Ezker abertzalea NaBaira batzeko ahalegina egitearen alde dago Urizar

«Madrilgo trabak desagertuz gero», ezker abertzalea NaBain egoteko jarrera malgua izatearen aldekoa da EA

Erredakzioa
Iruñea
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
EAk eta Aralarrek NaBaira batzeko akordioa egin ostean, NaBaiko beste alderdiei irekia zegoela jakinarazi zuten -Batzarre eta EAJ-, eta «espiritu horrekin» segitu behar dela uste du Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak. Ildo horretan, uste du ahalegina egin behar dela NaBain egon diren indar guztiak berriro egon daitezen, «eta independenteak, eta, Madrilgo trabak desagertuz gero, ezker abertzalea ere» koaliziora gehitzeko ahalegina egitearen aldekoa da Urizar. NaBaiko kide Jose Angel Agirrebengoa EAJren NBBko buruak, berriz, ez du jarrera bera. Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko buruarekin NaBairako lortutako akordioa aurkezteko egindako agerraldian argi esan zuen ezker abertzaleaz pentsatzen zuena: «Ezker abertzalea ez dago NaBain, eta haren zain ere ez gaude». Beste jarrera baten aldekoa da Urizar, atzoko adierazpenei erreparatuta ondoriozta daitekeenez.

EAJ ere NaBain egotearen alde mintzatu zen atzo Urizar. Onda Vascan egindako elkarrizketan esan zuen baikorra dela beste indar bat gehitu izana NaBaira, eta uste du ahalegina egin behar dela ahalik eta zabalenak izateko «nahiz eta zerbait utzi behar izan bidean».

NaBaira gehitu nahi luketenen borondatea malgua izanez gero eta akordioa lortzeko asmoz esertzen diren guztien borondatea malgua izanez gero akordioa lor daitekeela uste du.

Batzarreren argibideak

Batzarrek lehengo larunbatean esan zuen euren lehentasuna NaBain egotea dela, eta jarrera hori ere begi onez ikusi du EAk. Aralarrek eta EAJk, berriz, Batzarre urrun dagoela uste dute. Are gehiago, «Batzarrek koaliziotik aldentzen duen bilakaera ideologikoa izan duela» esan zuen Ramirezek. Batzarre ez dator bat Aralarretik emandako mezuekin. Atzo ohar bidez jakitera eman zuenez, elkarrizketarako prestasun osoa dute, eta 2007ko akordio programatikoetan adostasuna lortzea dute helburu. Nafarroako Ezker Batuarekin joatea baztertua dute jadanik.

Batzarreren ustez, eztabaidan dagoena da «Nafarroako errealitatetik urrun dauden oinarri nazionalista batzuk edukitzea independentistekin lehiatzeko», edo NaBai zabala, irekia izatea, sektore abertzaleez gain, «baskista ez nazionalistak eta ezkertiarrak ere» ordezkatuak senti daitezen.

NaBai ireki, zabal eta batuaren alde egin du Batzarrek, «polemiketatik ihes egiten duena».

Ohar bidez azaldu dutenez, NaBairen erabakigunea Nafarroan egotea nahi lukete. Besteak beste, honako helburu hauek finkatu dituzte: euskararen koofizialtasuna Nafarroa osoan, EAErekin harreman soziopolitikoak estutzea, autogobernua hobetzea, euskal sinboloen aitortza ofiziala, Foru Hobekuntzaren erreforma zabal eta itundua «baskismoa onartu eta barne bilduko duena», eta erreforma hori herri galdeketara eramatea. Hori proposatzeagatik «espainiartasuna besarkatzea» egotzi diote Batzarreri. Ukatu egin du egozten diotena.

Horrez gain, ETAren aurkako jarrera irmoa, estatuaren eskubide urraketen aurkako salaketa irmoa, indarkeria mota guztiak pairatu dituztenei elkartasuna eta bakearen truke ordain politikorik ez izatea ere defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.