EUSKAL PRESOAK

Ezin orria pasatu

Presoen auziari irtenbidea eman nahi bazaio gizarteak gaiari eutsi behar diola diote presoen senideek, eta ETAren armagabetzea eredu gisa jarri dute. Presoen eta senideen egoera sei urtean ez dela hobetu azaldu dute.

Mila Iradi, Mayi Ugartemendia eta Izaro Arruarte. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2017ko ekainaren 16a
11:36
Entzun

Mila Iradi, Mayi Ugartemendia eta Izaro Arruarterekin egon da Hitza, Donostian; Ibon Fernandez Iradiren ama, Beñat Aginagalderen ama eta Ugaitz Errazkinen bikotekidea dira, hurrenez hurren; Arruartek, gainera, anaia ere preso du, Gari, gaixotasun larri batekin. Asteartez jarri dute hitzordua, asteburuan bisita eta bidaia izan ostean, astelehena ez baita egun erraza haientzat. Mezu argi batekin azaldu dira hirurak. “Edo konpromisoa hartzen dugu eta gai honi konponbidea emateko lema gizarteak hartzen du, edo bestela barruan ustelduko dira”, dio Arruartek, beste biek buruarekin baietz egiten duten bitartean.

Presoen senideen errealitatea eta egunerokotasuna gero eta gogorragoa dela azaldu dute, eta ezer aldatu ezean okerrera egingo duela. “Nik senide gisa ikusten dut presoak gero eta gutxiago direla, eta [estatuei] gero eta errazagoa zaiela bai presoak eta bai senideak bakartzea; gu bakarrik ari gara bidaiatzen, eta gure egoera asko, asko ari da gogortzen”. Duela bost urte atxilotu zuten Arruarteren bikotekidea, Frantzian, eta, han zigorra betetzen duenean, Espainiaratu egingo dute. “Honek horrela segitzen badu, gizarteak zerbait egiten ez badu, egoera jasangaitza izango da azkenak gelditzen garenontzat, eta perspektiba horretan gaude gu; azkenetakoak izango gara”.

Aginagalde 2010ean atxilotu zuten, ETAk armak behin betiko utzi baino urtebete lehenago. ETAren erabaki hura senideentzat “esperantzarako argi txiki bat” izan zela dio Ugartemendiak, baina bai berak eta bai semeak beti hankak lurrean izan dituztela. Aitortu du, halere, hasieran hitz egiten zuela semearekin presoen auziaren konponbide posibleaz, aritzen zirela etorkizuneko agertoki posibleak irudikatzen. “Baina ja gai hori ez da aipatzen. Alderantziz, berarekin nagoenean, niri errealismo gehiegi iruditzen zait, baina batzuetan esaten dit ‘ama, ez nauzu kalean gehiago ikusiko’. Hori entzutea oso gogorra da”, azaldu du.

Egoera berriak zerbait ekarriko zuen esperantza aspaldi itzali zitzaiela argi uzten dute hiru senideen hitzek. Ugartemendiak argi azaldu du egoera. “Gu ez gaude egoera berrian, gu lehengo egoeran gaude. Jendeak nahi du orria pasatu, kapitulua itxi, eta normala da; baina guk ezin dugu, erdi-erdian harrapatuta gaude, duela sei urteko orri berean jarraitzen dugu. Eta okerrago gaude, sei urte gehiago pasatu direlako: sei urte gehiago kartzelan, sei urte zaharragoak gara, sei urte errepidean…”.

Semearen egoerari ama bezala begiratzen diola dio Iradik, kartzelan eta larri gaixo dagoena semea duela, seme bezala baino ezin diola begiratu, berak ez duela arrazoibide eta gai politikoetan sartu nahi. “Baina egia da, egoera politikoak tentsioa galdu duen neurrian, giroa lasaitu egin dela, mobilizazioak indarra galdu duela… Baina guk bultzatu behar al dugu mobilizazio hori? Senideok hartu behar al dugu gidaritza? Guk rol bat betetzen dugu, oso gertukoa, baina nik uste dut bestea gizarteak hartu behar duela”.

Arruartek ETAren armagabetzeari begiratzen dio, eta Ipar Euskal Herrian egindakoa eredu gisa jartzen du. “Iparraldeak lezio handi bat eman digula esango nuke, ea Hegoaldekook zer egiten dugun. Nik argi daukat gizarte zibilak atera behar duela kalera. Eta gizarte zibilak Iparraldean armen ardura hartu duen bezala, eta presoena ere hartuko dutela iragarri duten bezala, Hegoaldean ere aprobetxatu behar dugu tren horretara igotzeko”.

Mugimendurik ez

2011n ETAk armak uztean piztutako itxaropenaz aritu dira hiru senideak. “Bai, esperantza txiki bat piztu zitzaigun”, dio Ugartemendiak. “Behar dugu esperantza, aurrera egiteko”, gehitu du Iradik. “Nik neuk ez nuen bizi izan hainbeste aipatzen zen eta ikusten zen ilusio hura”, esan du, ezkorrago, Arruartek. Hiruretako inork ez zuen espero, ordea, sei urtean presoekin mugimendu txikiena ere egingo ez zenik. “Auzia bat-batean konpondu eta denak irtengo zirenik ez nuen uste, noski, baina ezta ere, sei urte geroago, anaia ikustera Almeriara joaten jarraituko nuenik. Hor bai espero nuen zerbait. Eta aritu gara urte batzuk esaten ‘azken Gabonak hemen’ edo ‘azken uda hemen’, baina ja ez dugu esaten”.

Eta jarraitzen du, ez bakarrik Almeriara joaten, larri gaixo dagoen anaia bisitatzeko joan-etorrian 2.000 kilometro eginez; bikotekidea ikusteko ere 1.200 kilometro egiten ditu. Bisita hori, gainera, 3 urteko semearekin egiten du hilean behin. “Orain arte hegazkinean joaten ginen Fresnesera [Paris], baina orain Chatearoux-era aldatu dute; 600 kilometrora dago, eta autoz bakarrik joan gaitezke”. Aldaketara ohitzen ari direla dio. “Izan ere, aita kartzelaz aldatzea aldaketa handia da umearen bizimoduan, eta bidaia gogorra da”. Bi metro koadroko bisita gela arrunt batean egoten dira aitarekin, umeekin bisitak egiteko atondutako gela biltegi gisa erabiltzen baitute. “Eskerrak umeek irudimen handia duten… Baina aitak eta biok agortuta amaitzen dugu, bi orduz umea entretenituta edukitzeko”.

Semea egoeraz ohartzen hasia dela dio Arruartek. “Jada hasi da konturatzen, eta funtzionarioak aitaren bila etortzen direnean, aurpegia aldatzen du, triste jartzen da, eta aita etxera ekarri nahiko lukeela adierazten dit”. Aitarentzat, umea jaio denetik, kartzela asko gogortu dela gaineratu du. “Ni ohartu naiz, eta Ugaitzek ere onartzen du espetxea gogorragoa egin zaiola. Bisita amaitzean, buelta asko ematen dio buruari; ‘baina zer naiz beretzat?’, ‘lortuko dut aitaren rola betetzea?’… Berak buruan duena da ez duela semea hazten ikusiko”.

Umeak tartean daudenean oso gogorra dela dio Iradik ere. Bisitarik ez duenean ere, maiz joaten da Lannemezanera, semearen bikotekideari eta umeei laguntzera: “Kartzelak jarritako apartamentu batean egoten dira; baina, badaezpada, gu ere joaten gara, bi umerekin edozein gorabehera gerta baitaiteke”. Bidaiak gogorrak egiten zaizkio Iradiri, baina bidaian beti presoen umeengan pentsatzen duela dio. “Gurea ez dago hain urrun, 250 kilometrora. Baina lehengoan biloba zaharrenak esan zidan, ‘amona, nazka-nazka eginda nago’, eta zergatik galdetu nionean, esan zidan, ‘noiz atera behar dute aitatxo?’. Gelditzen zara… ez dakizu zer erantzun”.

Fernandez Iradiri 2011n diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza, eta epaitegietan borroka luzea darama aske utz dezaten. Frantzian, azken urtean, bi preso gaixo kaleratu dituzte —Oier Gomez eta Lorentxa Gimon—, eta kaleratze horiekin nolabaiteko argi bat piztu zitzaiela dio Iradik. “Baina gero ikusten duzu ezetz, eta hortxe gelditzen da kontua”.

Adituen arabera, neurologo batek urtean behin ikusi beharko luke Fernandez Iradi, eta astean behin gutxienez —astean hiru-lau aldiz izatea ere gomendatu diote— fisioterapeuta batek tratatu beharko luke. “Gaur da eguna Ibonek hiru urte daramatzana neurologoarekin egon gabe, eta azken bisita presentziala duela lau urte baino gehiago izan zen, bestea bideokonferentziaz izan baitzen. Fisioterapeutak, berriz, bi edo hiru astean behin ikusten du”. Baldintza horietan eta espetxea gaixotasun iturri dela kontuan hartuta, edozein birusek gaitzaren beste agerraldi bat eragin diezaioke. “Eta horrelako agerraldi batek esan nahi du une horretan galtzen duena ez duela berreskuratzen, okerrera doa beti”. Semea, orain, nahiko egonkor dagoela dio Iradik, mugitu daitekeela, egon dela okerrago. “Eskerrak buruz indartsu dagoen. Buruak eusten badio, bestea kudeatuko du; baina, burua huts egiten hasten bada, hortxe bai datorrela arazoa”.

Jaenen dago Aginagalde, ia 700 kilometrora; muturreko klimatologia eta espetxeko baldintzen gogortasuna aipatzen ditu haren amak, “funtzionarioen jarrera ez baita aldatu egoera berriarekin”. Ugartemendiak ere buruz ondo ikusten du semea. “Normalki ni baino indartsuago dago, eta ni animatzen aritzen da. Semea buruz ondo dagoela ikustea oso garrantzitsua da guretzat”.

Aukera aprobetxatu du berriro Arruartek gizarteari dei egiteko. “Egoera aldatzen ez bada, preso askok urteak egin beharko dituzte barruan, eta psikologikoki gero eta gogorragoa da; egoera politikoak ere eragiten du, esperantza piztu eta gero galtzeak kolpe latza jotzen du buruan… Ezinbestekoa da gaiari eustea, eta gizarteak borroka hau bere egitea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.