Politika

"Ezker abertzale ofizialaren erasoak" salatu ditu Aralarrek

Sortu zirenetik "ezker abertzale ofizialetik" erasoak jasan dituztela adierazi dute Aralarreko buruzagi eta kideek gaur Donostian egin duten agerraldian, baina hala eta guztiz ere, isilik jasan dituztela. Azken hilabeteetan, ordea, eraso horiek "larriago eta kezkagarriago" bihurtu direla azaldu dute, eta horrek bultzatu dituela jendaurreko salaketa egitera. Eraso larri horien artean bi gertakari kokatu dituzte bereziki: batetik, ETAren 105. 'Zutabe' aldizkarian Patxi Zabaleta koordinatzailearen aurka agertzen ziren aipamenak, eta, bestetik, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Zabaleta bera =i persona non grata =i izendatu izana. Aralarrek erabateko babesa agertu dio Zabaletari. Halaber, erasoek ez dutela beren jokabide politikoa aldaraziko nabarmendu dute.

2005eko ekainaren 4a
17:07
Entzun
Aralarreko 60 bat kidek parte hartu dute Donostiako agerraldian, besteak beste, Julen Madariagak eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-k. Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarrean duten ordezkaria eta Txentxo Jimenez Nafarroako Parlamentuko mintzatu dira guztien izenean.

Agertu dutenez, sortu ziren unetik erasoak jasan dituzte "ezker abertzale ofizialetik". Hitzaldien, mitinen eta egoitzen aurkako erasoak, pintada, pegatina eta kartel iraintzaileak eta militanteen aurkako eraso pertsonalak aipatu dituzte eraso horien artean. Hala ere, orain arte "isilik jasan" dituztela nabarmendu dute: "Aralarrek ezker abertzale ofizialari jasan diona ez dio beste edozei indar politikori jasango, eta gutxiago ezein indar errepresibori", esan dute.

Azken hilabeteetan, ordea, erasoak "larriagoak eta kezkagarriagoak" egin direla iritzi diote Aralarreko kideek, batik bat, Patxi Zabaleta koordinatzailea jomuga izan duten bi: ETAk 'Zutabe' aldizkariaren 105. zenbakian Zabaletaren aurkako aipamenak egin izana, eta, halaber, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Zabaleta bera persona non grata izendatu izana.

"Ezker abertzale ofiziala", ETA zein EPPK eraso horiek egiteko "asmazio baldarretan" oinarritzen dela iritzi dio Aralarrek, eta uste du benetako arrazoia dela talde horiek ez dutela Aralarren existentzia onartzen. Areago, jokabide hori hartzeko "sakoneko arrazoi politikoak" ere badirela uste dute: Aralarren sorrera eragin zuten arrazoi politikoak —"erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, aniztasuna, proiektu guztien errespetua eta bakea"— gizartean eta ezker abertzale ofizialeko sektore zabaletan sendotzen aritzea.

Nolanahi ere, Aralarreko buruzagiek azpimarratu dute eraso horiek ez dutela beren jardun politikoa aldaraziko eta orain arteko ildoari eutsiko diotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.