Izan ere, urte asko behar izan dituzte eritasunaren aitorpena lortzeko; oraindik inork izenik jartzen asmatu ez badu ere. Pairamenduz —baita adorez ere— betetako istorio bat dago atzean: ankerra bezain ederra. «14 urte inguru nituen hasi nintzenean; bat-batean, konortea galtzen hasi nintzen». Dardarizoak hasi ziren aurrerago, kontrolatzen zailak, eta unadura; ulertzen zail zen neke bat. «Amari azaltzen nion, adimena bat-batean erori egiten zitzaidala; pertsona normala nintzela, eta bat-batean lelotuta geratzen nintzela». Argitu ditu gertatzen zaiona ulertzen lagun dezaketen hainbat kontu —hipogluzemiek eragina dute, esaterako—, baina gaitzaren diagnostikorik ez dio inork egin. Eta dardarka segitzen du; ariketa, fisikoa zein burukoa, egiten duen bakoitzean asaldatu egiten zaio organismoa.
Bidean, gogorrena, akaso, mediku zenbaiten partetik —«badira zoragarriak ere»— jaso duen ulerkortasun falta izan da. «Askotan,sendagileek pentsatzen dute gaixotasun horiek, izenik jartzen asmatzen ez duten horiek, psikosomatikoak direla, eta psikiatriara bideratzen zaituzte. Ez dut horretan geratu nahi, baina hori ere salatu egin behar da». 20 urte zituenean bideratu zuten, bera, esate baterako, psikiatrarenera. «Niretzako bizitzako momenturik tristeena horixe izan zen; sei urtez eduki ninduten han». Ematen zizkioten botikek guztiz lokartzen zutela dio. «Eta sei urtez aritu nintzen borrokatzen, esaten nik indar fisikoa behar nuela, burua oso ondo nuela». Zinetan oroitzapen mingotsa geratu zaio. «Gehiegi babestutako ume bat nintzela zioten hainbat medikuk; ez nuela beste ezertxo ere». Irabazi zuen bataila hura, baina zauriak ez dira itxi. «Lortu nuen psikiatrian senda-agiria ematea, ez zegoelako ezertxo ere psikiatrikoa. Tristeena da, ordea, nire historia klinikoan oraindik hori hor dagoela». Eta zama dela dio, mediku askok oraindik ere errezeloz begiratzen dutela:«Anekdota asko ditut: asko. Esan izan didate ez dutela ezertxo ere aurkitzen, ez dela beraiena: depresioa dudala».
Asko ikasi eta irakurri du urteotan, bere kaxara, eta bidean aurkitu dituen beste hainbat profesionalen bitartez. «Nire asmoa da, halaber, medikuntza naturala eta alopatikoa bateratzea; zoragarria da bateratzen badira ateratzen den lana. Nik gauza asko hobetu ditut medikuntza alternatiboari esker, eta hori defendatu egin behar dut». Donostia Ospitalean ere aurkitu du, azkenaldian, abaroa. «Hiru urte daramatzat Eloy Sanchez medikuarekin. Berak dena mugitu du, askotan baita eragozpenak izanda ere; eta, esaterako, jakin dut bizkarrezur muinean siringohidromielia bat dudala, lesio bat; orain arte ez nekien». Ez dakite zenbateko eragina duen horrek bere sintometan, baina abiapuntu bat izan da bere osasun arazoen aitorpenean. Horri lotuta lortu du Gipuzkoako Diputazioak aintzat hartzea gaixotasunak dakarkion elbarritasuna. «Lehenengoan epaimahaiaren aurrera agertu nintzenean, ez nuen dardararik; bigarrenean bai». Dardarizo hartan ikusten du jasotako aitortzaren motiboa. «Ikusi egin zuten nola nengoen».
Planeta berri bat
Zailtasunak zailtasun, orainaz ere mintzatu nahi du Alvarezek.«Ez dut gaixotasunean bakarrik geratu nahi». Hainbatproiektu martxan ditu bidean ikasitakoaren berri eman, eta atzetik datozenei laguntzeko. Lehendik ere ez da inoiz geldirik geratu: institutuko ikasketak bukatu, eta unibertsitateko bidea egin zuen. «Soin hezkuntzako irakaslea naiz». Oposizioak gainditu zituen Eusko Jaurlaritzaren aurreko deialdian —«esperientzia falta nuen, ordea, horregatik ez nuen lortu posturik»— eta berriz aurkeztekotan dabil. «Hezkuntza da nire pasioa, eta haurrak».Haien ninietan ez du ikusten, dardaren aurrean, helduen artean hain ohikoa den artegatasuna. «Eskailerak igo ezinik geratu eta, 3 urteko ilobatxoa etorri zitzaidan eskua ematera; zoragarria da».
Beste proiektu arrunt garrantzitsua El Planeta Elisa da; Lurrai enpresa —olioa saltzen dute, eta olibondoak babesteko aukera ematen dute—, Osasunarte elkartea —artea, osasuna eta kirola uztartzen ditu—, eta Elisa Planet Records enpresa —Luis Manuel Ruiz musikariarekin batera sortua—uztartzen ditu. Izena azken horrek jarri zion, Elisa Alvarezen indarrak txundituta; eta halaxe izena duten kantu bat eta liburu bat ere egin ditu. «Pazientziaren eta borrokaren bidez iristen da planeta honetara», azaldu du musikariak. «Apaltasunaren eta bizitzeko gogoaren bidez». Horrekin bat, hainbat ekitaldi egingo dituzte egunotan, ohikoaz aparteko gaixotasunak ere badirela oroitarazteko, eta aitorpena eskatzeko.
«Ez dut gaixotasunean bakarrik geratu nahi»
Diagnostikorik gabe geratzen dira zenbait eri, izenik ez duen zerbaitek eragindako sintoma gaitzen mende. Elisa Alvarez da horietako bat, eta hitza hartu nahi du, ozen: bereziki, atzetik datozenei laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu