Ezker abertzaleak esan du «lekuz kanpo» dagoela Agurainen izandako erasoa

Ohar batean, adierazi du Lanbideren egoitzaren aurkako ekintza ez dela «bateragarria» bere estrategiarekin

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak Agurainen (Araba) duen egoitzari eraso egin zioten astelehen goizaldean, gasolinaz bustitako petardo bat jaurtita. EuskoJaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, eztandak ez zuen kalte handirik eragin. Ezker abertzaleak erasoaren aurkako hitzak izan ditu, ohar baten bidez. Agurainen gertatutakoa eta antzekoak «lekuz kanpo» daudela esan du. Halaber, horrelako gertaerak bere estrategiarekin «bateraezinak» direla azpimarratu du, eta indar metaketa oztopatzen dutela.

Ildo horretan, ezker abertzaleak adierazi du «indar metaketa eta aktibazio soziala» ezinbestekoak direla egungo krisialdi ekonomiko larrian, «langileriak sekulako eskubide murrizketa iraunkorra pairatzen ari delako». Horrela, azpimarratu du hilaren 29rako deitutako greba orokorrari «erantzun masibo eta sendoa» emateko aukera paregabea dela.

Ezker abertzaleak prentsa oharra kaleratu aurretik, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ekintza salatzeko eskatu zion hari. Erasoa «argi eta irmo» gaitzesteko galdegin zion ezker abertzaleari, eta bereziki, «Batasuneko buruzagi izandakoei». Lanbideko egoitzaren aurkakoa «kale borroka» ekintza bat izan dela baieztatu du Herrizaingo sailburuak. Zehazki, azpimarratu du erasoaren «modus operandi-a» kale eraso ekintzetan erabili ohi dena izan dela. «Lehergailua prestatu egin behar da, eta garrantzitsuena da mundu guztiak gaitzestea», gaineratu du. Aresek esan du inoiz baino kale eraso gutxiago daudela, eta horietako batzuek ez dutela zerikusirik «Batasunaren munduak» antolatzen zituenekin, lan aldarrikapenekin baizik. Hala eta guztiz ere, «erasoa larria» dela uste du, eta salaketa garbia behar duela.

Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela jakinarazi du Aresek, eta erasotzaileak identifikatzen saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.