Duela bi hilabete udaleko kargua hartu zutenetik ezezagunek egindako mehatxuak salatu ditu Karrerek.
Kezkatuta agertu da mehatxuak ez direlako berari egindakoak, Bilduren proiektuari baizik. Hala ere, proiektu horrek udal eta foru hauteskundeetan jaso zuen babesaren jakitun da, eta argi du lanean jarraituko dutela.
Sentitu al duzu herritarren babesa?
Bai, sentitu dut. Dena den, bi hilabete hauek normal hartzen eta kezkarik ez sortzen saiatu naiz egunerokoan; udaleko lanean murgildu, eta egoera ahazteko. Bestela, ezingo nuke. Baina iritsi da momentua aski dela esateko.Bilduren eta beste indar politikoen bitartez, aro berri batean sartzen ari gara Euskal Herria eta Andoain; aurrerapausoak ematen ari gara, eta bakea eta demokrazia lortu nahi ditugu, baina denentzat. Aukera politiko guztiek behar dituzte eskubideak eta lekua Euskal Herrian. Oraindik konfrontazio garaian bizi nahi duen eta egoera horretan eroso dagoen pertsonak daudela dirudi. Baina Euskal Herriak beste bide bat hautatu du, eta herriak argi erakutsi zuen bide hori nahi duela hauteskundeetan emandako babesarekin.
Udaleko kide batzuk mehatxatuta egon dira orain arte, baita beste alderdietako batzuk ere. Nola ikusten duzu hori?
Euskal herrian, zoritxarrez, urte asko eta asko daramatzagu edozein alderditako ordezkariek mehatxuak jasaten dituztela esanez. Eta ez alderdietakoek bakarrik, baita herritarrek ere. Egia da herri honetan kolore askotako biktimak daudela, eta kolore guztietako jendea dela biktima. Gero, batzuek beste batzuek baino publizitate gehiago eman diete jasandako mehatxuei. Elkartasuna adierazi nahi diegu horiei guztiei; bai mehatxatuta daudenei, baita mehatxatuta bizi izan direnei ere. Ez dugu inorenganako mehatxurik onartuko; berdin du zein alderdi den, edo zein pentsamolde duen. Euskal Herriak beste bide bat hautatu du.
Zure alderdikideen babesa izango zenuen... Ze jarrera erakutsi dute beste alderdietakoek? Elkartasuna adierazi dizute?
Noski, nire alderdikideen babesa jaso dut. Pribatuan beste alderdietakoen babesa jaso dut. Baina eskertzekoa izango litzateke jendaurrean ere jasotzea. Batez ere, guri behin eta berriz exijitzen zaigulako jendaurrean keinu horiek egitea, eta guk jendaurrean behin eta berriz esan dugu ez dugula onartuko inolako jazarpenik inorentzat. Hori jendaurrean eta pribatuan esan dugu, eta eskertuko genukeen guk ere keinu hori jendaurrean jaso izana.
Nola sentitzen zara une honetan?
Kezkatuta nago. Izan ere, pertsona batzuek demokrazia nola ulertzen duten ikusteak kezkatu egiten nau. Egunerokoan lana egin behar da. Gure lana herrigintza da. Horretarako eman digute konfiantza herritarrek, eta herritarren parte hartzea sustatzen eta euren kezkak entzuten jarraituko dugu lanean.
Ana Karrere. Andoaingo alkatea
«Ez dugu inolako pentsamolderen aurkako mehatxurik onartuko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu