Ezker abertzaleak ez du parte hartuko «bazterketa oinarri duten taldeetan»

Legebiltzarrak bakerako sortuko duen taldearen osaera salatu, eta konponbidean ez duela laguntzen ohartarazi du

Eusko Legebiltzarreko herenegungo bozketaren emaitza. JUANAN RUIZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea liskarrak eragiten ari da, abiatu ere egin aurretik. Batzuek uste dute ezker abertzalea bazterrean uzten duen talde batek ezin duela bake eta elkarbizitzan lagundu. Besteek diote ezker abertzalearen parte hartzerik gabe ere zilegi dela. Alde bakoitzak bere ikuspegia du, baita alderdien barruan ere. Horren erakusle, Aralarren eragin duen haustura.

Ezker abertzalea argi mintzatu da: lantaldea sorreratik «baztertzailea» dela dio, eragile guztiek baldintza berberetan parte hartzea baztertzen duelako eta «irabazleen eta galtzaileen kontakizuna egitea nahi duelako». Horrek ez dio inolako ekarpenik egiten ez bakeari ez elkarbizitzari, ezker abertzalearen esanetan, eta gizarteko gehienek zein nazioarteko komunitateak eskatzen dutenari kasu egiteko eskatu du: «Elkarrizketa bermatzailearen bidetik» soilik lortuko direla bakea eta elkarbizitza.

Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak adierazi dute ezker abertzaleak berak «berdintasunean oinarrituta eta bermeekin» egiten den edozein forotan parte hartuko duela. «Baina Eusko Legebiltzarrekoa ez da sortu oinarri horien gainean», ohartarazi du Ugarteburuk; «baztertzailea» da oinarrian: «Lehen mailako parte hartzaileak eta bigarren mailako gonbidatuak ditu; ez dio ekarpenik egiten bakegintzari; ezin da bake eta normalizaziorako oinarri izan». Hortaz, Barrenak esan du «berdintasunean oinarrituta eratuko diren foroetan» soilik egongo direla.

Bilboko Carlton hotelean eman dituzte azalpenak Ugarteburuk eta Barrenak, egungo egoerari buruzko azterketa egiteko agerraldian. Hotel berean erantzun dio PSE-EEk ezker abertzaleari, geroxeago: «Ez balute horrenbeste denbora emango demokraziara etortzeko, lantaldean egongo lirateke seguru asko». Ezker abertzalea lantaldetik kanpo utzi izanari garrantzia kendu dio PSE-EEk, Jose Antonio Pastor bozeramailearen ahotik: «Irekia» dela errepikatu du, eta «guztiak barnebiltzeko nahia» dutela. «Baina legebiltzarreko lantaldeak legebiltzarkideek osatzen dituzte», esan du. Hurrengo legealdian «seguru asko» legebiltzarrean «izen batekin edo bestearekin» egongo direla adierazi du; orduan parte hartuko dutela lantaldean. «Ez dugu zertan inoren zain egon; uste dut gu has gaitezkeela».

Lantaldearen sorrerak jasotako babes «historikoagatik» pozarren agertu, eta Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak egindako lana goratu du.

Konfiantza galera Aralarren

Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralarreko legebiltzarkideek alderdiaren aginduari muzin egin eta lantaldearen alde bozkatu izanak, ordea, haustura eragin du Aralarren. Zuzendaritzak karguak alderdiaren esku uzteko eskatu die hirurei. Aralarren irizpideari jarraituta lantaldearen aurka bozkatu zuen Dani Maeztu legebiltzarkideak. Hark azaldu duenez, «konfiantzak porrot egin du» liskarraren ondorioz. Hala ere, uste du hiru alderdikideek karguak Aralarren esku utziko dituztela eta ondoren auzia konponduko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.