Ez eraitsi, ez estali: irauli

Caidos Irauli kolektiboak «hirugarren bidea» planteatu du Iruñeko Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko eta «faxismo zahar eta berriei aurka egiteko». 'Ni derribo ni resignificacion' liburuan bildu dituzte kolektiboaren proposamenak.

Erorien Monumentua, Iruñekoa. IÑAKI PORTO / EFE
Erorien Monumentua, Iruñekoa. IÑAKI PORTO / EFE
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko maiatzaren 30a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eztabaida garratza piztua da Nafarroako eragile politiko eta sozialen artean, Iruñeko Erorien Monumentuaren kontura. Iazko azaroan, EH Bildu, PSN eta Geroa Bai taldeek akordioa izenpetu zuten, xedetzat hartuta eremua zeharo eraldatzea, eraikinari «beste esanahi bat» emate aldera. Elkarte memorialista gehienak, baina, aukera horren aurka azaldu dira, eta eraikina erabat eraisteko exijitu dute behin baino gehiagotan. Nafarroako eskuinak eta eskuin muturrak, aldiz, betiko bideari eustea proposatu dute; hau da, ezer ez egitea. Ika-mika horren erdian, beste ahots bat gehitu da eztabaidara: Caidos Irauli kolektibo memorialistarena. Monumentuari «buelta ematea» proposatzen dute, harekin «pedagogia antifaxista» egin ahal izateko.

Liburua argitaratu berri du kolektibo horrek, Katakrak Liburuak argitaletxearen zigilupean: Ni derribo ni resignificación, el Monumento a los Caídos como herramienta contra los fascismos (Ez eraistea ez esanahiberritzea: Erorien Monumentua, faxismoen aurkako tresna gisa). Hamahiru egileren beste horrenbeste testu bildu dituzte bertan, «eztabaida publikoa sustatu» nahian. Gaur aurkeztu dute, Iruñeko Katakrak liburu dendan.

Ramon Contreras eta Asun Larreta, Caidos Irauli kolektiboko kideak, Katakrak liburu dendan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ramon Contreras eta Asun Larreta, Caidos Irauli kolektiboko kideak, Katakrak liburu dendan. IÑIGO URIZ / FOKU

Liburuan, «hirugarren bidea» proposatzen du Caidos Irauli taldeak, Erorien Monumentuaren eztabaidari heltzeko: «Guk proposatzen duguna da monumentu hori profanatzea eta iraultzea», laburbildu du kolektiboko kide Ramon Contrerasek. «Eskuin nabarristaren eta nazional-katolizismoaren irudira egina dago Iruñeko Erorien Monumentua. Ideologia horren loria erakutsi nahi du, baina, berez, eraiki zutenen miseria morala eta inpunitatea islatzen du monumentu horrek».

Hori guztia «agerian» utzi nahi du Caidos Irauli taldeak. Denen bistara: «1936ko gerran eta frankismoan borrero izan zirenak zuritu egin zituen kontakizun ofizialak, baina monumentu horrek seinalatu egiten ditu». Ikonografia hori bera erabiltzea faxismoaren aurka, horra kolektiboaren xedea: «Monumentuak aukera ematen digu faxismoa higatzeko, ez soilik 1936ko faxismoa, baita gaur egungoa ere».

«Nik neuk ez nuke malkorik isuriko monumentua eraitsiko balute», aitortu du Contrerasek. Hala ere, beharrezkotzat jo du monumentuaren «parterik esanguratsuenak», behintzat, zutik atxikitzea: «Sinboloen eta ikurren zentzua gizartearekin duten harremanaren araberakoa da, eta eraldatu egin daitezke. Ikonografia gorrotagarri horri buelta eman behar zaio, kontrako kontakizun bat eraikitzeko».

Eraistea, konponbide «mugatua»

Frankismo garaiko iruditeriaren eta Erorien Monumentuaren gaineko eztabaida planteatzeko modu «itxia» ere kritikatu du Caidos Irauli taldeak: «Eraitsi edo eraldatu. Ez da planteatu beste aukerarik, ñabardurarik edo eztabaida posiblerik». Kolektiboko kide Asun Larretaren irudiko, taldekideak ez datoz bat ez aukera batekin ez bestearekin: «Orain arte, biktima baizik ez gara izan, baina ez dugu biktima izaten jarraitu nahi. Faxismoak Nafarroan hil zituen 3.500 pertsona horiek zergatik hil zituzten? Antifaxistak izateagatik. Hori ere esan beharra dago. Erorien Monumentua eraitsiz gero, ez da horren arrastorik geratuko, eta ahanztura inposatuko da. Eraisketa konponbide mugatua da, ez baititu aukera guztiak baliatzen».

Hori dela eta, Larretak uste du «interbentzio zorrotz, indartsu eta atzeraezin bat» egin beharko litzatekeela: «Monumentuaren parterik esanguratsuenak mantendu, eta interpretazio zentro bat eraiki, iraganeko eta gaur egungo faxismoei buruzko pedagogia egiteko». Horrekin bat dator Contreras ere: «Memoria historikoa mugatzen bada gertakariak oroitzera eta biktimak omentzera, motz geratuko da. Faxismoa hemen dugu jada, gure artean: gerraren, xenofobiaren eta matxismoaren itxura du, eta ezinbestekoa da iraganean gertatutakoaren erroak aztertzea, egungo eta etorkizuneko faxismoei aurre egiteko».

Bukatzeko, Nerea Fillat editoreak adierazi du «eztabaida piztea» dela Katakrak Liburuak argitaletxearen asmoa, ikur faxisten gaineko «eztabaida sakon baten falta» sumatu baitu: «Azaletik heldu diogu auziari, eta ertz politiko ugari bazterrean utzi ditugu, eztabaidatu gabe». Erorien Monumentuari buruzko azken erabakia «edozein delarik ere» prozesua «ongi planteatzea eta garatzea» galdegin die Fillatek arduradun politikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.