Ezker abertzaleak alderdi berriaren oinarriak aurkeztuko ditu bihar

Bide politiko eta demokratikoen alde proiektu berriak izango duen konpromisoa «irmoa eta zalantzarik gabekoa» izango da

Pello Urzelai.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Antolakunde politiko berria osatzeko beste urrats bat egingo du ezker abertzaleak bihar, Iruñean. Ziklo politiko berrian, legezko eragile politiko izateko helburua ezarrita dauka ezker abertzaleak joan den udazken-neguan egindako barne eztabaida prozesutik, eta jasota dago Zutik Euskal Herria adierazpenean. Helburu hori gauzatze aldera, bihar, antolakunde berriaren oinarriak biltzen dituen dokumentu bat aurkeztuko dute Iruñeko hotel batean. Agerraldian berrehundik gora lagunek parte hartuko dute, eta internetetik zuzenean eskainiko dute www.ezkerabertzalea.info webgunetik.

Pauso berri hau eztabaidatu du azken asteetan ezker abertzalearen militantziak, Zutik Euskal Herria adierazpena ekarri zuen prozesuaren antzera. Horren arabera, ezker abertzaleak «proiektu politiko eta organizatibo berri bat» eraikitzearen alde egin du apustua. Proiektu hori egungo errealitate eta baldintzetan jaio arren, «independentzia nazionala eta sozialismoarekin konpromisoa duten gizon eta emakumeen lanabes gisa proiektatuko da etorkizunean».

Proiektu politiko berriaren jarduera gidatuko duten printzipioei dagokienez, antolakunde edo alderdi berriak bide politiko eta demokratikoekin izango duen konpromisoa «irmoa eta zalantzarik gabekoa» izango da, «aldagai taktiko edo faktore koiunturaletatik kanpo». BERRIA-k jakin ahal izan duenez, larunbat honetan aurkeztuko den dokumentuak aipatutako konpromisoa argi adierazten duten berritasunak izango ditu.

Ildo beretik, antolakunde berriaren oinarrietan, jardun politikoaren tresnak zehaztuko dira: mobilizazioa eta herri atxikimendua, desobedientzia zibila, ideien borroka eta parte-hartze politiko-instituzionala. Soilik tresna horien erabileraren aldeko apustua jasoko da.

Indar metatzearen alde

Proiektu politiko eta organizatibo berriari buruzko oinarrietan, indar subiranista, independentista eta aurrerakoien indar metatze prozesu baten aldeko apustua agertuko da, «egungo indar erlazioa aldatzeko ilusioarekin».

Halaber, besteak beste, «barne eztabaidarako eta erabaki organoen burujabetza» jasoko da oinarrien artean. Ildo politikoa «interferentziarik gabe, menpekotasunik gabe eta baldintzarik gabe eta autonomia osoarekin» zehazteko gaitasuna izango duen antolakundea aldarrikatuko dute.

Antolakunde berri eta legezko baten beharra ezker abertzaleak iazko azaroan abiatu zuen barne eztabaidan agertu zen. Prozesu horren amaierako Zutik Euskal Herria agirian: «Etorkizunean Ezker Abertzaleak eremu politiko eta instituzionalean eta, jakina, gatazkaren konponbiderako akordio politiko erabakigarria lortzeko alderdien mahaian ordezkaturik izateko, eragile politiko legal baten beharra izango du». Harrez geroztik, ezker abertzalea lanean aritu da proiektu hori gauzatzen, joan den hilabetean Niko Moreno Elorrioko alkateak aitortu zuenez. Oinarriak aurkeztu ondoren, antolakunde berriaren eratze prozesua eta legeztatze prozesua zehaztu beharko ditu ezker abertzaleak.



Lanabeseta erreferentzia politikoa

Antolakunde berriaren apustua Zutik Euskal Herria izenburuko prozesutik dator eta aipatu da prozesuko dokumentuetan. Batetik, Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko eztabaida txostenean. Bestetik, eztabaida prozesuaren amaieran kaleratutako Zutik Euskal Herria izenburuko adierazpenean:

EZTABAIDA TXOSTENA

Ezker abertzalearen berregituraketa: «Askapen prozesuaren fase honetan ere Ezker Abertzaleari dagokio motor papera jokatzea. Ezker abertzalea da prozesu demokratikoaren garapenerako eta norabide egokirako berme bakarra. Garbi izan behar dugu beraz, ezker abertzaleari dagokiola prozesu demokratikoaren lidergoa bai termino politikoetan bai eta termino instituzional eta sozialetan ere.

Bada, zeregin horri erantzun ahal izateko bere burua berregituratu behar du Ezker Abertzaleak. Zer esanik ez, horretarako, antolaketa ereduaren gaineko hausnarketa orokorra eta aurre-iritzirik gabea bideratu beharko duela. Edonola ere, berregituraketa horretan, herritar batasunaren berrindartzea funtsezko zeregina da.

Herritar Batasunak, ezkerreko independentista guztien etxea behar du. Borroka instituzionalean eta masa borrokan eragile nagusia dugu. Gaur egungo fase politikoan akordio politikoa lortzeko Ezker Abertzalearen ordezkari nagusia da eta herri borondatetik jaiotako boterea kudeatzeko bokazioa behar du izan, hauteskunde lehian -bera bakarrik edo beste batzuekin koalizioan- arituko dena. Ezkerreko mugimendu independentistaren proiektu politikoa garatzeko lanabes nagusia dugu Herritar Batasuna. Izan ere, proiektu politiko propioa dugu, askapen prozesuaren fase ezberdinetan zehaztu eta gauzatzen saiatu behar duguna. Jakina, egoera aldatu ahala, Herritar Batasunak legeztatzeko helburua izan behar du.

'Apustua gauzatzeko urratsak' atalean: «Ezker Abertzalearen berrosatzea. Premiazko gaia da. Ezker Abertzaleak motorra izan behar duela badiogu, ez du zentzurik bere egoerari eta etorkizuneko ereduari ez erreparatzeak, gaurdanik. Lanean hasi beharra dago. Herritar Batasuna izango da Ezker Abertzalearen lanabes politiko nagusia estrategiaren hezurdura osatzeko eta aurrera egiteko».

ZUTIK EUSKAL HERRIA

Adierazpenaren amaiera:«Apustu politiko honetan aurrera egiteko, etorkizunean Ezker Abertzaleak eremu politiko eta instituzionalean eta, jakina, gatazkaren konponbiderako akordio politiko erabakigarria lortzeko alderdien mahaian ordezkaturik izateko, eragile politiko legal baten beharra izango du. Beraz, prozesu demokratikoan garatu beharreko jardun politiko, mobilizatzaile, ideologiko eta instituzionalean aritzeko berau izango da independentista eta sozialista guztien erreferentzia Euskal Herri osoan, dena dela hartzen duen izena eta egitura legala». Agiri hau2010eko otsailean kaleratu zuen ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.