Hezkuntza

Eusle programa 28 ikastetxetara zabaldu dute, euskarazko komunikazio gaitasuna sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lau ikastetxetan ezarri zuen programa, joan den ikasturtean, eta, «emaitza positiboak» izan dituela ikusita, hedatzea erabaki du.

Pedrosa eta Torrealdai, gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 28a
11:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 28 ikastetxetara hedatu du iritsi berri diren ikasleei euskarazko komunikazio gaitasuna ematea helburu duen Eusle programa. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak eman du programaren nondik norakoen berri, Lucia Torrealdai Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera Bilbon egin duen agerraldian. Finean, hauxe da Eusle: iritsi berri diren ikasleak bost eta hamar ikasle bitarteko taldeetan elkartzea aparteko gela batean, euskarazko komunikazio gaitasuna eskuratzeko.

Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago programa, eta astean hamar eta hamabi ordu bitartean igarotzen dituzte aparteko gela horietan, ohiko gelan sartzeko hizkuntza gaitasunak eskuratu arte. Ikasleek euskaraz A2 maila eskuratzea du helburu, horrekin batera ikasleen inklusioa eta «hezkuntza arrakasta» lortuko dutelakoan. Ikasgelako tutoreaz gain, Eusle programako tutorea ere izaten dute bidelagun.

Eusle iazko ikasturtean jarri zuen lehenengoz martxan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau ikastetxetan. «Emaitza positiboak» ikusita, eskola gehiagotara zabaltzea erabaki dutela nabarmendu du Pedrosak. 28k parte hartuko dute: Arabako zortzik, Gipuzkoako hamalauk eta Bizkaiko seik. Gainera, berrikuntza bat ere sartu dute: unibertsitateen parte hartzea. Hezkuntza Sailarekin batera, haiek arduratuko dira programa ebaluatzeaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.