Ezker abertzaleak oso larritzat jo du «epaiketa politikoak» egiten jarraitzea

'D3M-Askatasuna auzia' ilegalizazio politiken «luzapena» dela esan, eta sostengua eman diete auzipetuei

Maribi Ugarteburu auzipetuekin batera, atzoko prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen ustez, «oso larria» da ETAk armak utzi ostean irekitako aro berrian euskal herritarren kontrako «epaiketa politikoak» egiten jarraitzea. D3M plataforma eta Askatasuna alderdia sustatzeagatik auzipetutako hamabi pertsonarekin batera agertu da Maribi Ugarteburu, eta sostengua eman die ezker abertzalearen izenean.

D3M plataforma ETAren aginduz sortu izana eta erakunde armatuko kide izatea leporatzen die fiskalak bederatzi herritarri, eta beste lauri, berriz, ETAren aginduz Askatasuna alderdia sortuz erakunde armatua lagundu izana.Baltasar Garzon epaileak abiarazi zuen auzia, 2009ko urtarrilean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin baino bi hilabete goizago. Bederatzi eta zazpi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskalak.

Hortaz, hamahiru dira auzipetutako herritarrak, eta, Aitor Liguerzana kenduta, beste guztiak agerraldian izan dira. 2009ko azaroan Espainiako Poliziak egindako sarekada batean atxilotu zuten Liguerzana Gasteizen, baita kartzelatu ere: Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko kide izatea eta «talde armatuan integratzea» egotzi zion. Ekitaldian parte hartu dutenek «agur bero bat» bidali diote gazte arabarrari.

Eskaintza politikoa, «delitu»

D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketa apirilaren 30ean hasiko da. Bada, Ugarteburuk adierazi duenez, auzian «euskal jendarteari eskaintza politiko bat egin izana» epaituko da.

Apirilean hasiko den epaiketa «ilegalizazio politikaren luzapena» da ezker abertzaleko kidearentzat. Politika hori «antzua» delagaineratu du Ugarteburuk, eta euskal gizartearen aurrean «porrot» egin duela. Espainiako Estatuak azken hamarkadan jarraitutako ildoan «beste kapitulu bat» dakar epaiketak, bozeramaile independentistaren esanetan. Hortaz, Euskal Herrian ireki den egoera berria ikusirik, Madrilgo gobernuak «blokeo estrategiarekin erantzuten» jarraitzen duela ondorioztatu du Ugarteburuk: «Eutsi egiten diete immobilismoari eta errepresio errezeta zaharkituei, jarduera politikoen kontrako jazarpen polizial eta judizialari ekinez».

Horren ordez, ezker abertzaleak «jarrera eraikitzailea har dezan» eskatu dio Espainiako Estatuari, gatazka politikoa konpontzeko aukera «historikoa» baita. Euskal Herrian «gehiengo sozial eta politikoak» eskaera hori partekatzen du, Ugartebururen irudiko. Jarrera horren erakusgarri litzateke «salbuespenezko politikak behin betiko baztertzea»; hau da, «ilegalizazioen zikloa eta jarduera politikoen kontrako jazarpenaren zikloa ixtea behingoz».

Ezker abertzalearen bozeramaileak ohartarazi duenez, Euskal Herrian «PP bakarrik gelditu da», gaur egun, soilik eskuineko alderdiak defendatzen baitu«immobilismo estrategia». Alta, «baikor» agertu da Ugarteburu etorkizun hurbilera begira: «Herritarren mobilizazioa pitzatzen ari da PPren blokeo estrategia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.