Ez da «garai ona» EAJren eta Espainiako Gobernuaren harremanerako

EAJk uste du Urkullu ez dela joango presidenteen arteko bilerara. Estebanek «premiazkotzat» jo du lehenbailehen egitea kontzertu ekonomikoaren inguruko batzorde mistoaren bilera.

Urkullu, presidenteen arteko bilera batean. IREKIA
2020ko uztailaren 27a
13:40
Entzun

EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek uste du Iñigo Urkullu lehendakaria ez dela joango Espainiako presidentearen eta erkidegoetakoen bilerara. «Zer demontretarako balio du?», galdetu du. EAJren eledunaren esanetan, jeltzaleen eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanerako ez da «garai ona».

Urkulluk aurreko astean adierazi zion Madrili ez zuela bilerara joateko asmorik, eta erabaki hori berretsi du gaur Estebanek, Onda Vascan egin dioten elkarrizketan. EAJren bozeramailearen iritziz, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bi aldeko harreman bat dute. Horregatik, harreman hori «ingurune kolektibo batera» eraman nahi izatea kritikatu du. Orain arteko presidenteen bileren aurka ere jo du, haien balioa gutxietsita: «[Espainiako presidente Pedro] Sanchezek bilera egin aurretik hartzen zituen erabakiak, eta gero bilera sorta bat egiten zuen».

Bilerak, besteak beste, COVID-19aren kalteei aurre egiteko Europako Batasunak onartu berri duen funtsaren ingurukoak izango ditu gaien zerrendan. Estebanen ustez, ordea, «ezin da» horien inguruko erabakirik hartu modu horretan: «Europak ez du utziko». Izan ere, gogoratu du laguntzak «proiektu jakinetara» bideratu behar direla, herritar kopuruaren edo BPGaren araberako banaketa baztertuta.

Jeltzaleen eta Sanchezen gobernuaren arteko harremana gaiztotu izanaren arrazoia zera da, kontzertu ekonomikoaren inguruko batzorde mistoaren bilera atzeratu izana; Estebanek «premiazkotzat» jo du bilera hori. Besteak beste, zorpetzeko ahalmena eta defizit maila aztertu behar zituzten bilera horretan. Bozeramailearen iritziz, bilerarik ez egitea «arduragabekeriaren» seinale da, eta horrek «arduratu eta haserretu» du EAJ.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.