Elkarlanerako akordioa

Ezker abertzalea, EA, Aralar, AB eta Alternatiba, nazio estrategiarantz

«Eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala» bultzatzeko, akordio bat sinatu dute ezkerreko alderdi abertzaleekEkitaldi jendetsua egin dute Ficoban, Irunen, eta elkarlanerako konpromisoa agertu

Ekitaldi jendetsua egin zuten Irunen, Ficoba erakustazokan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Irun
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriaren «eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala» bultzatzeko, elkar hartuta arituko dira aurrerantzean ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta AB. Orain arte egin dituzten eginahalak sendotu eta eraginkor bihurtu nahi dituzte, eta, horretarako, estrategia bateratu bat adostu dute, bost helburu zehatz eskuratzen saiatzeko, eta beste horrenbeste printzipiotan oinarrituko dira. Elkarlan iraunkorra izateko konpromisoa hartu dute: «Gure borondate politikoaren erakusle, gure engaiamendua adierazi nahi diogu euskal gizarteari, nazio estrategia baterantz, elkarlana eta elkarrizketa bidelagun eta zutabe izanik».

Ekitaldi solemnea egin zuten bost alderdietako kideek atzo Irunen, Ficoba erakustazokan. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez irakurri zuten akordioaren edukiak jasotzen dituen testua, eta gero, bi dantzarik gidatuta, banan-banan sinatu zuten ituna alderdi bakoitzeko bi ordezkarik: ezker abertzaleko Rufi Etxeberriak eta Anita Lopepek, Aralarreko Patxi Zabaletak eta Rebeka Uberak, EAko Pello Urizarrek eta Miren Urrestietak, Alternatibako Oskar Matutek eta Amaia Agirresarobek eta ABko Peio Etxebarri-Aintziartek eta Mertxe Colinak.

Horiez gain, beste berrehun bat lagun ere bildu ziren. Han ziren, esate baterako, ezker abertzaleko Joseba Permach, Jone Goirizelaia, Karmelo Landa, Pernando Barrena, Tasio Erkizia, Eugenio Etxebeste eta Itziar Aizpurua, EAko Ikerne Badiola, Unai Ziarreta eta Maiorga Ramirez, Aralarreko Dani Maeztu, Julen Madariaga eta Txentxo Jimenez, ABko Jakes Borthairu eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano.

Bost alderdiek ontzat jo dituzte «Euskal Herrian gertatu diren aldaketa sakonak eta zabaltzen ari den fase politiko berria». Horri gisa berean erantzuteko asmoz metatuko dituzte indarrak, «gatazka politikoa konpontzeko eta eraikuntza nazionala zein eraldaketa soziala bultzatzeko unea» dela uste baitute. «Herritar eta langileriaren eskubide sozial eta laboralak amaitu nahi dituen krisia» iraultzeko garaia ere iritsi dela uste dute bost alderdiek, eta konbentzituta daude ekarpen egokia egin dezaketela bide horretan.

Hori guztia lortzeko, orain arteko zatiketak gainditu, eta elkarrekin jotzea erabaki dute. Bide horretan, lortu beharreko bost helburu zehaztu dituzte: Euskal Herria Europan nazio burujabea izatea, bakea eta eskubide zibil eta politikoak lortzea, eredu ekonomiko burujabe, bidezko eta ekologikoa lortzea, Euskal Herria eraikitzea eta euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa.

Lan horretan ahaztu ezinezko eta jarraitu beharreko bost printzipio ere jarri dituzte: giza eskubideen errespetua eta erabakitzeko eskubidearena, aniztasun demokratikoa, parekidetasuna, demokrazia printzipioaren defentsa eta internazionalismoa.

Akordioaren testua osorik irakurtzeko, eta aurkezpenaren bideoa ikusteko, bisitatu webgune hau:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.