Ezker abertzaleak hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Yolanda Barcinari

UPNk Nafarroako gehiengo sozialaren aurka gobernatzen duela salatu du Maitane Intxaurragak

Naiara Elola.
Iruñea
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernua —Yolanda Barcina buru da—«bakarrik» gelditzen ari dela ohartarazi du Maitane Intxaurraga ezker abertzaleko kideak. Dioenez, UPN, Barcinaren alderdia, gizarteari «bizkar» emanda bizi da, eta gehiengo sozial eta politikoaren «aurka» ari da gobernatzen. Hala, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin bezala hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Barcinari.

Izan ere, Intxaurragaren irudiko, «agerikoa da gehiengo berrien eraketa». Alde horretatik, «saihetsezina» iruditzen zaio herritarren nahia «benetan» ordezkatzeko beharra. Gainera argi eta garbi utzi du Nafarroako Gobernuak krisi ekonomikoari aurre egiteko hartutako neurriak ez direla eraginkorrak. Alor horretan, ezkerreko indarren «erantzukizunari» egin dio erreferentzia Intxaurragak: «Ezkerreko indarrok erantzukizun handia dugu injustizia sozial eta ekonomikoan oinarritzen den egoera honi buelta emateko eta krisi sistemiko honetatik ateratzeko bide eraginkorrak aurkitzeko».

Barcinaren dimisioa eskatzearekin batera, ezker abertzaleak Nafarroako Gobernuaren politika «okerrera» egiten ari dela jakinarazi du. Izan ere, Intxaurragaren arabera, Nafarroako Gobernuak, PSNren babesaren bitartez hasieran eta UPNk bakarrik gobernua hautsi ostean, murrizketa politika «arriskutsua» jarri du martxan. «Murrizketa politikak aplikatuz, langabezia inoiz ikusi gabeko kopuruetara igo da, herrialdearen bideragarritasun ekonomikoa ezbaian jartzea lortu arte».

Egoera horri buelta emateko, aldaketa sozial eta politikoaren premia dago, Intxaurragaren iritziz. Hala, gaitzetsi egin du gobernuak uda garaia administrazioko langileen erosteko ahalmena «larriki gutxitzen» dituen neurriak hartzeko baliatu izana hausnartu eta bidea zuzentzeko probestu beharrean.

Bestalde, osasun alorrari dagokionez, egoera «irregularrean» dauden etorkinei osasun laguntza ukatzen dien murrizketa «onartezina» salatu du Intxaurragak. Mariano Raxoiren gobernuak esandakoari Barcinarenak jaramon egiten diolakoan dago. Are gehiago, jakinarazi du UPN dela PPren politika babesten duen aliatu bakarra.

Egoera horri aurre egin eta egungo krisi ekonomikotik irten ahal izateko Nafarroak «demokrazia» behar duela aldarrikatu du ezker abertzaleak, batez ere, langileen onerako izango den politika ekonomiko eta sozialak abian jartzeko. Hain justu, horretan jarri nahi du lanean buru-belarri ezker abertzaleak, «Nafarroaren aldaketa sozial eta politikoaren alde borroka egiten dutenekin bat egiteko».

Beraz, ezker abertzalearentzat «ataka estu» horretatik irten ahal izateko ezinbestekoa da, alde batetik, Nafarroan hauteskundeak aurreratzea, eta bestetik, gizartea mobilizatzea. Hala, irailaren 26an greba orokorrean parte hartzeko deia egin du, krisi ekonomikoa «aitzakiatzat» hartuta egin diren murrizketen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.