Aulestin [Bizkaia] bazekiten nortzuk ziren erdaldunak. Hasieran hiru, gero bost, zenbatuta zeuzkaten. Eta lasai asko bizi ahal izan ziren gaztelaniaz». 1950eko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitartean Euskal Herrira etorri ziren etorkinek ez zutela euskara ikasteko presiorik sentitu dio Julen Zabalok, «ezta oso eremu euskaldunean ere».
Zabalok berak, Iker Iraolak eta EHUko beste ikerlari batzuek egindako azterlanaren emaitzetako bat da hori. 1950-1980 aldiko migrazioa eta euskara du izena, eta Topaguneak antolatutako Euskara aniztasunean izeneko jardunaldietan aurkeztu dute Zabalok eta Iraolak.
Zabalok dio herri euskaldunetara etorri ziren etorkinek bazutela inguruak eragindako presioa. «Baina momentu hartan, egoera politikoari esker, errazagoa zen eurak gaztelaniaz gizarteratzea. Bestela, egoera normal batean, ez da ulertzen inguru guztia euskalduna denean nola den posible horrela irautea».
Abertzaletasunaren jarrera
Etorkinak harrera herriko hizkuntza ikastera bultzatzen dituzten hainbat faktore egon daitezke. Zabalok honako hauek zerrendatzen ditu. Batetik, lurralde horrek estatua eta hizkuntza ofiziala izatea. Bigarrenik, inguruan hizkuntza hori nagusi izatea eta hiztunek presio egitea. Hirugarrenik, lana aurkitzeko hizkuntza horren ezagutza beharrezkoa izatea. Eta, laugarrenik, hizkuntza horrek balio sinboliko eta ideologikoa izatea.
Haren esanetan, XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran Bizkaian eta Gipuzkoan izandako migrazioan faktore horietako bakar bat ere ez zen betetzen. 1950etik 1980ra bitartean, ordea, hiztunak presio egiten hasi ziren eta abertzaletasunak aldaketa nabarmen bat izan zuen. Ordura arte ideologiaren oinarria arraza zen, baina ordutik euskarak hartu zuen. Edonola ere, abertzaletasunak erdaldunekiko jarrera positiboa izan duela dio: «Mugimendu politikoa den heinean, euskaldunak ez ezik, erdaldunak ere erakarri nahi ditu».
Presio horrek eraginda, Espainiatik etorritako batzuek ikasi egin zuten euskara. Beste batzuek ez, ordea. Iruñean, Altsasun (Nafarroa), Barakaldon, Berriatuan (Bizkaia), Bergaran,Pasaian (Gipuzkoa), Gasteizen edo Bastidan (Araba) bizi diren eta euskara ikasi ez zuten garai hartako etorkinak eztabaida taldeetan banatu dituzte, hizkuntza ez ikasteko zer arrazoi izan zituzten jakiteko.
Iker Iraolaren esanetan, gehienek euskararen aurkako jarrera agertu dute. «Batez ere, lana eskuratzeko euskara jakitea eskatzea gaitzesten dute. Euskara ikastea ondo dagoela diote, baina ezin dela behartu». Adibidez, aurrena lana eskuratzeko aukera emateko eskatzen dute garai hartako etorkinek, eta ondoren interesa duenak ikasiko duela diote.
Iritzirik gogorrenak Gasteizen eta Barakaldon jaso dituztela dio. Kasurako, euskara eta Euskal Herriko gatazka politikoa lotzen dituztenak. Edonola ere, gehienek garai hartan euskarak ustez zuen egoera jartzen dute aitzakiatzat: «Euskaldunek ere ez zutelako erabiltzen ez genuen ikasi».
«Ez genuen ikasi, ez zutelako erabiltzen»
Espainiatik 1950etik 1980ra bitartean etorritako etorkinek euskararen inguruan izan zuten jarrera aztertu dute Julen Zabalok eta Iker Iraolak. Hizkuntza ikasteko euskaldunen presio gutxi izan zutela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu