Anaitze Agirre (Lazako, 1972) Irungo Harrera Sareko kide eta EHUko irakaslea da, migrazioan, generoan eta komunikazioan espezializatua. Azpimarra egin du: «Badaude modu seguruak migratzeko».
Nolakoak izan dira azken egun hauek Harrera Sarearentzat?
Gogorrak. Oraintxe bertan gure lanetako bat zera da, migranteei behin eta berriro esatea mesedez ez jarraitzeko bide hori, ez saiatzeko Bidasoa ibaia zeharkatzen. Baina, noski, Kanarietara iritsi badira, itsasoan sartu badira barku ziztrin batzuetan, eta bizirik atera badira, Irunera iritsi eta Hendaia metro gutxira ikustean normala da pentsatzea horra ere irits daitezkeela.
Bidasoaren inguruan azken hilabeteetan hil den hirugarren pertsona da, baina askotan heriotza hauek kasu bakanak balira bezala aurkezten direla diozue.
Guk esaten duguna da honek guztiak testuinguru bat eta arrazoi bat dauzkala. Jendeak bide seguruak edukiko balitu migratu ahal izateko, hau ez litzateke gertatuko. Beraz, arduradunak badaude. Europara begiratu behar dugu, eta gurean dioguna da gure administrazioek harrera hobea egiten ahalegindu behar dutela. Jende honek eskubide guztiak urratuta dauzka; migrantearen eta errefuxiatuaren izugarrizko ehiza egiten ari dira oraintxe bertan.
Zer eskatzen diezue Euskal Herriko erakundeei?
Berdin. Erantzukizun politikoa dute, eta baita baliabideak ere. Jar ditzatela martxan. Irunen ikusten dugu egunerokoan batez beste pertsona bat edo bi kalean uzten ari direla, harrera tokian lekua izanda ere. Euskal Herriko instituzioek aukera daukate erreferente izateko eta beste politika batzuk egin daitezkeela erakusteko, orain Europa eta estatu kideak egiten ari direna migrazio eta mugetako kontrol politika arrazistak baitira. Euskal administrazioek erakuts dezatela bidea beste nonbaitetik nola egin daitekeen. Izan daitezela erreferente positibo bat. Izan daitezela ausartak.
Badirudi naturaltzat jotzen dela heriotza prozesu migratorioen parte izatea, ezta?
Beltz baten biziak txuri batenak baina gutxiago balio du? Bistan dago, praktika hauekin, baietz. Europari berdin zaizkio bizitza horiek. Guri ere bai? Ez dut uste. Deshumanizatzeko modu asko dago: adibidez, pertsona hauek arazo bat izango balira bezala tratatuz, esanez gehiegi direla, ezkutatuz hor atzean dagoena krisi humanitario bat dela... Estrategia asko dago panorama bat margotzeko non guk iritzi publiko gisa jasoko duguna eta interpretatuko duguna hori den. Ahal dugun guztia egiten omen dugu, eta ezin omen dugu gehiago egin, arazo oso konplexua delako eta erantzukizunak beste nonbait daudelako. Horrekin lortzen duzuna da desumanizatzea, arazoa desbirtuatzea eta zure erantzukizuna ezkutatzea.
Zer gertatzen ari da mugan?
Frantziako Estatua pertsonen ehiza bat egiten ari da beste aldera pasatzen direnekin, eta mugan itzulketa ilegalak egiten dituzte; berdin dio errefuxiatua izan, adin txikikoa izan... Hori guztia da ikusten ari garena, eta horren atzean guk egiten ditugun diskurtso eta politika publikoek azkenean iritzi publikoari transmititzen diotena zera da, arazo bat dela eta ahal dutena egiten dutela. Ezin da naturalizatu migrazioaren eta heriotzaren arteko lotura. Hori desmuntatu beharra dago, ez baita egia.
Zer mezu zabalduko zenuke?
Jendeari argi eta garbi esan behar zaio badaudela moduak pertsona hauen eskubideak errespetatzeko eta modu egokian migra dezaten bermatzeko.