Ez dago deliturik

Pannagh kalamu kontsumitzaileen elkarteko bost kideak errugabetzat jo dituzte.Epaiaren arabera, elkartearen jarduera legezkoa zen

Martin Barriuso, babesa ematera joandako bi lagunen erdian, Pannaghen kontrako epaiketa hasi aurretik. M. RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Pannagh kalamu kontsumitzaileen elkarteko bostak absolbitu egin ditu Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Errugabe dira droga trafikatzeaz eta gaizkile elkarte bat osatzeaz akusatuta martxoan epaitutako kideak: zuzendaritzako hiru pertsona —presidentea, idazkaria eta diruzaina— eta langile gisa kalamuaren uzta jasotzeko kontrataturiko beste bi bazkide. Guztira, 22 urteko kartzela zigorrak eskatzen zituen fiskalak.

Ez du deliturik ikusi epaileak. Epaiak adierazi duenez, elkarteak marihuana landatu eta kideen artean baino banatzen ez zuenez, ez zegoen «droga trafikorako xederik», ezta «drogen legez kanpoko kontsumoa bultzatu, sustatu edo errazteko asmorik» ere. Pannagheko presidente Martin Barriuso izan da epaituetako bat. Haren ustez, «oso garrantzitsua» da epaia, eta «aurrerapauso itzela» ere bai kalamu elkarteen jarduera normalizatzeko bidean.

Barriusoren arabera, epaiak argi uzten du Pannaghen moduko elkarte batek «marihuana landatzeko eta bazkideen artean banatzeko eskubidea ez ezik, langileak kontratatzeko eskubidea ere» baduela, hots, «jarduera ekonomiko eta profesionala izan dezakeela droga trafikorik egin gabe».

Eta hori gertatzen da epaileak argiro zehazten duelako zein den kalamuaren autokontsumoaren eta droga trafikoaren arteko desberdintasuna. «Marra gorria ez da elkarteak bazkide asko edukitzea, edo dirua erabiltzea, edo langileak kontratatzea; muga da produzitzen dena taldearen barruan gelditzea. Kanpoko inork ez badu kontsumoan parte hartzen, eta dirua ekoizpenaren gastuak ordaintzeko erabiltzen bada, jarduera hori legearen barruan dago, eta ez dago inolako deliturik», azaldu du Barriusok.

Pannagh elkartearen kontra aurretik abiarazitako beste bi salaketak bertan behera gelditu ziren, Bizkaiko eta Arabako auzitegiek kasuak artxibatu ostean. Orduan, atzemandako marihuana itzuli zioten elkarteari.

Horregatik, elkarteko kideak harriturik gelditu ziren ikusi zutenean Bilboko udaltzainek beste polizia operazio bat hasi zutela elkartearen kontra 2011ko azaroan, hainbat bazkide atxilotuz. Eta are harrituago fiskalak auzibidearekin aurrera egiteko erakutsitako «setakeriarekin». «Epaiketan argi gelditu zen fiskalak amore ez emateko agindua zuela», dio Barriusok. «Akusazioak ez zeukan inolako oinarririk, eta, hala ere, fiskalak bere hartan eutsi zion. Fiskalaren azken hitzaldia lotsagarria eta kafkarra izan zen». Azken hitzaldi hartan, kokaina trafikoan aritzen diren Kolonbiako kartelekin alderatu zuen fiskalak Pannaghen jarduera.

«Asmo politikoa»

Barriusok «asmo politikoa» ikusten du fiskalaren jarrera horretan; «kalamu elkarteen mugimendua geldiarazteko asmoa», hain zuzen: «Epaiketa iritsi da, neurri handi batean, erakundeetara jo dugulako legea aldatzeko eskatzera, daukagun segurtasun juridikorik eza bukatzeko asmoz».

«Fiskalek trafikatzaileak nahiago dituzte, eta ez gizarte aktibistak. Haien eskemak apurtu ditugu, beste errealitate bat sortu dugu, eta ez dakite hori nola sartu debekuan oinarritutako euren eskemetan», erantsi du. Horregatik, susmoa dute fiskalak helegitea aurkeztuko duela kaleratu berri den epaiaren kontra. Elkartean lasai daude: «Orain arteko partidetan gailendu gara, eta ziur gaude azkenean txapelketa ere irabaziko duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.