Ezbaiko teknika puzzle ilogiko batean

Arabako eremu horretan azken hamarkadetan egindako zundaketak Subillako akuiferoa kutsatzeko bidea izan daitezkeela gogorarazi du Aitor Urresti ingeniariak; bestalde, gas hori eskuratzeko errentagarritasuna ezbaian jarri du Pedro Prieto AERENeko lehendakariordeak.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Energiaren puzzle ilogiko bat egin nahi dute, energia fosiletan oinarrituta, eta, horretarako, oso zalantzazkoa den erauzketa sistema batera jo nahi dute». Aitor Urresti industria ingeniariak ez du argi ikusten Eusko Jaurlaritzak Araban gasa erauzteko erabili nahi duen modua. Gasaren aldeko apustuari are pisu handiagoa emateaz gain, Urrestik ezbaian jarri zuen apustu hori eusteko zalantzak sortzen dituen erauzte sistema erabiltzea.

Fracking Ez Araba plataformak antolatu zituen jardunaldietan parte hartu du Urrestik, eta jakinarazi du Balmaseda formazioak bil dezakeen gasari buruzko zalantzak dituela. Unitate geologiko hori azaleratzen den lekuetan arroka ama nahiko hautsita dagoela azaldu du, eta lurpean horrela egoteko arriskuaz ohartarazi du. «Gasa ateratzeko, hausturak egin behar dituzte, baina aurrez ere hausturak bazituen, ez dakit zer aterako duten».

Arriskuen alorrean Subillako akuiferoa dago lehen postuan. Funtsean, kareharri geruza batean dagoen akuifero horrek 170 kilometro koadro baino gehiago hartzen ditu. Arabako ur biltegi handienetako bat da, eta Langraiz Okako biztanleek bertako ura edaten dute. 72,5 hektometro kubo ur ditu, Urrunagako urtegiak (Araba) beste ur. Akuiferoa ez kutsatzeko konpromisoa berretsi du Eusko Jaurlaritzak, baina eremu horretan dauden zundaketa zaharren bitartez kutsatzeko arriskuaz ohartarazi du Urrestik. Hau da, zundaketa berriak berme guztiak bete arren, gai kimikoak dituen ura zundaketa zahar batera heldu eta bertatik akuiferora heltzeko arriskua dagoela azaldu du. Bestetik, gas zundaketen berezko arriskuez ohartarazi du, eta Arabako putzu askotan arazoak egon direla azaldu.

«Energiaren aktibo toxikoa»

Gas erreserbei buruz hitz egiterakoan hiru ideia ezberdindu behar direla gogorarazi du Pedro Prietok, AEREN Baliabide Energetikoen Ikerketarako Espainiako Elkarteko lehendakariordeak: egiaztatuta dauden erreserbak, egon daitezkeen erreserbak eta eskuratu daitezkeenak. Hain justu, Araba azpian 184.000 milioi metro kubo gas natural egoteak ez du esan nahi horiek guztiak eskuratuko direnik, ezta horiek eskuratzea bideragarria denik ere.

Hain zuzen, haustura hidraulikoaren bitartez eskuratzen den gasa «energiaren aktibo toxikotzat» eta «bonu zabortzat» jo du Prietok. Gas hori eskuratzeko askoz energia gehiago erabiltzen da ohiko erauzketetan baino; hau da, irabaziak txikiagoak dira, eta gasa eskuratzeko zailtasuna handiagoa. Prietoren ustez, zundaketa horiek egiteko zerbitzuak ematean datza irabazia. «Ez dut uste Jaurlaritzak egitasmo horretan sartu behar duenik; eginez gero, AEBetako enpresei bermeak eskatu behar dizkie, 50 urte barru azpiegitura herdoiltzen denean aurpegia eman dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.