Ezinezkoa izango da 'Motxo' ontzia itsas hondotik ateratzea

Brankako olio tankeetan gordetzen zituen 12 tona erregai itsasora isuri ditu Bermeoko ontziak

ainara arratibel gascon
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ostegunean Zumaia eta Deba (Gipuzkoa) arteko itsaslabarretan hondoa jo zuen itsasontzia ateratzeko ahaleginek huts egin dute. Irauli egin da, eta ezinezkoa izango da hondotik ateratzea. Salbamenduko kideak itsasgorarekin batera egin nahi zuten azken itsasoratze ahalegina atzo, baina, goiz osoa bilduta eman eta gero, ezinezkoa zela ikusi zuten. Brankako olio tankeak hutsik daude, eta 12 tona erregai itsasora isuri dira. Dena den, isuritako erregaia «hidrokarburo arina» dela azaldu dute Itsas Salbamenduko kideek, eta, ez dagoela «kutsadura aztarna argirik» uretan. Alabaina, inguruko putzuetan erregaia ikus zitekeen atzo, eta goizean nabaria izan zen erregai usaina.

Ostegun goizaldean izan zuen istripua Motxo arrantzontziak, olatu kolpe baten ondorioz. Eskifaiako bederatzi arrantzaleak onik atera zituzten. Arratsaldean egin zuten ontzia itsasoratzeko lehen ahalegina, baina itsaso zakarrak kostalderago eraman zuen ontzia. Herenegun berriro saiatu ziren, baina egoera gehiago korapilatu zen. Izan ere, itsasoratze lanetan ari zirela, ontzia iraulieta erregaia galtzen hasi zen. Gainera, atoiontziak ontzia lotzeko erabilitako sokak eten egin ziren, eta ontziaren branka haitzera begira geratu zen. Iñaki Arrizabalaga Zumaiako alkatea haserre zegoen gertatutakoarekin, eta salatu zuen, eremu babestua dela dakiten arren, arrantzontziak kostaldetik oso gertu arrantzatzen dutela. Armadoreak hori ukatuzuen. «Olatuen kolpeek bota zuten ontzia uretara. Zorionez, eskifaiako kide gehienak itsasontziko geletan zeuden atseden hartzen».

Atzo goizean berriro hasi ziren lanean Itsas Salbamenduko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak. Zeregin nagusia haitzetan zegoen ontziaren sarea kentzea izan zen. Lan zaila izan zen, sarea haitzetan korapilatuta geratzen baitzen.

Itsas Salbamenduko kideek azaldutakoaren arabera, ontziko sotoak urez estalita geratu dira, eta ontzia ababorraren kontra iraulita. Horren ondorioz, ezin izan dute hondotik atera.

Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak ikerketa hasi zuen ostegunean bertan, gertatutakoa argitzeko. Hala, bihar bilera izango da Donostian armadorearekin eta ontziak duen asegurua kudeatzen duen aseguruaren ordezkariekin, egoera aztertzeko.

Arrantzari lotutako Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko 13 udalerri biltzen dituen Udalarrantz elkarteak ere gertatutakoa «sakon» aztertzeko eskatu du, eta espekulaziorik ez egiteko. «Ezinbestekoa da hori, dagokionari erantzukizunak eta azalpenak eskatzeko». Zumaiako alkatearen kritikei ere erantzun die Udalarrantzek. «Oso sektore profesionala da arrantzarena, eta legedia zorrotz betetzen du; batik bat ingurumenari lotutakoa».

'Maro' gogoan

Euskal kostaldean gertatutako halako azken istripua ere Gipuzkoako uretan izan zen. 2008komartxoaren 6an, Baiona eta Pasaia arteko bidea egiten ari zen Maro ontziak hondoa jo zuen Jaizkibelgo itsaslabarretan. Ontzia burdina bila zihoan Pasaiako portura. Bidean, ordea, matxura izan zuten ontziaren makinetan, eta ondorioz nora ezean geratu zen.

Ontziak 2,6 tona olio eta 54 gasolio tona zeramatzan. Ondoren, gainera, egun haietan zegoen enbataren ondorioz, hiru zatitan apurtu zen. Ondorioz erregaia uretara isuri zen. Ontzia ateratzeko lanak ez ziren errazak izan. Eguraldi txarrak ezinezkoa egin zuen. Azkenean, erabat txikitu zuten ontzia, eta olatuen mende utzi.



Ehunka lagun bertaratu dira Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretara 'Motxo' ontzia ikustera. Denek «itxura txarra» hartu diete hura itsasoratzeko lanei.

«Nondik ikusten da ontzia?»

Ainara Arratibel. Zumaia

Ikusmina. Horixe izan zen nagusi atzo Zumaia eta Deba arteko itsaslabarretan. Guztiek ikusi nahi zuten ostegunetik albiste den ontzia: Motxo. Askok, ordea, kostata aurkitu zuten hura ikusteko aukera ematen zuen labarra. «Nondik ikusten da ontzia?», izan zen inguruan zeuden baserrietako eta tabernetako jabeek goiz osoan gehien entzun behar izan zuten galdera. Hura ikusi eta gero, gehienak ezkor ziren. «Itxura txarra du. Zaila izango da hortik ateratzea. Espero dugu erregaiak kalte handirik ez egitea itsasoan», zioten gehienek.

Zerua lainotua egon arren,asko izan ziren tenperatura goxoa aprobetxatuz ontzia ikustera bertaratu zirenak. Bakoitzak bere arrazoia zuen horretarako. Mikel Gonzalez durangarrak argazki kamera zeraman eskuetan. «Lehenbizi mendi osteratxo bat egingo dut, eta ondoren ontzia ikustera joango naiz. Argazkilaritza oso gustuko dut, eta gerturatzen uzten badidate oso irudi politak atera ahal izango ditudala uste dut. Eguraldiak ere laguntzen du horretarako». Ez zen ausartu itsasontziarekin zer gertatuko zen esatera. «Autoan nentorrela irratian entzun dut adituak bilera batean zirela erabakia hartzeko. Beraz, ez da kontu erraza. Dena den, uste dute zaila izango dela, eguraldi txarra iragarri baitute».

Kostaldeko Donejakue bidea egiten ari zen bikote galiziar bat ere inguruan zebilen. «Prestige-kin gertatutako ikusita, hau ez da ezer. Espero dugu administrazioak kudeaketa hobea egitea», azaldu zioten inguruan zebilen beste mendizale bati.

Begoña Sarasua Errenteriatik zetorren, senarrarekin. «Bera Debakoa da, eta maiz etortzen gara inguru honetara ibiltzera. Gaur ohi baino jende gehiago etorri dela nabari da, ontzia ikusi nahi dutelako». Inguruko arrantzale batekin aritu ziren hizketan ontzia ikustera inguratu aurretik, eta, hark esan zienez «ezinezkoa» zen ontzia handik ateratzea. «Entzun diogunean Jaizkibelen orain bi urte Maro ontziarekin gertatutakoa etorri zaigu burura bioi», zioen Sarasuak ontzira begira.

Haur txikiarekin bizkarrean zegoen Aitzol Iriondo. Mutrikun bizita, ez zuen aukera galdu nahi izan ontzia ikusteko. «Ez nuen espero horren okerra egongo zenik. Egia esan itxura txarra du. Ez dut uste aterako dutenik».

Ehiztari batzuek ere, goiza postuan igaro beharrean, ontzia ikuteko aprobetxatu zuten. «Egia esanda, makina bat jendek galdetu digu lekuaren inguruan, eta azkenean etorri egin gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.