Ezkabako memoria pizteko erakusketa

Txinparta eta Aranzadi elkarteek gotorlekuan egindako lana aurkeztu dute Antsoaingo Kulturgunean

Iker Tubia.
Iruñea
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Ezkaba memoria zokoratzen duen beste zerbaiterako erabiltzea astakeria galanta litzateke». Koldo Pla Txinpartako kidearen hitzak dira. Are, Lourdes Herrazti Aranzadi elkarteko kideak dioenez, Unescoren irizpideen arabera, gotorlekua ondare negatiboa da, babestu beharrekoa, beraz. Gizartean eztabaida zabaldu nahi dute Txinparta eta Aranzadi elkarteek, eta horretara dator, besteak beste, Antsoainen (Nafarroa) zabaldu duten erakusketa: Lur azpitik, lur-azaleratuz. Izenburuak dioen bezala, lur azpian jaso dutena zabaltzea ere bada agerketaren xedeetako bat.

Bi elkarteek aurki argitaratuko duten liburuaren laburpena dago ikusgai Antsoaingo Kulturgunean. 32 panel prestatu dituzte, eta, haien bidez, Ezkabako espetxeari buruzko informazioa eta Aranzadik egindako lanen emaitza ezagut daiteke. Botilen hilerria da elkarteak egindako aurkikuntza nagusietako bat. Presoen hilotzak han lurperatu zituzten frankistek, baina, gorpuekin batera, hildakoen informazioa biltzen zuten botilak ere sartu zituzten. Hobi horietako baten kopia eta hildakoen familiek utzitako botilak ere jarri dituzte aretoan. Bisitariek mezu bat idatzi, botila batean sartu eta han uzteko eskatu dute antolatzaileek. Berdin eginen dute hilaren 18an, omenaldi batean, Ezkaban orduan.

Lau zatitan banaturik dago erakusketa: lehenbizikoan, Ezkabako espetxeari buruzko xehetasunak eman dituzte. 1935ean bertan, hainbat lagunek salatua zuten hango egoera ez zela egokia, baita Iruñeko Udalak ere. Gero etorri zen 36ko gerra. Aipatzekoak dira orduko kazeta frankistek zabaldutako gezurrak, adibidez, 1938ko ihesa falangistei egotzi zietenekoa. Aurrerago gotorlekua kartzela sendategi izan zela azaltzen dute panelek. Juan Antonio Lanas presoak jarri zuen martxan sendategia, tuberkulosiak gogor jo zuen garaian.

Ondoren, hildakoen gorpuen inguruko xehetasunak ematen ditu erakusketak: botilen hilerria nola aurkitu zuten eta han ziren gorpu guziak nola identifikatu zituzten. Botiletan zegoen informazioa ere ikus daiteke; hildakoaren datuak eta kartzelen arteko ibilbidea. «Orain zehatz dakigu zeintzuk ziren lurperatutakoak eta non dauden», esan du Herraztik.

Ahantzitako emakumeak

Presoei, familiei eta emakumeei zuzendutakoa da hirugarren zatia. Presoak kartzela batetik bestera mugitzen zituzten, kilometro tarte handiko lekualdaketak eginez. Erakusketan, Agustin Raya, Felipe Anguita, Diego Caceres eta Andres Rodriguezek Ezkabara ailegatu arte egin zuten ibilbidea jasotzen da. «Kartzela gertukoa zenean bisitak izaten ziren, baina distantziak zaildu egiten zuen, eta batzuetan presoaren arrastoa galtzen zuten», azaldu du Plak. Hala ere, familia batzuek jarraipen zorrotza egiten zuten.

Emakumeei panel bat eskaini diete. Berezia dela esan du Plak: «Emakumeak beti egon dira hor, baina ahantzi egin dira ikerketetan, omenaldietan...». Amaia Kowasch emakumeek Ezkaban jokatutako rolari buruzko ikerketa bat egiten ari da, eta erakusketan ekarpena egin du. Presoen familiakoak ez izan arren, emakume askok militantziagatik laguntza eman zuten.

Azkenik, «etorkizunerako egitasmoa» azaldu dute. Ezkaban azken urteetan egindako omenaldiak bildu dituzte, baita aitortutako bi memoria gune ere: Auschwitz-Birkenau eta Robben Island. «Ezkabak maila horretan behar du; aitorpena merezi du», gehitu du Plak. Gaur aurkeztuko dute erakusketa jendaurrean, 19:00etan, eta maiatzaren 25era bitarte egonen da zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.