Hondarribiko alardea. Nora Ferreira. Jaizkibeleko kapitaina

«Ezin da onartu oraindik ere jai baztertzaile bat egitea herrian»

Aurten Hondarribiko alardean izango diren «keinu txikiei» garrantzia eman die Ferreirak, baina ez du ontzat ematen agintari politikoek alarde baztertzailearen aldeko keinuak ere egitea.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Hondarribia
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun

Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainia parekideko kapitaina izango da aurten, estreinakoz, Nora Ferreira (Hondarribia, 1992). «Oso kontent eta harro nago. Ohore bat da», esan du.

Ikusi gehiago:Jaizkibelen aldeko «keinuek» egingo dute berezia bihar alardea

Entseguak zer moduz joan dira?

Oso ondo. Lehenengoan oso urduri nengoen, baina jende pila bat zegoen txaloka eta animatzen; horrek lasaitasun pila bat eman zidan. Urtero gehiago gara, eta ikaragarri polita da ikustea urtero jendea animatzen dela txalotzera eta desfilatzera Jaizkibelen.

Zenbat pertsona izango zarete aurten Jaizkibelen desfilatzen?

Kalkulatzen dugu mila inguru izango garela; pixka bat gehiago.

Parte hartzaile asko gazteak dira, baita zu ere. Nola bizi duzue gaztetasun hori konpainia barruan?

Denetarik dago Jaizkibelen, baina ikusten da urtero jende gehiagok hartzen duela parte. Haur askorentzat txikitatik Jaizkibel da beren konpainia, horrela bizi dutelako. Hori ona dela iruditzen zaigu, ez dutelako ikusi Jaizkibel aparte dagoen konpainia bat bezala, baizik eta alarde barruan egotea posible izango lukeen konpainia bat bezala.

1997tik dago martxan. Nolakoa izan da transmisioa sortzaileengandik zuengana?

Niretzat, oso polita izan da. Nik beti txalotu dut Jaizkibel; nerabea nintzenean, lagunekin, espaloitik. Gero, ja, 19 urterekin hasi nintzen desfilatzen. Baina beti nire ingurua izan da gaztea. Duela urtebete batzordean sartu ginen lagun bat eta biok, eta oso berezia izan zen niretzat helduak istorioak kontatzen entzutea. Haien historia transmititzea, ilusio horrekin. Nire familia ez da inoiz atera Jaizkibelen; ez dut izan helduen erreferentzia hori, eta Jaizkibeleko lehenengo kideek eta batzordekoek hori transmititu didate.

Jaizkibel bada, nolabait, aukeratutako familia bat, ezta?

Justu! Niretzat familia bat da, eta leku oso seguru bat.

Nola bizi dituzu zuk andre aitzindari horien lana eta borroka?

Sentitzen dut haiek direla aitzindari batzuk. Egiazko borrokatzaileak dira. Duela 30 urte Hondarribian ateratzea, alardean sartzea... Sinbolikoki oso potentea da. Erreferentzia bat dira niretzat, beste borroketarako ere bai. Nola sortu zen Jaizkibel niretzat erreferentzia handi bat da.

Nolako alardea izango da aurtengoa?

Aldaketa txiki batzuk egongo dira. Txikiak, baina garrantzitsuak dira guretzat. Adibidez, aurten Gernikako Arbola kaletik aterako gara, besteak bezala. Hori guretzat pauso handi bat da, orain arte ez baitugu inoiz hori egin. Guadalupeko botoan ere udalbatzaren ondoren sartuko gara elizan; guretzako tokia gordeta egongo da... Itxaropena dugu hurrengo urteetan aldaketa potentea egoteko.

Keinu txiki horiek esanguratsuak dira?

Oso! Keinu zerrenda luze bat eskatu genion [Igor Enparan Hondarribiko alkateari], eta batzuk ez dira posible izan, baina borrokatuko gara lortu arte.

Beste keinuetako bat izango da alkateak harrera egingo dizuela, baita Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere, Eider Mendozak.

Aurrerapauso bat da, baina alarde baztertzaileari ere harrera egingo diote, eta, guretzat, hori atzerapauso handia da, ez dugulako ikusten feminismoa babesten duenik. Alarde baztertzaile bati babesa ematen dio, eta Jaizkibeli ere bai. Ona da guretzat, baina aldentzen gaitu gure helburutik: alarde bakarra, publikoa eta parekidetik.

Saindua proposamena eta Guztion Alardea egitasmoak sortu izana nobedadea da aurten. Zer iruditzen zaizue?

Oso positiboa da egunero talde berriak sortzea helmuga berarekin: emakumeek parte hartzea alardean. Guztiok daukagu modu ezberdin bat horra iristeko, baina positiboki ikusten dugu. Lana ere kostatu zaigu, baina haiekin elkartu gara. Ikusita gehiago garela, eta helmuga bera oso argi dugula, negu honetan guztiok batuko gara eta ikusiko dugu nola iritsi puntu komun batera. Baina, guretzat, positiboa da taldeak sortzea, eta tradizio horretatik ateratzea.

Datorren urteko alardean keinu gehiago egongo dira?

Guk argi dugu gure eskubideak direla, eta gure eskubideak ez ditugula adostu behar urtero keinu txikiak eskatzen. Aurten bai, eskatu ditugu, baina elkarri konfiantza emateko modu bat bezala. Udala aldatu da, eta guk konfiantza emango diogu. Baina, gero, gure ustez, hau moztu egin behar da, bukatu behar da; ezin da onartu oraindik ere jai baztertzaile bat egitea herrian. Guretzat, keinua izango zen alardea publikoa izatea, pertsona guztiek parte hartu ahal izateko.

Zein eskari egingo zenizkiekete erakunde publikoei?

Ez emateko babesa alarde baztertzaileari, uste dudalako horrek Jaizkibelen kontra egiten duela. Gogorarazi nahi dut Jaizkibel emakumezkoen eskubideen alde ari dela borrokatzen; ez dezatela hori ahaztu. Jaizkibel emakumeen aldekoa izan da beti, beti izango da, eta gure borrokarekin jarraituko dugu, nahi duguna lortu arte: Jaizkibelek parte hartzea alarde publikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.