ABIADURA HANDIKO TRENA

Ezintasunaren kronika

2005eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Lau kontseilari igaro dira Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailetik 80ko hamarkadan trenbide sare berriaren proiektua abian jarri zenetik. Egitasmoaren kronologia ezintasunaren kronika da. Hona azken hogei urteotan egindako bidea.


Josu Bergara

(EAJ, 1987-1995)

Egitasmoa aurretik egosten ari bazen ere, Bergarak lehendabiziko urrats sendoak egin zituen. Eta nor eta Jose Barrionuevo dago abiapuntuan, orduko Garraio ministro sozialistak 1988ko abenduaren 9an iragarri baitzuen Espainiako Gobernuak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lerro berri batzuei bultzada eman behar ziela. Ondorioa izan zen hortik gutxira proiektuari ekiteko akordioa sinatu zutela Espainiako Gobernuak (PSOEk) eta Eusko Jaurlaritzak: 1989ko otsailaren 27an izan zen; bi erakundeen arteko adostasunik apurrenetakoa izan zen. Garai hartan sailburuak berak adierazi zuen proiektua urtebetean taxutu eta obra zazpi urtean egin behar zela, hots, 1997rako bukatuko zela. Hala ere, prozesua aurki gelditu zen: 1992ko amaieran Kataluniako lerroa hobetsiko zela aitortu zuten Espainiako eta Frantziako gobernuek; 1994ko abenduan, berriz, Gasteiz-Akize lotura Europako Batzordeak onartutakoen artean agertu bazen ere, proiektuaren zailtasunak nabarmendu zituen «Estatuen arteko koordinaziorik eza dela medio». Azken urteetan ekimena belztu duten hodei ilunak agertzen hasi ziren, beraz, Bergararen legealdietan.


Jose Antonio Maturana

(PSE-EE, 1995-1998)


Sailburu sozialista bat Jaurlaritzara heltzeak ez zuen blokeoa hautsi, agian, Maturana Eusko Jaurlaritzan hasi eta hilabete gutxi batzuk geroago PP Espainiako Gobernura ailegatu zelako. Hala ere, Espainiako Gobernuak Euskal Y-aren proiektua prest zeukala esan zuen Jose Maria Aznarrek 1998ko udaberrian. «Antza, Madrilen zerbait mugitzen hasi da», esan zuen orduan Maturanak. Alabaina, Eusko Jaurlaritza bera zen mugitzear zegoena, kontseilari sozialistek urte horretako uztailean utzi baitzuten Gobernua. Egitasmoak, ordea, lehengoan jarraitzen zuen: geldirik.

Alvaro Amann

(EAJ, 1998-2005)


Amannen aroaren hasierak bat egin zuen Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanak etenda geratu ziren garai historikoarekin. Trenbide sare berriak ezinbestean nabaritu zuen, esaterako, Lizarrako Itunak (1998ko iraila) eragindako giroa. Sailburu jeltzaleak proiektua berrikusteari ekin zion, eta urrian «alternatiba berriak» behar zirela aitortu zuen: «Funtsezkoena da merkantzien garraioari irtenbideak ematea». Azaroan Merkataritza Ganberek proposamena bota zuten, eta Eurohiriaren proeiktua (Donostia-Baiona) bihurtu zen argudio nagusi Europari erakusteko AHTk lehentasuna zuela. Horren ondorioz, akaso, beste atal bat zuzendu zuen: obrak Irunen (Gipuzkoa) hasteko asmoa agertu zuen. Jarraian, proiektua begi onez ikusten ez zuten sindikatu nahiz beste ordezkari politiko batzuekin «negoziaketak» izateko gertu zela jakinarazi zuen. Baina operazio hori guztia ez zen nahikoa izan. Aldiz, Amannek denetarik entzun behar izan zuen. «Alvarez Cascos Espainiako sustapen ministroa pozez zoratuta egongo da zurekin! Gai honetan Eusko Jaurlaritza inozoen modura ari dela esango nuke», bota zion Maturanak berak, legebiltzarkidea zelarik, 2000. urteko azaroko osoko bilkura batean. AHTren Aurkako Asanbladak, berriz, Merkataritza Ganberen «txotxongiloa» zela aurpegiratu zion. Sailburuak, baina, obrak hurrengo hilabeteetan hasiko zirela adierazten zuen hedabideetara jotzen zuen bakoitzean. Hemerotekak ez dio mesederik egiten Amanni.


Nuria Lopez de Gereñu

(EAJ, 2005-?)


Lakuan kontseilari berria egotea baino garrantzitsuagoa izan da giro politikoa aldatzen hasi izana. Lopez de Gereñuk badaki: «Euskal Y-ari dagokionez, egoera politikoak ez du lagundu, eta, tamalez, gehiegitan nahastu dira gestio kontuak politikagintzarekin zerikusia zutenekin». Sailburuak tinko eutsi die 2010eko epe-mugari eta akordioa egin beharrari, eta adi jarraitu du PSOE eta EAJren arteko negoziaketa, sare berriaren etorkizunaren giltza Espainiako Kongresuko bulegoren batean gordeta dagoelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.