Ingurumena

Ezingo dute Garoña desmuntatzen hasi 2018 arte, Enresaren arabera

Zentral nuklearra behin betirako itxiko balute ere, hondakin nuklearren biltegi zentralizatua eraiki arte itxaron beharko luketela jakinarazi du Enresako presidenteak.

2013ko uztailaren 24a
18:54
Entzun

Francisco Gil-Ortega Enresako presidenteak jakinarazi du ezingo dutela Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) desmuntatzen hasi 2018 arte, zentrala itxiko balitz ere, hondakin nuklearrak jasotzeko biltegia eraikitzen ez baitute bukatuko lehenago.

Enresa enpresa publikoa da zentral nuklearrak desmuntatzeaz arduratzen dena, behin zentralak gelditutakoan. "Enresak ezingo du [Garoña] desmuntatzen hasi 2018 arte, itxaron beharko lukeelako zentralizatutako aldi baterako biltegia eraiki arte", adierazi du Gil-Ortegak gaur.

Garoña geldirik dago joan den abendutik, eta ixteko agindua eman zuen Espainiako Gobernuak hil honen hasieran. Dena den, zentralak lanean jarraitzeko aldaketak prestatzen ari dela jakinarazi du gobernuak berak.

Garoña, azkenean, behin betirako itxiko balute, Enresako presidentearen esanetan, hondakin nuklearrak ez lituzkete ez Alemaniara, ez Frantziara bidaliko. Gaur egun Garoñan bertan biltzen dituzte zentralaren hondakin nuklearrak. Villar de Cañasen eraiki nahi dute hondakin nuklear arriskutsu guztiak jasotzeko biltegia, eta 2018rako bukatzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.