoa izango den hurrengo Eusko Jaurlaritza. Ezta lehendakaria zein izango den ere. Bozen biharamunean, gauza bakarra dago argi: bai EAJ eta bai PSE-EE gogor leihatuko direla lehendakaritza eskuratzeko. Jeltzaleek argi daukate boto gehien eurek lortu dutenez Ibarretxek izan behar duela lehendakari. Sozialistek, posible ikusten dute «aldaketa». Apustua egina dute, eta Patxi Lopez lehendakari izan dadin sutsu saiatuko direla iragarri dute.

Gaur-gaurkoz, Lopezek ez luke nahikoa izango PPren babesa lehendakaritza eskuratzeko. UPD-rena ere behar luke, eta Rosa Diezek esana du lehendakari «konstituzionalista» babestuko lukeela. Babes hori ez lukeela musu truk emango ere ohartarazi du. Edozein modutan, litekeena da Lopezek alderdi horren babesik behar ez izatea. Kanpoko boto asko falta dira zenbatzeko, eta horrek, beste ordezkari bat eman diezaioke PSE-EEri. Araban EAk lortutako bigarrenaren kaltean izango litzateke PSE-EEren 25. jesarlekua, eta kanpotik jaso ohi diren botoen perfilari begiratuta, sozialistak ziur daude lortuko dutela.Izan ere, zortzi botoren aldeagatik eskuratu luke kolokan dagoen ordezkari hori. Ostiralean argituko da egoera.

Hauteskundeen aurretik EAJk eta PSE-EEk akordioa egiteko aukerak indarra hartu bazuen ere, emaitzek zaildu egin dute adostasuna lortzeko aukera. Patxi Lopezek argi esana zuen ez zegoela prest lehendakariaren ondorengoa izateko. EAJk, barrurako, onartua zuen Gobernuan mantentzearrean «gauza asko emateko» prest zegoela. Zenbait iturriren arabera, lehendakaritza bera ere uzteko aukera mahai gainean zuen, Jaurlaritzan mantentzearen truke. Baina boto eta ordezkari gehien eskuratu ondoren, zaila da pentsatzea zuzendaritza sozialistei utziko diela.

EAJren abisua PSOEri

«Hauteskundeak irabazi ditugu», ohartarazi du Iñaki Anasagasti senatari jeltzaleak blogean, lehendakaritza EAJri dagokiola esateko. Areago, PSEk lehendakaritza kenduz gero EAJk neurriak har ditzakeela ohartarazi du. PSOEk Espainiako Kongresuan EAJren botoak behar dituela gogoratu du. Aurrekontuetan ez ezik, sarri babesten dituela PSOEren proposamenak. PSEk EAJri lehendakaritza kenduz gero PSOEk Madrilen EAJren babesa gal dezakeela iradoki du.

EAJri lehendakaritza kentzeko PSE-EE, PP eta UPD batzea «eraso politikotzat» joko lukeela azaldu du Andoni Ortuzar BBBko presidenteak ere, eta, hala egingo balute, EAJk «eskura dituen baliabide guztiekin» erantzungo lukeela ohartarazi du.

Egoera «konplikatua» dela onartu du Ortuzarrek. Baina aukera gehiago ere badaudela azaldu du. «30 jesarleku ditugu, eta herri guztietan ez da gehiengo osoz gobernatzen. Badira gehiengo sinpleekin gobernatzen direnak». Hala ere, oraindik «dena oso irekita» dagoela esan du, eta negoziazioek zer ematen dutenitxaron behar dela.

Sozialistek ere Jaurlaritza gobernatzeko «erabaki irmoa» dutela jakinarazi du Jose Blanco PSOEko idazkariordeak. Bere nahia beste inoren babesik gabe gobernatzea litzatekeela esan du, baina erabakia PSE-EEko zuzendaritzaren eta Lopezen beraren esku dagoela. PSOEk PSEren erabakia errespetatuko duela azaldu du, lehentasunak gobernatzea izan behar duela ohartarazita: «Aro politiko berri bat hasteko eskatu dute haustesleek, eta erabaki horri erantzun behar diogu, bestela frustrazioa zabal daiteke».

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak ere babes osoa azaldu dio Lopezi, eta «aldaketa gidatzeko hartutako konpromisoa» beteko duela seguru azaldu da.

«Gauzak alda daitezen laguntzeko borondate osoa dugu», esan du Antonio Basagoiti PPko buruzagiak. «Helburua» bete dela adierazi du. Eusko Legebiltzarrean «gehiengo berria» osatuko dela, eta PP PSE-EErekin batu daitekeela «Ibarretxerena baino gobernu hobea osatzeko». Edozein modutan, bere helburua Jaurlaritzaren «politika aldatzea» dela esan du, eta, beraz, lehentasuna ez dela PP Gobernuan egotea.

Rosa Diez UPDko presidenteak ere «abertzaletasunaren alternatiba izango den gobernu konstituzionalista» osatzen lagunduko duela azaldu du, baina hori ez duela besterik gabe egingo. «Lehendakaritza soilik nahi duen edo alternatiba gidatu nahi duen» argitzeko eskatu dio Lopezi.

Aralarrek, bestalde, argi dauka Ibarretxek izan behar duela lehendakaria. «Herri honek argi utzi du gehiengoa abertzalea dela, hautagai abertzaleak irabazi du, eta logikoa da lehendakari abertzalea izatea».



Gehiengo absolutu posibleak

Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa osatzeko gutxienez 38 legebiltzarkideren babesa behar da. Igandeko emaitzei erreparatuta, hiru dira gehiengo osoak osatzeko aukerak. Batetik, EAJ (30 legebiltzarkide) eta PSE-EEren (24)artekoa: 54 boto osatuko lituzketebi alderdiek. Bigarrenik, EAJ (30) eta PPren (13) artekoa:43 boto. Eta hirugarrenik, PSE-EE (24), PP (13) etaUPDren (1) artekoa: 38 boto.Hortik aurrera beste alderdiren bat batu daiteke, baina gehiengo osoak beharrezkoak direnean, hiru aukera horietan soilik oinarrituta izan beharko da. Lehendakaria lehen saioan aukeratzeko,gehiengo osoa beharrezkoa da. Bigarren saioan, berriz, gehiengo sinplearekin nahikoa da.



11.740

Boto zuria. 2005eko hauteskundeetan baino 2.739 boto zuri gehiago zenbatu zituzten herenegun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bozkalekuetan. Duela lau urteko hauteskundeetan 9.001 boto zuri (%0,73) izan zirenhautestontzietan eta aurten, 11.740 (%1,03).



42 gizon eta 33 emakumeizan dira hautatuak

Gorabeherarik ezean, 42 gizonek eta 33 emakumek osatuko dute Eusko Legebiltzarra. Berdintasunerako Legeak arautzen du erdi eta erdi osatu behar direla zerrendak. Seinakako multzoetan hiru gizonezko eta hiru emakumezko sartu behar dituzte alderdiek zerrendetan. Baina zerrendetako lehen postuetarako gizonezkoak hautatu dituzte gehienek. Horrenbestez, hautagai gutxi atera dituzten alderdietan gizonezkoak dira gehienak. UPD eta EBk eserleku bakarra lortu dute, eta gizonezkoak jesarriko dira. EAk lortu dituen biak ere gizonak dira. Aralarrek atera dituen lauretatik hiru dira gizonezkoak. PPko 13tik 8. PSEko 24tik 13. EAJ da emakume gehiago izango dituen bakarra: 16 emakume eta 14 gizon.



Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan nahi du Patxi Lopez PSE-EEko hautagaiak. Hauteskundeak irabazi ez baditu ere, PPren eta UPDren legebiltzarkideen babesarekin lor dezake hori.

2005eko inbestidura gogoan du Lopezek

Jokin Sagarzazu

Juan Jose Ibarretxeren eta Patxi Lopezen artean aurretik ere izan da beste lehia bat. 2005eko ekainaren 23an hautatu zuten Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari, bigarren saioan eta gehiengo sinplez (34 boto), EHAKren bi legebiltzarkideren babesari esker. Lopezek hori ez du ahazten. Hori da gertuen duen «erreferentea». Iazko azaroan El Correo egunkarian eginiko elkarrizketa batean gogora ekarri zuen «boto bakar batek» urrundu zuela lehendakaritzatik. Inbestidura saio hartan, Lopezek PPren 15 legebiltzarkideen babesa jaso zuen; PSE-EEk lortutako 18 legebiltzarkideei batuta, orotara 32 boto lortu zituen. Aurrekaria eta mugarria, Lopezen aburuz, duela lau urteko inbestidura saio hartan gertatutakoa. «30 urte egin ditugu EAJko lehendakari batekin. Aldaketarako garaia iritsi da».

Herenegungo emaitzek bi datu objektibo jarri dituzte mahaiaren gainean. Hauteskundeak EAJk irabazi ditu; boto kopuruari dagokionez, hala izan da. Baina PPren -eta Arabako azken eserlekua finkatu arte, UPDren-babesaz baliatuta, lehendakaritza lor dezake PSE-EEk, eta gehiengo osoarekin.

Baina Lopezek ez ditu irabazi hauteskundeak. EAJk 80.000 boto gehiago lortu ditu PSE-EEk baino. Lopez lehendakari izan nahi du, baina ez du argitu nola lortuko duen hori. Espainiako Gorteetarako iazko bozetan sozialistek lortutako emaitza bikainen beroaldian -lehen indarra izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (430.000 boto), EAJk baino 120.00 boto inguru gehiago lortuta-, PSE-EEk inoiz baino gertuago ikusi zuen lehendakaritza. EAJk baino boz gehiago lortutabete nahi zuen helburua. «Hauteskundeak PSE-EEk irabazten baditu, lehendakaria sozialista izango da», adierazi zuen Lopezek El Correo egunkarian uda partean; eta zehatzago azaldu zuenEl Diario Vasco-n. «Legebiltzarkide gehienen babesa duen hautagaia izango al da lehendakaria?», galderari, honako erantzun hau eman zion : «Bai, baina aurretik herritarren babesa jaso beharko du. Ziur gaude herritarren babes handiena guk jasoko dugula».

Lehendakaritzara nola iritsiko den argitu beharko du datozen egunetan Lopezek. Baina bere diskurtsoaren bilakaerari eta hauteskunde kanpainan eginiko adierazpenei erreparatuta, bozei baino eserlekuei garrantzi handiagoa emango diela dirudi.

Inoiz baino gertuago

Ildo horretan ere bada beste aurrekari bat: 1986. urtean PSE-EEk EAJk baino bi eserleku gehiago lortu zituen. Hala ere, sozialistek Jose Antonio ArdanzaEAJren hautagaiaren esku utzi zuten lehendakaritza, «Ajuria Eneko Itunaren oinarriak sendotzeko asmoz». PSE-EE Gobernuan sartu zen, ia 12 urtez. Baina itunaren hausturak eta Lizarra-Garaziko akordioak garai berri bat ireki zuten. PSE-EEk ez zuen hautagairik aurkeztu, eta aukera izan zuenean PPren hautagaia -Iturgaitz (1998)- babestu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.