Euskal presoak. Manifestazio ondokoak

«Ez dezala Raxoik entzungor egin»

Alderdi abertzaleek diote orain Espainiako Gobernuari dagokiola espetxe politika aldatzen hasteko arduraEzker abertzaleak PPri aholkatu dio tentuz aztertzeko manifestazioaren mezua

Iragan larunbateko manifestazioaren lehen lerroa eta euskal presoen senideak, Bilboko udaletxearen aurrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsuak —«inoizko handiena», Bildu koalizioaren irudiko— argi eta garbi utzi du zein den euskal gizarteak gehiengo handiz Espainiako Gobernuari egiten dion eskakizun nagusia. Manifestazioaren ondorengo balorazioetan, alderdi abertzale guztiek adierazi dute Espainiako Gobernuari dagokiola orain urratsak egitea eta «salbuespenezko espetxe politika» aldatzea. Bai manifestazioan parte hartu zuten alderdiek, bai EAJk uste dute ez dagoela egungo testuinguru politikoan arrazoirik gaur egungo espetxe politikarekin jarraitzeko. Larunbatean, euskal gizarteak egindako deiadar horri ez diezaiola entzungor egin eskatu diote alderdi abertzaleek.

EZKER ABERTZALEA



«Salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi beharko luke gobernuak»

Ezker abertzalearen arabera, larunbateko manifestazio erraldoiak utzitako irudia eta mezua «tentuz» aztertu beharko luke Espainiako Gobernuak. Ezker abertzalearen irudiko, euskal gizarteak orain arteko jarrera immobilista bertan behera uzteko dei zuzena egin dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari eta «konponbidearen aldeko eragile bihur» dadila eskatu dio. Ezker abertzalearen irudiko, gobernuak ez du gehiago itxaron behar eta urratsak egin behar ditu. Lehen urratsa, «euskal preso politikoen kontra erabiltzen den espetxe politika behin betiko etetea» dela uste du. «Horixe da euskal herritarren aurka ezartzen ari den giza eskubide larriena», adierazi du.

Atzo, Alberto Ruiz Gallardon Gasteizen eta Iruñean izan zen, eta bertan presoei kolektiboki onura neurririk ez dietela ezarriko adierazi zuen. Gallardonen arabera, banan-banan aztertuko dira kasuak eta presoek egindako kalteagatik barkamena eskatu beharko dute. Ezker abertzaleak Gallardoni erantzun dio Gobernuari dagokiola legedi arrunta betetzea eta presoen eskubideak errespetatzea. «Gobernu espainiarra da euskal preso politikoei era kolektiboan ezartzen zaien espetxe politika bertan behera utzi beharko lukeena». Horregatik PPren exekutiboari «aukera historikoa» probesteko eskatu dio.

ARALAR



«Manifestazioa Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren borondatearen isla da»

Aralarreko zuzendaritza batzordearen arabera, manifestazioa «itzela» izateaz gain, «beste inflexio puntu bat» da. «Aralarren irudiko, manifestazioa Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren borondatearen isla bat da», eta espetxe politika aldatzeko gizartearen oihu hori nabarmena da, «baita entzun nahi ez dutenentzat ere».Aralarren ustez, ETAk borroka armatua utzi ondoren eta Gernikako Akordioak biktima guztiak aitortu ondoren, manifestazioak «urrats bat gehiago» egin du bakearen eraikuntzan. «Momentu honetan kokatzen du arazoa presoen gatazkaren konponbidean» adierazi du.

Aralarrek garrantzitsutzat jo du«aukera paregabe» horren aurrean, «lehia politikoak eta alderdikeriak alboratzea» eta eragile guztiek, «bakoitzak bere tokitik», bere ekarpena egitea. Hala, larunbatean manifestazioan izan ez ziren alderdiei eta Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Gobernuko agintariei eskatu die gizartearen eskaera horri erantzun diezaiotela. Era berean,«giza eskubide guztien defentsatik abiatuta» manifestazioaren helburuekin bat egitera dei egin die euskal eragileei.

IKERNE BADIOLA



EAko Komunikazio idazkaria

«PPk ezin die bizkarra eman euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenei»

Eusko Alkartasuneko Komunikazio idazkariak igandean egindako adierazpenen arabera, euskal gizarteak kaleetan emandako erantzuna itzela izan da. Ikerne Badiolaren arabera, aldarrikapen horien aurrean entzungor egiteari utzi behar dio Mariano Raxoik: «PPk ezin die bizkarra erakutsi euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenei». Etzi, Bilbon, biltzekoak dira Antonio Basagoiti eta Pello Urizar. «Erabakigarria da PPk Euskal Herrian irekitako prozesuan zuzenean esku hartzea eta norabide horretan urratsak egitea». Badiolak adierazi du euskal preso politikoen sakabanaketa amaitzearen alde jarraituko dutela lanean.

BILDU



«Bilbon ozenki entzun zen aldarriari kasu egin diezaiotela Raxoik eta Sarkozyk»

Bilduren arabera, larunbatean euskal herritarrek «ardura eta konpromiso izugarria» erakutsi zuten. Bilduren arabera, Bilbon «inoiz ikusi den manifestazio erraldoiena» ikusi zen larunbatean. «Argazki horrek irakurketa argi bat uzten digu. Euskal Herritarren gehiengoak euskal preso politikoen eskubideen errespetua aldarrikatzen duela eta horren aurrean ez espainiar ez frantziar gobernuek ezin dutela ostrukarena egin». Hartara, Sarkozyri eta Raxoiri exijitzen die Bilbon ozenki entzun zen aldarriari kasu egin diezaiotela.

IÑIGO URKULLU



EAJren EBBko presidentea

«Salbuespenezko estrategiei eusteko arrazoirik ez dago»

EAJ ez zen larunbateko manifestazioan egon, baina gaiari buruz hitz egin du Iñigo Urkulluk bere blogean. Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariaren irudiko, manifestazioa «mobilizazioen egutegi barruan» sartzen da eta ezker abertzalearen estrategiari erantzuten dio. Bere ustez, gai hori EAJ kritikatzeko baliatu nahi da. «Ez dira 'gure' presoak, ezta 'gure' gudari edo heroiak. Ezta euskal gizartearenak ere».

Hala ere, Urkulluk berretsi du presoen eskubideak errespetatuak izan behar direla, eta argi utzi du beste testuinguru politiko batzuetan ere EAJ «espetxe politika malgu, hitzartu eta dinamiko» baten alde azaldu dela. Urkulluk azpimarratu du arrazoi etikoek exijitzen dutela pertsona ororen eskubideak «errespetu handienez»jorratzea eta espetxe politika aldatzea. Oraingo testuingurua ere aintzat hartu behar dela uste du. EAJren irudiko, ETAk jardun armatua uzteko erabaki hartuta, «ez dago arrazoirik salbuespenezko estrategiei eusteko». Urkulluren ustez, legea betetzeari utzi gabe, «posible da eta beharrezkoa da» politika aldatzea.

EAJren ustez, Estatuak salbuespenezko estrategia horiek helburu politikoekin ezarri ditu, eta horrelako jarrerak laster iragana izan daitezen eskatu dio Raxoiri. «Terrorismoaren orri beltza ixteak eskuzabaltasun eta malgutasuna exijitzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.