Udal eta foru hauteskundeak

Eva Lopez de Arroiabek ahaldun nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko du inbestidura saioan

EH Bilduren Arabako hautagaiak  «arduragatik» eta «lurraldearekiko konpromisoagatik» hartu du erabakia.

Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako batzarkidea. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 21a
15:10
Entzun

Maiatzeko foru hauteskundeetan, EAJk lortu zuen boto gehien Araban, eta EH Bildu izan zen bigarrena. Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren bozeramaileak adierazi du Araban bi gehiengo osatu daitezkeela, «subiranista eta progresista», eta bi aukerak EH Bilduren inguruan artikulatzen direla. Hori dela eta, iragarri du Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko duela inbestidura saioan. Arabako Batzar Nagusietan egin du iragarpena, agerraldi batean.

Araban osatu daitezkeen bi gehiengoen inguruan mintzatu da Lopez de Arroiabe: «Ez dezagun ahaztu Araban beste gehiengo batzuk osatu daitezkeela: gehiengo subiranista, eta baita ezkerreko gehiengo bat ere. Bi aukera horiek EH Bilduren inguruan ardazten dira. Eta hori hala izanik, ahaldun nagusi izateko nire hautagaitza aurkeztea erabaki dugu, arduraz eta lurraldearekiko konpromisoz». EH Bilduko batzarkidea sinetsita dago EH Bildu dela Arabaren «norabide aldaketaren eragile nagusia», koalizioa delako gobernu alternatiba bakarra.

Lopez de Arroiabek ontzat jo ditu hauteskunde emaitzak. EAJk baino batzarkide bat gutxiago du EH Bilduk (hamalau), eta gehiengo osorik gabe geratu dira EAJ eta PSE-EE. EH Bildukoak salatu du EAJk eta PSEk itun publikoak izateaz gain «ezkutuko itunak» ere badituztela. Horren adibide dira, haren esanetan, PPren botoak edota abstentzioak baliatu izana udalak osatzeko eta batzar nagusietako mahaia osatzeko.

EAJren eta PSEren arteko ituna «fitxa aldaketa» dela kritikatu du: «Fitxak aldatzera mugatu dira, eta guretzat Araba ez da poker mahai bat. Argi dago errezeta zaharrek ez dutela balio erronka berri horietarako, eta, horregatik, aldaketa inoiz baino beharrezkoagoa da, programetan eta ideietan oinarrituta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.