Manuel Rapun. NUPeko errektoreordea

«Ez da batere une egokia matrikulak garestitzeko»

edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia, Plangintza eta Kalitate errektoreorde da Manuel Rapun (Arguedas, Nafarroa, 1952). Murrizketen eragina onartu, eta NUPek bere helburuari eutsi behar diola nabarmendu du.

Zein da egungo egoera?

Aurten 70,6 milioi euroko aurrekontua dugu. Nafarroako Gobernuaren diru saila da aurrekontu horren %84. 2011ko aurrekontutik lau milioi euro kendu zizkigun Nafarroako Gobernuak, eta aurten bi milioi euro. Espainiako Gobernuak ere bertan behera utzi ditu Iberus campuserako laguntzak.

Zer eragin izan dute murrizketa horiek zuen jardueran?

Ahalegin handia egin dugu langileen sailari eutsi eta pixka bat handitzeko, nahiz eta aurrekontuek, oro har, %2,5 behera egin. Murrizketak, hala ere, sumatu dira. Batez ere, inbertsioen alorrean. Sario eraikineko lanak bospasei urtean eginen ditugu, epeka ordaindu ahal izateko. Gauza bera eginen dugu ikasgelategia handitzeko obrekin. Tuterako Fisioterapiako egoitza moldatzeko lanak, berriz, bertan behera utzi ditugu, oraingoz.

Eta kalitatean izan dute eraginik?

Gure lehentasuna izan da murrizketek ez eragitea irakaskuntzan eta ikerketan; edo gutxienez, eragina ahalik eta txikiena izan dadila. Helburu hori bete dugula uste dut. Oraingoz, behintzat. Julio Lafuente errektoreak erraten ohi duena ekarriko dut gogora, hala ere. Arnasa hartu gabe 30 segundoz egon gaitezke; baina bost minutuz egoten bagara, hiltzen ahal gara. Murrizketek eraginik izan ez dutenik ezin da erran. Irakasleen taldea sendotzeko lana mantsotu egin da. Haien jardueran ere eragin du egoerak. Ikerketarako aukera txikiagoa dute.

Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werten kezketako bat, hain zuzen, hori da, irakasleek gutxi ikertzen dutela. Zer deritzozu?

Oro har, bada Espainiako unibertsitateen ikerketa lana azpimarratzen duen txostenik. Gureari dagokionez, gure irakasleen ikerketa lanak hagitz emaitza onak eman ditu azken hamabost urteotan. Gure ikerketa talde anitzek jaso dute aipamen berezia hemen, bai eta nazioartean ere.

Asmoa irakasleen taldea murriztea dela uste duzu?

Egindako ikerketek agerian uzten dute ez dagoela unibertsitaterik sobera, ezta ikaslerik ere. Argi dago irakasle guztiak ez direla ikerketan aritzen, baina ez dute zertan egin ere.

Ikasle gehiegi omen dago unibertsitateen, Werten ustez.

Ez naiz iritzi berekoa. Ikuspuntu ekonomiko huts batetik ari bagara, akaso gertatzen da unibertsitateko ikasketak dituena dagokiona baino maila apalagoko lan batean aritzen dela. Horrek erran nahi du baliabideak xahutu direla. Baina horrek erran nahi du pertsona horrek ez duela unibertsitatera joan behar? Nik ez dut argi hori.

Argi dagoena da orain arte baino garestiagoa izanen dela aurrerantzean.

Oraingoa ez da batere une egokia matrikulak garestitzeko. Guri ez digula eraginen uste dut. Erran nahi dudana da matrikulak garestituz diru gehiago lortzen badu unibertsitateak, Nafarroako Gobernuak neurri berean murriztuko duela bere saila. Guk, beraz, kopuru bera jasoko dugu. Familien gastuak, noski, gora eginen du. Beken bidez lor daiteke eragin hori murriztea. Hala ere, ez dirudi bidea hori izanen denik, bekak handitzeak erkidegoetako gobernuen aurrekontuei eragiten dielako. Akaso bekak jasotzeko baldintzak molda daitezke, ekitatearen alde.

Wertek ikasle gutxi duten karrerak bertan behera uzteko aukera ere jarri du mahai gainean.

Arazo horrek ez digu eragiten guri. Gure eskaintza bete egiten da. Ikasketen mapa aztertzen ari gara, hala ere, eta baliabideak optimizatzeko aukera egon daiteke.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Baikor izan nahi dut. Egoerari aurre egin behar diogu, eta helburua bete. Irakaskuntzari eta ikerketari eutsi behar diogu, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.