Ostegunean izenpetu zuten hitzarmena Euskal Erakunde Publikoaren (EEP) ordezkari Frantxua Maitiak eta Euskal Monetako lehendakari Xebax Christyk, eta, hala, euskoak erabiltzen dituzten saltegien seinaleak euskalduntzen lagunduko dute.
Seinaleak bi eletan jartzeko apustua egin du Bidarteko Izarbeleko Basik ostatuak, eta hantxe burutu da izenpetzea. Izan ere, Basik ostatua, Ipar Euskal Herrian diren beste 200 saltegirekin batera, euskoen sareko kide da. Itzulpen lana EEPko zerbitzu itzultzaileak eginen du, eta Basik ostatuarentzat egin den bezala, aurten, beste 152 enpresatan ere eginen dira. Orain arte, 60 enpresaren seinaleak itzuli dituzte jada.
Euskoaren erronkak
Euskoak bi helburu nagusi ditu: bata, “ekonomia birlokalizatzea” eta bestea, euskararen erabilera “sustatzea”. Gaur egun, 200 enpresak osatzen dute euskoaren sarea, eta, bertan sartzeko, bi helburu horiek bete beharko ditu enpresa edo saltegiak. "Euskarari dagokionez, desafio horietatik bat da afixaketa elebiduna plantan ezartzea, Euskal Monetaren laguntzarekin behar izanez gero", adierazi dute Euskal Moneta elkarteko kideek. Saltegi edo enpresak frantsesez idatzia duen "guzia" euskarara itzuli beharko duela gaineratu dute.