«Ezker abertzaleak beti aitortu ditu biktimak, estatuak inoiz ere ez»

Txelui Morenok dio Espainiak biktimen inguruan hausnartzen eta pausoak ematen hasi behar duela

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko Txelui Morenok adierazi duenez, «ezker abertzaleak beti aitortu ditu biktimak; estatuak, berriz, inoiz ez». Azken asteetan, zenbait alderdik ezker abertzaleari eskatu diote biktimen gaiaren inguruan «jarrera zehatza» agertzeko. Morenoren arabera, ordea, ezker abertzalearen jarrera argia da, eta Espainia da biktimak sekula aitortu ez dituena, «ez GALenak, ez Batallon Vasco Españolenak, ezta polizia etxeetan eta kartzeletan hil direnak ere». Infozazpi irratiari atzo eskainitako elkarrizketa batean, Morenok esan zuen Espainia bera dela biktimei buruz hausnartu behar duena: «Pausoak ematen hasi behar dute».

Espainiako Gobernuak pauso horiek emateko borondaterik ez duela uste du, ordea, Morenok; azaldu duenez, borondaterik ezaren erakusle da Espetxe Erakundeek Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideen eskaerak ez onartu izana. Ezker abertzaleko bozeramailearen iritziz, PP buru duen Espainiako Gobernuak orain arteko «blokeo eta ukapen» jarrerarekin segitu nahiko du aurrerantzean ere. Halere, Morenok uste du jarrera horrekin ezingo duela luzaro jarraitu, euskal gizarteak jarrera aldaraziko diola ziur baitago: «Aldaketa aukera bakarra euskal gizartea bera da; eta herritarrek dagoeneko eman dute euren nahiaren berri».

Xabier Mikel Errekondo Espainiako Kongresuko Amaiurren bozeramailea ETBn mintzatu zen biktimen gaiaren inguruan. Errekondoren ustez, urte luzez eragin duten min pertsonal eta kolektiboa onartu behar dute alde guztiek, «bai Estatuak, bai ETAk». Norabide horretan, gatazka konpontzeko «egiaren batzorde bat» eratzearen alde agertu da Amaiurreko bozeramailea. Batzordearen zeregina urteetan gertatu den guztiaren kontakizun «osoa» egitea litzateke, eta biktima guztien aitorpena lortzea. «Aurrera egiteko lehen urratsa egia osoa jakitea da. Memoria %100ean landu behar da». Errekondok adierazi duenez, alde bakoitzak bere buruari begiratu beharrean, beste aldeko biktimei errespetuz begiratzen hasi behar du. «Gizarteak ere biktima guztiei berdin begiratu behar die».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.