Andres Urrutia da atzodanik Euskaltzaindiko burua. Jean Haritxelharren ordezko aukeratu zuten euskaltzain osoek atzo, Bilboko egoitza nagusian eginiko barrengo bilkura berezian. Jean Haritxelharrek eginiko bideari segika, «euskararen normalkuntzaren alde» lanean jarraituko duela nabarmendu zuen Urrutiak, eta, bide horretan, erakundean ez dela «aldaketa nabarmenik» emango gaineratu zuen.
Halaber, akademiako datozen lau urteetarako zuzendaritzako kideak ere aukeratu zituzten atzo. Hots, euskaltzainburuordea, idazkaria, diruzaina eta Iker eta Jagon sailetako buruak. Hala, Beñat Oihartzabal izango da hemendik aurrera euskaltzainburuorde idatzita ez dagoen arren, arau batek dio euskaltzaina Hegoaldekoa izanik, buruordeak Iparraldekoa izan behar duela. Xabier Kintana idazkari ariko da eta Jose Luis Lizundia diruzain. Henrike Knörr izango da Iker saileko arduradun nagusia eta Andres Iñigo, Jagon Sailekoa. Beraz, azken hori da zuzendaritzako kide berri bakarra. Izan ere, 2000. urtetik hona honela egon da osatuta zuzendaritza: Jean Haritxelhar izan da euskaltzainburua; Henrike Knörr, buruordea; Xabier Kintana, idazkaria eta Jose Luis Lizundia, diruzaina. Andres Urrutia Jagon Saileko burua zen, eta Beñat Oihartzabal, berriz, Iker Sailekoa. Urrutiak «lasaitasunez» hartu du euskaltzainburu izendapena, kazetariekin hitz egiteko hartutako denbora tartean adierazi zuenez. Euskaltzaindian makina bat helburu ditu, hurrengo lau urteetarako baizik, epe luzerako ere. Baina, gauza ororen gainetik, «euskara batuaren normalkuntzaren aldeko urratsak» egin nahi ditu. «Hiztegi Batuaren bigarren itzulian ari gara, eta horrek ekarriko digu, edozein dela gaia edo lekua, konplexurik gabe erabili ahal izango dugula euskara, hirian nahiz baserri giroan bizi garela». Alabaina, hiruzpalau hilabete barru, Euskaltzaindian barne jardunaldiak egingo dituzte, «eta zuzendaritza berriak bertan aurkeztu beharko ditu bere proiektu eta egitasmoak, ondoren euskaltzain guztien artean erabakitzeko zer bide hartu». Bideak erabakitzeko badaude ere, Urrutiak oso argi du zer norabidetan lan egin. «Euskara, hizkera arrunta, batetik, eta euskara batua eta euskalkiak, bestetik». Bi gai horiek «norabide» hartuta lan egingo duela ziurtatu zuen, eta, ondorioz, Euskaltzaindiaren orain arteko jardunean ez dela «berrikuntzarik» izango. Haritxelharren bide bera ibiliko omen dute, «lehengo proiektuei jarraitasuna emanez». «Ez dago berrikuntzarik, jarraitasuna baizik. Haritxelharrek bere borondatez hartu du euskaltzainburu kargua uzteko erabakia, eta gaur [atzo] zuzendaritzako kide berriak aukeratu ditugun arren, lehendik akademiaren administrazioan ibilitako pertsonak gara denak. Beraz, ez gara berriak. Ezagutzen ditugu etxe honetako argi-ilunak. Eta badakigu nondik nora jo behar dugun. Okerreneko kasurik nabarmenean, aldaketa geografikoa ekar dezake nire izendapenak; Jean Haritxelhar Angelun bizi baita, eta ni, berriz, Bilbon».
Urrutia, aurkeztu zen hautagai bakarra
Euskaltzain osoen hautaketan ez bezala, zuzendaritza osatzeko hautagaiak ez dira zertan aldez aurretik jakinarazi, eta hogeita lau euskaltzainetatik edozeinek du eskubidea bere burua aurkezteko. Andres Urrutiak atzoko bilkuraren aurretik jakinarazi zuen euskaltzainburu kargurako aurkeztuko zela. Eta bera izan da bakarra. Akademiak ez du nahi izan bozketaren emaitzen berri eman. Haatik, Andres Urrutia gehiengo osoz aukeratu dutela adierazi zuen Xabier Kintanak. Arauak dio bozketa sekretuan egin behar dela, eta hautatzea balioduna izateko, hautagaiak euskaltzain osoen botoen gehiengo osoa lortu behar duela. Adostasun maila hori lortu ezean, bozketa berriro egin behar dela dio arauak, eta kasu horretan, gehiengo soilarekin nahikoa litzatekeela hautagaia euskaltzainburu onartzeko.
Herenegun arratsaldean hasi zuten osoko bilkura hogeita lau euskaltzainek, eta atzo goizeko hamarretan ekin zioten eztabaidari, berriro ere. Hamaiketaneten zuten hilabeteroko ohiko bilera, eta barrengo bilkura berezira deitu zuten, zuzendaritzako kide berriak aukeratzeko. Ezohiko bilerak ez omen zuen luze jo. Eta Urrutia, Oihartzabal, Kintana, Knörr, Lizundia eta Iñigo aukeratu ondotik jarraitu zuten hamaiketan bertan behera utzitako bilkura arruntarekin. Eguerdira arte iraun zuen batzarrak, bazkaltzeko ordura arte. Besteak beste, Batzorde Onomastikoak aurkeztutako Gipuzkoako herri izendegia onartu zuten.
EUSKALTZAINDIA
«Ez da aldaketa handirik egongo»
Andres Urrutia aukeratu dute euskaltzainburu, gehiengo osoz, Jean Haritxelharren ordez aritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu