Euskotrenen eta Metro Bilbaon egindako azken lan eskaintzetan, euskara meritutzat jo dute; ez dute hartu baldintzatzat. Hizkuntza eskakizuna meritu profesionalekin «parekatu» nahi izan dutela jakinarazi du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak. Horrenbestez, sailburuak aitortu du %20 baloratu dela euskaraz jakitea, bezeroekin harreman zuzena duten postuetarako maila igoera eskatu duten langileen artean.
Zenbait sindikatuk jokabide aldaketa hori salatu zuten Euskotrenen lan eskaintza publikoak izan zirenean. Ildo horretan, erabaki hori euskararen normalizazioan «atzerapausotzat» jo dute EAJk eta EBk, eta kritika egin zioten atzo Arriolari Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza, Herri lan eta Garraio Batzordean. Euskotrenen eta Bilboko metroaren erabiltzaileei euskaraz zein gaztelaniaz komunikatu ahal izateko eskubidea bermatu behar zaiela nabarmendu zuten bi legebiltzar taldeek.
Euskotrenen eskubide hori bermatu ahal izateko plana prestatzen ari direla aurreratu zuen Arriolak, eta aurreko Eusko Jaurlaritzak prestatutakoak baino hedadura handiagoa izango duela, gainera. Laurehun langilerengan eragingo du plan berri horrek, aurreko planak aurreikusi halako bi, hain justu; elebitasunean aurrerapen «garrantzitsua» ekarriko duela uste du sailburuak. Plana oraindik ere prestatzen ari direla azaldu du. Nolanahi ere, euskara sustatzeko neurriak «askatasunaren errespetuan» oinarrituko direla azaldu du, «ez inposaketan». Eredu bat ezarri nahi izatea leporatu dio Arriolak aurreko Jaurlaritzari, hain zuzen ere.
Aurreko Eusko Jaurlaritzari egindako kritiken ildoan, Euskotrenek 2002-2008 eperako zuen euskara planaren emaitzak «nahiko eskasak» izan zirela gaineratu du Arriolak. Gainera, gogor kritikatu du sindikatuen jarrera ere. Euskotrenen egungo zuzendaritzaren jokabidea «ezbaian» jartzen duten sindikatuei aurreko zuzendaritzarekin gauza bera egin ez izana leporatu die. «Orain kexatzen diren horiek ez zuten ezer esaten aurreko euskara plana betetzen ez zenean». PSE-EEk eta PPk euskara helburu politikoekin erabiltzea leporatu diete EAJri eta EBri.
Zerbitzu elebidunik ez
LABen ustez, Euskotrenek eta Bilboko metroak, lan eskaintzetan ezarri dituzten irizpideen ondorioz, ezin izango dute zerbitzu elebidunik bermatu. Bide batez, aipatutako bi enpresek dituzten euskara planak abian jartzeko eskatu du Amaia Almirall LABeko zuzendaritzako kideak. Hain zuzen ere, bi enpresak publikoak direla gogorarazi du, Eusko Jaurlaritzaren parte hartze zuzena dutela, eta gaur egun indarrean dauden plangintzak ez direla betetzen ari.
Hain justu, euskara planen baliagarritasuna nabarmendu du Almirallek, eta gogora ekarri horien barnean kontratazioak egiteko orduan ezarri beharreko irizpideak zehazten direla. Plan horiek arauak eta neurriak finkatzen dituztela gogorarazi du, baina abian jartzen ez diren bitartean euskararen alde egiteko irizpide zehatzik ez dagoela. «Euskaraz lan egin nahi badugu, eskubide hori ez da hitz politen bidez betearaziko, ekintzen bitartez baizik».
Egoera hori salatzeko, Arriolak azalpenak ematen zituen bitartean, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean hainbat lagunek, LAB sindikatuak deituta, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Euskararen normalizazioan atzerapausorik ez leloa ardatz hartuta plazaratu zuten beren mezua.
Euskotrenen eta Bilboko metroan, euskara meritu gisara baino ez
Hizkuntza eskakizuna ez dela baldintza dio Arriolak, eta 400 langilerentzako euskara plan bat iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu